Uztailak 9, ostirala
_IRUŅEA, Sanferminak 1999.
Elkarrizketa: Graeme Galloway
Untitled-1.GIF (41 bytes) Giri berezia

Atzerritarra izan arren ederki ongi ezagutzen ditu Iruņeko Sanferminak; 23 urte inguru daramazki Iruņeko festetan parte hartzen eta urtero, lehenengo aldia izanen bailitz, azkeneraino gozatzeko asmotan etortzen da. Izen bitxi samarra duen atzerriko peņa baten partaide ere bada "Txocos Gutter Club" izenekoa (Txocoko estolda kluba) eta Sanferminen inguruko web orri bat (http://users.powernet.co.uk/pamplona) eta Kukuxumusuko Estafetako dendan eskuragai izanen den "No Bullshit" aldizkariko bultzatzailea da.

- Nongoa zara?

- Eskozia aldeko Aberdeen hirikoa naiz, baina Londresen lan egiten dut.

- Noiztik etortzen zara Iruņera Sanferminetan parte hartzera?

- Lehenengo aldiz 1976an etorri nintzen, 18 urte nituela. Orduz geroztik urtero itzuli izan naiz, ezkondu ondorengo lau urteak kenduta; Iruņearik gabe bizi ahal izanen nuela uste nuenean. Baina oker nengoen, egun nere lehenengo emaztea utzi eta Iruņearekin bizi naiz.

- Noiz etorri zinen lehenengo aldiz Sanferminetara eta zergatik?, aldez aurretik festen inguruko zeozer entzun ala irakurri al zenuen nonbaiten edo besterik gabe hurbildu zinen?

- 70. hamarkadaren haseran festen inguruko irudi batzuk ikusi nituen telebistan eta Mitchener idazlearen "The Drifters" liburua eta Ernest Hemingwayren "Fiesta" lana "The Sun Also Rises" irakurri ditut. Erabakia hartu nuen orduan, behin besterik ez bazen ere, entzierroa korrikatu behar nuela! Orduan ez nuen ezagutzen, ordea, entzierroak sortu ohi duen adikzio eta lehenengo aldi horren atzetik hainbat eta hainbat etorriko zirela. Azkenengo 20 urteetan 50 alditik gora korrikatu dut Iruņeko entzierroan. Duela zenbait urte korrika egiten ez duda, arrazoi ezberdinak direla medio: a) Parranda ederrak egin izan ditut b) 12 urteren ondoren haserako emozioa galdu egin zen. Halere, aurten 40 urte bete ditut eta oraindik ere futbolean jokatzen dut... 24 gol sartu ditut denboraldi honetan (nahiko talde kaxkarren kontra, egia errateko) eta, beraz, aurten berriro ere entzierroan parte hartu beharko nukeela uste dut.

- Atzerri aldeko zenbait aldizkariek Iruņea lege gabeko hiri gisa aurkezten dute euren iragarkitan, edozein gauza egin daitekeen hiria...etb. Zer espero zenuen zuk lehenengo aldiz etorri zinenean?

- Ezer gutxi nekien Iruņera lehenbizikotz etorri nintzenean, eta, egia errateko, 1976an legea egon bazegoen Iruņean. Aspaldiko garaiak dira, demokraziaren aurretikoak. Pote bat hartzen ari nintzen Museo tabernan, uztailaren 5a zen eta gauerdiko 12.00ak ziren eta polizia jendea kolpatzen hasi zen bapatean. Jende guztia korrika hasi zen ahal zuen aldetik, nere laguna eskoziarra eta biok edariak lehenbailehen akitu eta ziztu bizian ospa egin genuen ere. Poliziek gomazko pelotak botatzen ari ziren aldera zuzen jo genuen. Bizkarrean jo ninduten, haiengandik urrundu nahian maldan gora abiatu ginenean. Francoren garaiak ziren horiek!! Beraz, hori ikusita entzierroan zezenen aurrean korrika egitea ez zitzaidan hainbestekoa iruditzen. Iruņeari buruz hitzegiterakoan, iragarki gehienek munduko festarik onena dela diote. Baina egia da zabor aunitz argitaratzen dela ere Sanferminen ingurukoa.

- Zer esan nahi du "guiri izateak Sanferminetan?

- Neretako Londresen eskoziarra izatearen modukoa da, komunitateko partaide gisa onartua izaten zara, nahiz eta zu diferente zarela ohartu. Jende guztia oso jatorra da, batez ere gau partean karriketan barna ezkoziar gonak eramaten ditudanean. Gona azpian zer eramaten dudan jakin nahi izaten dute neska guztiek! Iruņean Sanferminetan egotea zerua da berez. Gure taldeko zenbait lagun ezagutzen ditut Iruņeko neskekin ezkondu izan direnak. Atzerritarrak festetako partaide garrantsitsuak dira eta haien inguruan sorturiko nazioarteko peņak izan dira urtetik urtera hainbat eta hainbat kanpotar Iruņera erakarri dituztenak. Bilboko festetan ibili nintzen behin eta ongi pasa nuen, baina atzerritar bakarra nintzen eta ez naiz berriro itzuli.

