HISTORIA
Sanfermines, 204 horas
de fiesta gidatik hartua
Suziria nahiko ospakizun berria da Sanferminen mendetako
historian. 1591tik, Sanfermin jaiak uztailera pasatu ziren
urte hartatik, 1901. urtera jaien lehen mugarria Udalbatzak
San Lorentzorenparrokiaraino egiten zuen ibilaldia izaten
zen, mazolari, erraldoi, musikari eta dantzariek eta, oro
har, jendeak lagundurik, bertan Santuaren Bezperetako elizkizunean
parte hartzeko. Mende honetan hartu zen uztailaren 6aren
eguerdian Gazteluko Plazatik suziri batzuk jaurtitzeko ohitura.
Ekintza xume honek pixkanaka-pixkanaka jendea erakarri du.
Hogeita hamarreko hamarkadan, iruindar peto-petoa zen batek
piroteknikako langileari lehenbiziko suziria botatzen uzteko
eskatu zion. Horrela, bada, 1939. urtean Joaquín
Ilundain iruindarrak bota zuen estreinakoz eta hurrengo
urtean berriro egin zuen, lehen alkateordea zela. 1941.
urtean, Jose Garran Mosso alkate zela, Ilundainek lehen
suziria udaletxeko balkoitik jaurtitzeko proposamena egin
zion Udalari. Eta horrelaxe ezarri zen berehala jaietako
irudi unibertsalenetako bat -zezenen entzierroekin batera-
izan zen ohitura. Iruñean kohetea botatzeari ez zaio
inoiz utzi, ezta gaur egungo udaletxea eraikitzeko lanetan
ari zirenean ere, orduan, Argentinako Errepublika plazan
(gaur egungo Vínculo Plaza) zegoen Musika eta Arte
eta Lanbide Eskoletan behin-behinean jarritako udaletxetik
jaurti zuten eta.
Suziria pizteko eginkizuna -edozein iruindarrentzat ohoretsua-
beti egokitu zaie udaletxearekin loturiko lagunei, garai
batean Informazio eta Turismo Ministroa zen Manuel Fraga
Iribarneren kasua salbu (1964). Gerora bertzelako lagun
batzuk ere aukera izan dute Txupinazoa jaurtitzeko, batik
bat kirol munduarekin zerikusia duten hainbat lagun.
Alkateak du suziria jaurtitzeko pertsona izendatzeko ahalmena.
1979. urtean, Udalbatza demokratikoa zen lehen aldian, Julian
Balduz Calvo alkateak irizpide hau ezarri zuen: suziria
urte bakoitzean udal talde politiko bati ematea, ordezkaritza
handiagotik txikiagorako hurrenkeran, zikloa lau urtero
berrituz, aginte aldaketa bezala. Ohitura horrek gaur egun
arte dirau. Anekdota gisa aipa daiteke 1991. urtean Alfredo
Jaime Irujo alkateak Jose Maria Perez Salazarrekin batera
piztu zuela suziria, azken honek orain hilik dagoen Joaquin
Ilundainekin bultzatu baitzuen suziria udaletxera lekualdatzeko
ekimena, berrogeita hamar urte lehenago, hain zuzen.
Egia errateko, ez omen
dago oso garbi oraindik ere zein izan zen txupinazoa jaurti
zuen lehena. Javier Alonso gure lagunak kontatu digunaren
arabera, bera eta bere zenbait lagun primeran gogoratzen
dira Etxepare izeneko iruindar errepublikazale bat izan
zela suziria bota zuen lehena; 1931tik, Errepublika ezarri
zen urtetik, 1936ra bitarte. Lekukoak izan ziren eta Etxepareren
janzkera nolakoa zen gogoratzen dute; "orduko modara
joaten zen, pajarita eta lastozko kapela batekin".
Antza denez ez omen zen jende aunitz biltzen. Gerora, Larrión
eta Pimoulier gure lagunen liburuan agertzen den moduan,
Ilundain eta Pérez Salazar izan ziren suziria bota
zuten hurrengoak.
TXUPINAZOAREN JAURTITZAILEAK
© Larrión y Pimoulier Editores |