2005 Uztaila 6   7  8  9  10  11  12  13  14 
SANFERMIN GIDA
GALERIA BERRIA

Festako argazkigile onenen 900 irudi baino gehiago sanfermin.com orrialdearen erakusketa berrian

KONTAKTATU
HARPIDETU
POSTALAK
SPOT TV 3D
PANTAILA BABESA
BISITA LIBURUA
LOTURAK
ESKERRAK...
   
 


XX. mendearen hasieran zezenek sekulako deskalabruak muntatzen zituzten zezenketetan. Toreatzaileak gose zirelako ondoratzen zirela eta zaldiak inolako babesez hornitzen ez zituztela, adarkadak hain ziren ohikoak ezen jendea eskandalizatu ere egiten ez baitzuten. 1902ko uztailaren 7ko zezenketan, esaterako, Antonio de Dios Conejito zezen batek harrapatu zuen (Espoz y Mina kondesaren animalia zen) eta bizia galtzear egon zen. Ez zen hil, baina denboraldi batean hebaindurik ibili zen. Zorte txarragoa izan zuten zaldi batzuek. Zezen berak zortziren heriotza eragin zuen hil baino lehen. Aurreko urtean 39 izan ziren eginiko sei zezenketetan hildakoak eta hurrengoan, zezenketa bakar batean, hamalau izan ziren zezenen erasoen biktimak


 
   
 


Sanferminetako egun eta gauetako zarata etengabea nolabait berria da, orain dela 30 edo 40 urtetik hasia. Hala ere, XX. mendearen hasierako hamarkadetan kezkatzen zuen, antza, Iruñeko gizartearen parte bat, zenbait jarrera oso ontzat hartzen ez zuena. 1917ko alkateak, Demetrio Martínez de Azagra izeneko jaunak, ganberroak beren tokian jartzeko garaia zela pentsatu eta gauzak beren tokian jartzen zituen bando “debekagarri” bat kaleratu zuen: galarazi egiten zuen, besteak beste, gaueko hamabietatik goizeko bostetara “kantatu, oihukatu, musika tresnak jo eta karriketan barna edozein motatako zarata egitea, auzotarrak beren loaldian asaldatu eta gogait baditzake”. Bandoak ez zuen, ordea, zer zegoen baimendurik esaten.


 
   
 


Beste inorenaz jabetzeak 1907an etekin ederrak ematen zituen negozioa zen jada. Urte hartako festetan zehar 90 izan ziren atxiloturiko zorro-lapurrak, hortaz pentsa dezakegu zein jarduera emankorra izanen zen garai hartan. Lapurren, gaizkileen eta iruzurtien irudimena ez zen horretan agortzen. Festa haietan beretan, agintariek ohartarazi zuten buruargiren batek 2 pezetako txanpon faltsutuak zirkulazioan jarrita zituela. Eta beste egun batean, urte berean, Ganadu Ferian eginiko sarekadan bederatzi pistola, 3 errebolber, 29 aizto, hiru lantza, inauskai bat, 12 labana, gakorde bat eta bi bizkar-labana konfiskatu zituzten. Ganadu Feriara, dirudienez, okerrenerako prestaturik joatea komeni zen, badaezpada ere. Nolanahi ere, ez dakigu zertan erabiliko zuten inauskaia


 
   
 


Ez da hain erraza urte bereko entzierroetan bi ezbehar izatea. Batzuek lortu dute hala ere. 1975ekoak Jerónimo Echagüe lasterkari beteranoarentzat ez ziren bere bizitzako festarik onenak izan. 61 urte zeraman lasterka egiten eta goizero egiten zuen oraindik. Izan ere, lasterkaririk errespetatuenetakoa eta jendeak aholku emateko edo irakasteko gai jotzen zutenetakoa zen. Baina uztail hartako 7an iraulaldi baten ondorioz ospitalera eraman eta beso-euskarria jarri behar izan zioten. Ospitaleraturik zegoela, hurrengo egunean ihes egin zuen ahal bezain pronto eta 9an ere lasterka egitea lortu zuen; zoritxarrez beste zezen batek, txeratsu benetan bera, festetako bigarren oparia egin zion. Ez dago berriro saiatu zen urte hartan behintzat esateko frogarik.


