Hiri
askok dituzte erraldoiak, baina Iruñekoak
bezalakorik ez dago, eta ez gara txaubinistak,
bai zera, ez, ez. Zortzi pertsonaia dira,
zortzi errege-erregina, gaitzak (launa
metrokoak). "Munduko lau parteak"
irudikatzen dituzte: Europa, Afrika, Asia
eta Amerika (Ozeania ez omen zuten ezagutzen).
Gaurko erraldoiok ez dira oso zaharrak
(1860), baina oso tradizio
zahar baten segimentu dira.
Erraldoiez
gain bost buruhandiko gorte bat izaten
dute bidelagun: alkatea, kontzejala, amona
eta japones parea. Eta gainera sei kiliki:
Barbas, Patata, Verrugón, Coleta,
Caravinagre eta Napoleón; hauek
halako konpainia antidisturbio umeentzakoa
osatzen dute eta gezurrezko zartailu batzuekin
(puxikak) ume zanpatzen aritzen dira.
Kilikiok belaunez belaun kikildu dituzte,
gaituzte Iruñeko umeak. Segizioa osatzeko, seis zaldiko daude, erdi gizaki erdi zaldi, haiek ere ume jotzen zaleak.
ZER EGITEN DUTEN
Ahuku honek "konpartsa" du
izena eta egunean hainbat ordu diferentetan
topatuko duzu kalean, ehunka ume, guraso, aiton-amona
eta oro har jende inguruan dituela, gaita-musikaren
konpasera dantzan. Erraldoiek dantza egitea
dute berezko eta aurreneko lana: baltsak, polkak,
jotak, lau metro beteko gorputz haundiokin,
ikusgarria da.
Konpartsa egunero ateratzen da eta bide jakin
bat egiten, Iruñeko egunkarietan eta
programa ofizialean azaltzen dena. Horrez gain,
festako ospakizun inportante guztietan hartzen
du parte: prozesioa, txupinazoa eta riau-riaua.
ERRALDOIAK ETA UMEAK
Erraldoiak ume-kontu
omen dira; baina bai, bai, bai zera,
ume kontu: denok gara ume, nahiz gurea
oso barren enterratuta eduki. Iruñar
guztiok daukagu geure fotografitxoa,
hankagorri bat ginela, erraldoi edo
kiliki baten ondoan, jeneralean beldurrez
negar-garrasika. Erraldoien konpartsa
bezalako tokirik ez dago kanpora ekartzeko
segur aski erdi zerrendua daukazun inozentzia
hura.
ERRALDOIEN
AGURRA
Gomendatzen
dizugu batez ere erraldoien despedida
ez galtzea: uztailaren 14an izaten da,
arratsaldeko 2,30etan. Milaka ume juntatzen
dira autobus geltokian erraldoiei urtebeteko
despedida ematera (erraldoiak ez dira
ateratzen gainerako urtean, non ez den
atzerrira biaje bat egiteko edo zita izugarri
inportante batengatik).