- Zer egiten duzu Sanferminetan?

- Edan, parranda egin, emakumeen atzetik ibili eta talk bollocks! Parre egiten primeran pasatzen dut eta urtero broma berriak probatzen ditugu, hainbat truku parranda behar bezala joan dadin. Gure peņa "The Txocos Gutter Club" taldeak vodka festa bat antolatzen du uztailaren 8an eta 10ean pilota txapelketa bat ere egiten dugu. Pilota txapelketa mozkorrentzako jokua da. Saria bat banatzen dugu eta aurten txapelketa martxan jarri zeneko 5. urtea beteko da. Nahi duen edozeinek parte hartu dezake hiru laguneko taldea osatuta eta uztailaren 10ean Txoco tabernaren aurrekaldean elkartu gintezke eta Estafeta karrikako atzekaldeko frontoira joan.Saiatzen naiz ere bai su artifizialak ikusten, hiru edo lau alditan gutxienez; zoragarria da lurrean etzanda zaudela eta burua auskalo non daukazula goruntz nola joaten diren ikustea. Emakumeei dagokionez, haien atzetikan ibiltzeagatik sekulako lasterketak egiten ditut, baina, egia errateko, ezer gutxi lortzen dut . Batzutan zezenketara joaten naiz, gustokoa dut Casa Paco tabernan bazkaltzea, jabea bera nahiko umoretsua delako eta lekua nahiko atsegina. Urteetan ikusi ez ditudan lagun zaharrekin elkartzea ere asko gustatzen zait eta haiekin edozein tontakeriataz hitz egitea. Jendearekin jolastea, bromak egitea, istorioak kontatzea eta farre egitea gustoko dut.

- Izen bitxi samarra duen atzerriko peņa bateko partaide zara The Txocos Gutter Club (Txoko tabernako estolda kluba), zergatik jarri zenioten izen hori eta zer egiten duzue Sanferminetan?

- Peņa hiru taldeen batasunarekin sortu zen: 70. eta 80. hamarkadan Casa Flores tabernan poteoan ibiltzen ziren lagunak, Peņa Floreseko partaideak, holandar batzuk eta Tim Pinksekin batera festan ibiltzen ziren traza guztietako mozkortiak. Talde ttiki horiek handiago bat sortu zuten eta Txoco taberna aurrekaldeko estoldatan elkartu ohi ziren, Gazteluko plaza ondoan. Jendeak berak jarri zigun lehenengo aldiz "Txocoko estoldetako kluba" izena eta hainbertze alditan izena paratzekotan eta izenik aukeratu ez genuenez, hori geureganatzea erabaki genuen. The name stuck! Aipatu dut jada pilota txapelketa eta vodka festa antolatzen dugu, baina taldean ere bestelako kontu bitxi batzuk egiten ditugu, partaidekoen ezkontzetara joatea esaterako. Iaz astebete zoragarria pasa genuen New Yorken mundu osoko, Iruņeko batenbat barne, peņakideekin batera; Aberdeeneko tipo bat eta neska amerikar bat ezkondu ziren.

- Zu bezalako atzerritar ugari etortzen da urtero Sanferminetara. Txoratuta daudela ematen du, Iruņera itzultzeko aukerarik izan ezean gaixotuko bailira. Zergatik uste duzu Sanferminak hain ezagunak direla kanpoaldean?

- Iruņea munduko festarik onena da. Neretako Urte berria Eskozian pasatzearen modukoa da, "tuperware" festa bat ematen du. Jendeak Sanfermin jaiekiko menpekotasuna badu. Nere neska lagunak Iruņea edo bere artean aukeratzeko esan zidan eta nik aireportutik hots egin nion agur errateko! Gure peņako partaide batek ere, "Glasgow Steve"-ek, sekulako zailtasunak ditu eta gogotsu saiatu behar du Iruņera etortzeko bere neskak pasaportea izkutatzen baitio. Lortu egiten du gero! Urtero jende ezberdina da eta gauza berriak egiten ditugu. 20 urteren ondoren oraindik ere gauza berriak topatzen ditut.

- Iruņera etortzen daramazkizun urte guztietan, aldaketa handia somatu al duzu hasierako urte horiekin konparatuta, jendearen jarrera edo?