 
   
 


1968ko uztailaren 11ko entzierroan lasterkari frantses batek sanferminen historiako eszenarik beroena protagonizatu zuen. Entzierroan lasterka egin, plazara iritsi, zezenak hurbiletik ikusi, lasterketa zertan zetzan zuzenean jakin eta Estrasburgora lagunei kontatzera itzuli ahal izatea, hori zuen nahi bakarra. Baina oso asmo txarreko zezen bat ez zegoen hori onartzeko prest. Erreparatu zion, nonbait gustatu zitzaion eta, plaza barnean, atzeman zuen. Hala ere, adarkada egin eta azpikoz gora utzi ordez, arropa erantzi galtzak eta galtzontziloak nahiago izan zuen 20.000 baino gehiago ziren ikusleek ikuskizunaz gozatzen ahal zezaten. Adarkadatik libratu zen gizona, baina galtzarik gabe geratu zen


 
   
 


Espainiako Gerra Zibila hasi baino egun batzuk lehenago, gizarte eta laneko gatazkak nabariak ziren, eta Iruñea ez zen salbuespena. Izan ere, festetarako bi egun falta zenean, erraldoi eta buruhandien eramaileek soldata igo ez bazieten grebari ekiteko mehatxua egin zuten. Azkenik, gauzak ez ziren hainbesterainokoak izan, baina ezin da jakin Amerika, Europa, Asia eta Afrikako errege-erreginek beren helburua lortu zuten. Hurrengo bi urteetan gerrak galaraziko zituen festak, baina matxinaturiko bandokoek ospakizunen bat egin omen zuten. Alegia, batzuk lasterkariena eta beste batzuk zezenena egiten aritu ziren antolatu zuten entzierroan. Adarkadarik zegoelako berririk ez dugu


 
   
 


XX. mendeko hamarkada batzuetan ez zen ongi ikusia emakumeek entzierroan lasterka egitea. Egia esan, ez ongi ikusia ez ikusia, agintariak arduratzen baitziren ibilbidean gizonak besterik ez egoteaz. Olga Omar aktoreak, 1964an, lortu zuen araudia saihestea, hori bai, pelikula bateko eszena bat grabatzeko eta beharrezko baimena izanda. Zezenak pasatu ondoren atera behar zuen lasterka egitera, baina ez zuen, antza, oso ongi kontatu eta bi zezen pasatu baino lehen abiatu zen. Ikara handia hartu zuen, bai horixe. Handik hamaika urtera, oraindik agertzen zuten egunkarietan nola erdietsi zuen Udaltzaingoak ibilbidetik hiru emakume ateratzea nahiz eta bat isilean joan zen eta bere helburua lortu zuen; hurrengo urtean, beste hiru behintzat ikusi zituzten. Urte hartatik aurrera ez zen hain arraro suertatu zenbait emakume zezenen aurrean lasterka ikustea.


 
   
 


Su artifizialak ohiko ekitaldia ziren jada joan den mendearen erdialdeko festetan. Gazteluko plazatik botatzen zituzten eta jendeak oso gustura ikusten zituen arreta handiz baina, segurtasun neurriei dagokienez, zuhurtasun handirik gabe, egia esan. Hortaz, bada, ez zen arraroa gorabehera batzuk gertatzea. 1948ko uztailaren 11n, esaterako, ikuskizun piroteknikoa jarririko ordua baina lehentxeago hasi zen. Arratsaldean materiala plazan berean paratzen ari zirela, eta arrazoi ezezagunengatik, leherketak hasi ziren eta sua hedatu egin zen bolbora lorratz bat bezala hain zuzen ere eta zauritu arin asko eragin zuen han barna zebiltzanen artean. Batzuk bero-bero joan ziren etxera. Gau hartan, jakina, ez zuten su artifizialik piztu.


 
   
 


Joan den mendearen hasieran entzierroa batik bat etxekoentzako gauza izaten zen oraindik eta zezenek lasterka egiteari uko egiteko, geroago ateratzeko edo gogoak ematen zienean ateratzeko aukera zuten artean, kontuko protagonistak, izan ere, berak baitziren. 9an hiru aukeren alde egin zuten nolabait. Lehenik, hiru zezenek kortetatik atera nahi ez eta atera zirenek egin zuten entzierroa. Haiek plazara iritsi zirenean, besteak aterarazi zituzten. Eta, hori gutxi balitz bezala, arratsaldean behi batek ihes egin zuen eta jendarteari ikarak eta iraulaldiak eragiten ibili zen hor barna. Garaiko prentsak esan zuenez, andre batzuei oldartu zitzaien Estafeta karrikan. Udaltzainek azkenean erabat menderatu zuten animalia, ausart eta lotsagabe izateagatik nonbait


 
   

 


© Kukuxumusu S.L. All rights reserved

Garapena Oxigenic