Noiz dira Sanferminak?
Sanfermin festak uztailaren 6tik 14ra bitarte ospatzen
dira Nafarroako hiriburuan bertan. Uztailaren 6an
txupinazoa jaurtitzen
da Udal plazako balkoitik eta ordutik aitzina 9
eguneko parranda giroan murgiltzen da Iruñea
osoa. Hilaren 14an gaueko 24:00etan ospatzen den
Pobre de mí
ekitaldiarekin amaiera ematen zaie festei.
Eta entzierroak
noiz izaten dira? Inon eman behar al da izena parte
hartu ahal izateko?
Uztailaren 6an ez dago entzierrorik, lasterketak
San Fermin egunean bertan, uztailaren 7an, hasten
dira. Uztailaren 14ra bitarte egunero izaten dira
goizeko 8:00etatik aurrera. Ez da inon izena eman
behar. Parte hartu ahal izateko ibilbidean
garaiz sartu beharra dago, ordubete lehenago edo,
eta kontu handiz ibili inori bidea ez oztopatzeko
eta zezenen aurrean ahalik eta finen korritzeko.
Ibilbidea ezagutzea
ez legoke gaizki eta horrela zein alderditan korritu
nahi dugun jakinen dugu. Begirada bat ematen ahal
diozue gure orriaren barrenean ageri den korrikatzeari
buruzko atalari.
Eta zezenketarako
txartelak nola lortu
daitezke?
Egia erran, ez da lan erraza horietakorik harrapatzea,
izan ere txartel gehientsuenak abonuen bidez banatuta
baitaude aldez aurretik. Batenbat eskuratzeko takiletara
joan behar da aurreko egunean, arratsaldeko 20,30ak
inguruan (uztailaren 7ko zezenketarako 6an eskuratzen
ahal dira, goizeko 10etatik 14,00etara), orduan
jartzen baitituzte salmentan hurrengo zezenketaren
txartelen %10a. Ordu horretan jada sekulako ilarak
izaten dira eta kasu gehienetan, gainera, birsalmentan
aritzen direnek hartzen dituzte lekurik onenak;
gerora prezio askoz ere garestiagotan salduko dituzte
eskuratutako txartel horiek. Oso litekeena da haiekin
negoziatu behar izatea sarreraren bat lortu ahal
izateko. Kasu eman erabiltzen dituzten trikimailuak
ugariak izaten baitira.
Eta egitarau ofiziala noiz ematen da ezagutzera?
Iruñeko Udala da egitarau ofiziala argitaratzeaz
arduratzen dena eta normalean bizpahiru aste lehenago
aurkezten du jendartera. Kukuxumusun
adi egoten gara atera bezain pronto gure web orrian
sartzen. Dena dela, aurreko urteetako egitarauei
begiradatxo bat ematen badiezue laster jabetuko
zarete gauza askotxo berdin berdin mantentzen direla.
Musika emanaldi edota ikuskizun bereziren bat izaten
dira urteroko berritasunak.
Non eskuratu daitezke San Fermin lehiaketa eta Zezen
Feriako aurtengo kartelak?
Egitarau ofizialarekin batera, Iruñeko Udalak
San Fermin lehiaketako txartela salgai jartzen du
urtero kiosko eta liburudendetan, baita Turismo Bulegoan ere.
Yoar enpresa banatzaileak ere bidaltzen du jasotzean ordaintzeko 948 30 22 39 telefonora deituta edo 948 30 27 08 zenbakira faxa bidalita.
Zezen Feriaren
txartelaz, berriz, Misericordia etxea arduratzen
da eta Vuelta del Castilloren 1goan duen egoitzan
edota Sarasate pasealekuan urtero jartzen den tonbolan
ere eros daiteke.
Sanferminetara lehenengoz datorren lagunak
festetako zer ekitaldi ez luke galdu beharko?
Gauza aunitz dago ikusteko eta zaila da erratea
zein izan daitekeen ikusteko modukoa eta zein ez,
baina badira gure aburuz hagitz interesgarriak izan
daitezkeen batzuk. Nonbaitetik hastekotan txupinazotik
hasiko gara, izan ere hauxe baita Iruñeko
jendea hainbat hilabetez irrika bizian itxaroten
duen unea; Udal plazako balkoian pizten den suziriarekin
hastapena ematen zaie festei. Ondoren gogora ekarriko
dizugun hau apika ezagunagoa eginen zaizu eta ziurrenik
noizbaiten zeozer entzunen zenuela: entzierroa.
Iruñeko alde zaharreko karrikatik egunero
izaten da zezenen aurrean lasterraldia, benetan
hunkigarria da. Ez ahaztu gero Iruñeko karriketan
barna egunero ibiltzen den erraldoi eta kilikien
konpartsa; ikuskizun
paregabea da, bereziki haurrentzat.
Arratsaldeetan, berriz, zezenketak
izaten dira nagusi; Iruñean nahiko modu berezian
egiten dira eta festetako ekitaldi aipagarrienetako
bat dira, dudarik gabe. Peñak
izaten dira arratsalde-iluntze parteko protagonistak,
euren musika bandekin alde zaharreko karrikak girotzen
dituztelarik. Zezenketaren ostean karrikadantzan
irteten dira hiriaren erdigunera. Festei amaiera
ematen dien ekitaldia, Pobre
de mi ikuskizuna, deprimente samarra da batzuentzat
eta galdu ezinekoa bertzeentzat. Hala eta guztiz
ere, geroz eta jende gehiago saiatzen da jaiaren
azkenengo minutuak probesten eta festa giroan ibiltzen
dira 15eko goizalderarte. Goizeko 8:00etan villavesaren
edota edozein ibilgailuaren aurrean korritzea tokatuko
da.