| |
Sariketa antolatzen den hirugarren aldia da, eta helburua lanik onenak ezagutzea eta uztailean bertan erakustea da. Gazteluko plazan duen kokaleku abantailatsutik Nuevo Casinok 151 urte daramatza festaren lekuko izaten. 1999. urteaz geroztik, entzierro onenari Ohorezko Espartina saria ematen diote, eta orain dela bi urte sariketa berri hori antolatzen hasi ziren, zezenketen gaineko argazki onenak saritzeko. Esan bezala, aurtengoa hirugarren ekitaldia izango da, eta gaiak “soil-soilik sanferminetako zezenketetakoak” izango dira. Gainera, Nafarroako Rural Kutxak babestuko du lehiaketa.
Oinarriak errazak dira. Gogoan izan behar dugu, sanferminetako gaia eta zezenketei dagokiena izatean, entzierroak, entzierrilloak, errekortatzaileak eta arratsaldeetako zezenketak besterik ezingo direla hartu kontuan. Ezin izango dira aurkeztu beste lehiaketa batzuetan aurretik saritu diren argazkilariak, baina bai egoki jotzen duten argazkilari profesionalak edo zaleak.
Nuevo Casinoren egoitzan bertan aurkeztu behar da argazkia (Gazteluko plaza, 44 bis- 1.a), eta formatuak, gutxienez, 15 X 20 zentimetroko neurria izan behar du. Zuri-beltzekoa edo kolorekoa izan daiteke. Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez ere, sei argazki aurkez ditzake. 2007. urteko ekainaren 23a izango da argazkiak aurkezteko azken eguna. Horrez gain, argazkiak kartoi mehean laukiratuak aurkeztuko dira, eta atzeko aldean izenburua jarriko zaie. Izenburua duen gutunazal itxi baten barnean, egilearen erreferentziak idatzi beharko dira (izen-abizenak, helbidea eta telefono zenbakia). Epaimahaia, berriz, Nuevo Casino Principaleko Batzordeko kideek, zezenketetako kritikariek eta entzute handiko argazkilariek osatuko dute. Epaimahaiaren erabakia ezin baliogabetuzkoa izango da eta 2007. urteko ekainaren 30a baino lehenago jakinaraziko dute.
Nuevo Casino Principalek jendaurreko erakusketa antolatuko du argazki onenekin bere egongeletan. Gainera, lehiaketaren oinarrietan bilduta dagoenez, saria jasotzen duen argazkia Sanferminen Iruñeko Museoari emango zaio.
|
|