| |
Mikel Urmenetak eta Marta Koronadok eginiko kartelak iragarriko ditu aurtengo San Fermin festak, hori baita hainbat artistak eta Iruñeko Udalaren ordezkariek osaturiko epaimahaiak gaur arratsaldean hartu duen erabakia.
“Pop” izena duen kartel honetan, sanferminetako entzierroa irudikatzen dute zuri koloreko irudi batzuek eta beltz koloreko beste batzuek. Emaitza lortzeko, eta Mikel Urmenetak eginiko marrazkia eskaneatu eta gero, siluetak kotoizko oihal gorri batean moztu zituzten eta, ondoren, irudiak josi, oihal zuriz eta beltzaz eginak, makinako atzera-puntadak agerian utziz. Nahita bilatu zuten marrazkiaren forma-anormaltasuna, nolabaiteko berrikuntza emate aldera.
Teknika original hori izan da, hain zuzen, epaimahaiak gehien baloratu duen faktoreetako bat. Epaimahaiburuak, Ignacio Pérez Cabañas Iruñeko Udaleko Kultur alorreko zinegotziak, originaltasuna nabarmendu du. Aldi berean, hautagai askoren maila handia kontuan hartuta erabaki zaila izan dela azpimarratu du. Pérez Cabañasek esan duenez, kartelak baztertuz joan dira zortzi geratu arte eta berdin egin dute horietatik hiru aukeratzeko. Mikel Urmenetak eta Marta Coronadok aurkeztu zutena izan da, azkenik, epaimahaiko kide guztiek adostasunez hautatu dutena.
|
|