| |
Kolpeak hartzeko hainbat modu dago bizitza honetan. Batzuk, gehientsuenok egia errateko, bizitzako lehenengo urratsak ematen hasten garenean, urtebete eskas dugularik, tipi tapa bi metro jarraian egiten ditugularik, estropezu egin eta gure lehenbiziko muturrekoa hartzen dugu. Beste batzuk, bizi samarrak izateagatik edo, zortea tentatzen dute eta, azkenean, arrazoi bat edo bestea dela medio, sekulako kolpea hartzen dute. Eta badira ere “lagunek” eginiko bromei “esker” zangotrabatuta lurrera erortzen direnak, inguruko guztien barrea eraginez. Iruñean, Sanfermin jaietan edozein gauza gertatzen ahal da eta duela zenbait urte salto egiteko modalitate berri bat jarri zen modan, kasu bakoitzean ondorioak zeharo ezberdinak izan zirelarik.
Guk ohitura berri honen nondik norakoak gertutik ezagutu nahi izan ditugu eta horretarako Asisko Urmeneta “adarjotzaileari” egin diogu elkarrizketa. Iruñeko harresietatik behera erori zen orain dela zenbait urte festek amaitu behar zuten egun berean. Asisko Urmeneta aspaldiko partez Kukuxumusuko kolaboratzailea izateaz gain, Mikel Urmenetaren anaia da.
- Aupa Asisko, Sanfermin jaiak 9 egunetakoak izanik, nola da posible azkeneko egunean horrelako kolpe bat hartzea?
- Ba, ongi amaitzeko, erdaraz erraten den moduan “despedida y cierre”
- Nola gertatu zen?
- Nahiko joanda nengoen eta, noski, horrelako baldintzatan badakizu, burua joaten zaizu lehenbizi -“elsdarnioa” izena ematen diot nik fenomeno honi- eta atzetik, inongo kontrolik gabe, gorputza. Gainera, normalean, hilaren 14rako erabat akituta izaten zara eta zeure gorputzak ez du gehiago ematen ahal, aurreko egunetako nekea gainean daramazu.
- Garai batean lagun bat baino gehiago jausi zen harresietatik behera, Nabarreriako iturriaren moduko errito berezia bilakatu zela uste al duzu?
- Baliteke. Egia erran, ondorioak ez dira beti berberak izaten. Ni erori baino urtebete lehenago edo beranduago, ez dut gogoan zehazki noiz izan zen, zenbait hildako eta tetraplegiko gelditu zen lagunen bat ere izan omen zen. Izan ere jendeak ez daki bere burua botatzen, eskola behar da horretarako, ez da dirudien bezain erraz.
- Erortzen ari zinela zerbaitetaz ohartu al zinen, zerbait pentsatzeko denbora izan ahal zenuen?
- Arrunt drogaturik nengoen eta horri esker, erorketa aluzinantea eta nahiko moteldua izan zen. Zuhaitz eta murruen tartetik pasatzeak eragin zidan sentsazio bereziaz akordatzen naiz, amaierarik ez zuen hegaldia bailitzan… Egia erran behar badut, izugarria izan zen, nire ustez jende guztiak probatu beharreko esperientzia horietako bat.
- Eta lurra hartu zenuenean?
- Ba eguneroko bizitzan gertatu ohi den moduan, errealitatearekin topo egiten nuen. Aluzinatzen jarraitu nuen oraindik, drogen eraginez ez nintzen gertatutakoaren jabe. Beranduxeago, ospitalera eraman nindutenean ohartu nintzen gertatutakoaz.
- Zer gertatu zitzaizun?
- Ezker izter hezurra eta orpoa erabat xehatu nituen eta hiru urte pasatxo eman nituen horiek osatu arte. Egun 30 zentimetrotako orbaina dut.
Arestian aipatu “elsdarnia” egoera hartan nengoela kontuan harturik -zenbait ordu lehentxeago Nabarreriako hainbat tabernetan aluzinatzen egon nintzen karriketan barna, nonahi, ikusten nuen Masai eta Polisario mordoarekin…-, kristoren txiripa izan nuen eta, gainera, nire koldartasun naturalari esker, botatzeko hautatu nuen lekua baxuenetako bat izan zen.
Esperientzia totala izan zen, biziki gomendatzen diot aluzinatu nahi duen orori.
Urte horietan izandako istripuak direla eta Iruñeko Udalak harresiak babesteko hesi bat jarri zuen mota horretako ezbeharrak ekiditeko.
Erorketaren ondotik Asisko eroago gelditu da eta talaka ederra eman digu bere gorputz lirainaren irudi hau sartzeko.
|
|