- Badira gauzatxo batzuk aldatu izan direnak. Entzierroak askoz jendetsuagoak dira. Dendak ere ezberdin daude. Iruņera lehenengo aldiz etorri nintzenean mota bakar bateko kamisetak erosteko aukera zegoen. Eta jendeari dagokionez, geroz eta atseginagoa dela uste dut. Giroa oraindik ere zoragarria da, emakumeak gazteago dirudite urtetik urtera...edo akaso ni neu zahartzen ari naizelako izanen da.

-Zer da gehien gustatzen zaizuna eta gutxien?

- Entzierroa gustatzen zait. Dudarik gabe, horixe da festaren esentzia. Lehen erran bezala ere, parre egitea ere pila gustatzen zait.

Eta gutxien gustatzen zaidana, urtero alokatzen dudan pisuko eskailerak dira , 967 inguru omen daude gutxienez eta gu goiko pisuan egoten gara, igogailurik gabe, noski. Goizaldeko 5ak aldera erabat mozkortuta etxeratzen zarenean, ibiltzeko gai ere ez zarela, gora begira eta 67777453 eskailera dituzu oraindik ere igotzeko!

Hori eta goizeko 11.00etan, esnatu orduko, karrikak garbitzen ari direla sudurrera datorkidan pisa usaia ere gorrotagarria da.

- Sanferminetan gertatu zaizun gertaera bitxi edo barregariren bat kontatuko al zeniguke?

- Gertaera gehientsuenak, argitaratzen dudan "No Bullshit", aurten Kukuxumusuko dendan eskuragai izanen den sanferminei buruzko aldizkarian kontatu izan ditut. Bada, dena den, bertan kontatu ez dudan istorio bat. 1982an Iruņera etorri nintzen Londreseko kasino batean nirekin lan egiten zuen Tony izeneko irlandako mutil batekin. Pentsatzen hasita nago akaso Iruņera etorri aitzin jada estresak jota zegoela tipoa. Egunero goiz altxatzen zen gainontzeko mutilekin batera eta Iruņera joaten zen entzierrotan parte hartzera. Egun hartan Tonik ez zuen korrikatu eta ez zuen adrenalinaren gorabeherarik ere somatu. Gurekin edaten jarraitu zuen, lo gutxi eginda zegoen arren eta festak aurrera egin ahala Toni gaizki jartzen hasi zen. San Frantsizko ospitale psikiatrikora eraman zuten eta ni haren emazteari hots egin nion Iruņera hegaldi bat har zezan.

"Kaixo Liz, Tony gaizki samar dago!"

"Hanka edo beste zerbait apurtu al du?"

"Ez, ez du ezer apurtu, baina gaixorik dago"

"Zergatik deitzen didazu?"

"Iruņera etor zaitezkela pentsatu dut"

"Zergatik?"

"Tony burutik egin delako!"

Hori ez zen batere erraza izan eta gero Tony ospitaletik ateratzeko pasa genituen komeriak ere nahiko dibertigarriak izan zien. Kotxea nere kargu gelditu zen Britainia aldera bueltan bidaltzeko, baina garai hartan ez nuen oraindik gidatzeko baimenik eta, gainera, kotxea poliziak eraman zuen. Ez nekien matrikularen zenbakirik eta ez nuen ere kotxeko paper bat bera ere ez. Azkenean mozkortuta zegoen irlandar bat aurkitzea lortu nuen, kotxea gidatzeko gai zena eta automobilaren bila joan ginen kolore urdinekoa berebil handi bat zela erranez! Isuna pagatu eta kotxea etxera eraman genuen. Inork istorio osoa entzun nahiko balu Txoco taberna aurreko estoldetara joan dadila eta lasai aski kontatuk diot gertatutako guztia.

Beste kontakizun interesgarria festara etorritako beste urte batean gertatu zen. Neska australiar adeitsu batekin topo egin nuen eta txupinazoa pasa eta handik bi ordutara ligatzen hasi ginen. Eguerdi partea zen eta oso edanda ginen, larrua jotzen hasi ginen zezen plaza ondoko mendixka baten maldan. Jo ta fuego ari ginela aldapatik behera erortzen hasi ginen eta espaloian bukatu genuen galtzak belaunetaraino jeitsi zitzaizkigularik. Zer egin genezakeen...errepidea gurutzatu genuen eta geureari jarraipena eman genion errepidez bestaldeko belardian. Gaztea nintzen orduan eta forma onean nengoen.

-Zer erranen zenioke Sanferminetara lehengo aldiz datorren bati?

- Ahal duten guztia ezagutu dezatela esanen nieke. Inoiz biziko duten festarik onena izanen da ziurrenik. Gozatu beharko lukete, jendearekin elkartu eta ongi pasa, baina ergela izan gabe. Informazioa eta jendearekin harremanetan egotea da ongi pasatzeko sekretua. Edozein modutara primeran pasako duzu ere.

 


Jakingai praktikoak | Programa ofiziala
Galeria | Denda | Aurkibidea | Hasiera

Š Kukuxumusu