| |
Mundu osoan entzierroaren inguruan dagoen irudi ezagunena uztaila den aldioro Iruñean ikusten duguna da. Baina ez da bakarra; izan ere, zezena animalia ona, ausarta eta indartsua da munduko kulturan eta balio horien sinbolo gisa erabiltzen da. Zama animalia gisa eta elikagai gisa loturik egon da zibilizazio askoren garapenari eta, arraza adoretsukoa, zibilizazioen ikuskizun eta festei. Ezagutu ditzagun munduan izaten diren “beste entzierro batzuk”: formatu oso ezberdinak dituzte eta kultura baten barnean eta egoera jakinetan gertatzen dira.
“Entzierro” horietako asko latzak direla irudituko zaigu, baina ez ditzagun beren inguruabarrak modu sakonagoan ezagutu arte epaitu. Zezenak barraskiloak ez direla gogoan izan behar dugu: adarra ez da ukitzean uzkurtzen, ziztatu egiten du. Horrez gain, zezena zezenaren kontra eta arrastea atalak erantsiko ditugu. Nahiz eta ezagun ditugun “entzierroak” ez izan, ospe handia dute egiten diren lekuetan. Sanferminetako entzierroei buruz ez gara arituko, horren inguruko informazio ugari ematen duten web orriak dituzuelako hemen.
La Pamplonada
Pamplonada San Miguel de Allende herriko (Mexiko) festetako entzierroek izen hori hartzen dute, Pamplonada; eta horregatik, askotan, Sanmigueladarekin nahasten da. Usadio hau ez da duela mende askokoa; 1973an sortu zen, baina ordudanik, urtero egin izan da. San Miguel de Allenderi buruz diharduten guneetan argi adierazten da festok mozkorraldiz eta arriskuz josirik daudela, eta arriskua zezenek jartzen dutela.
Pamplonada ospetsua da herrialde osoan eta entzierro arruntaren antz handia du, baina zezenak behin pasatu ordez, behin eta berriz igarotzen dira, itxitako zirkuitu batean egiten baitute laster. Europako herri askotako usadioaren parekoa da, baina mexikarrek –telebista nazionalaren zuzenekoekin, adore handiarekin, zezen onekin eta festarekin– emanaldia ikusgarriago bihurtzen dute. Urtero jende asko zauritzen da eta lasterkariren baten heriotza ere ez da arraroa izaten.
San Sebastián de los Reyes udalerriko entzierroak
1492an San Sebastián de los Reyes sortu zen, Madriletik gertu; bere kaleetan barna entzierroak egiten zirela erakusten duten hogeita hamar urte beranduagoko frogak daude. Beraz, herri horretako entzierroak bere sorrera bezain usadiozkoak dira. “Iruñeko entzierroen anaia txikia” gisa ere ezagutzen dira. Iruñeko entzierroen formatu bera dute, ganadutegi berekin aritzen dira eta lasterkari asko dira bietan –San Sebastián de los Reyesen eta Iruñean– laster egiten dutenak. Egia esan, bigarren aukera da ondoren plazan toreatuko dituzten zezen adoretsuen aurrean laster egiteko. Alderdi batzuei dagokienez, bada entzierro horiek Iruñekoak baino hobeak direla pentsatzen duenik.
Zezenaren gainean, rodeoa
Zezen batek, normalean, ez dio jendeari gainean esertzen uzten, asko haserretzen da. Horren erakusle dira Ameriketako rodeoak. Dirua ematen diote jendeari, zezenaren gainera igotzeko eta zezena jauzi izugarriak eginez ateratzen da kortatik. Helburua animaliaren gainean ahalik eta denbora gehien irautea da eta erortzen zarenean ez hiltzea; ziur aski hori egiten saiatuko baita zezena. Animaliak basatiak dira eta ez dira eroso sentitzen norbaitek hezi nahi izaten dituenean; baina askotan, gainean jartzen direnak are basatiagoak izaten dira eta trebetasun eta profesionaltasunez tolesten dakite eta zezenaren mugimenduak jasaten. Jende askok gozatzen du entzierro horiez. Ikuskizuneko protagonistak zezenak dira eta animalia adoretsuenarentzako saria ere badago.
Zezenaren aurrean, Jalli kathu-a
Agian aurrean esatea ez da ohitura honentzako egokiena, zezenak aurrean daudenei jarraitzen ez dienean azkenok baitira zezenari jarraitzen diotenak. Irudia oso argia da, ehunka pertsona zezena eusten saiatzen dira, zeina ahal duen moduan bere burua defendatzen saiatzen baita. Indiako Madurai, Tiruchirapalli eta Tanjavur herrietan, lau egunetan zehar (urtarrilak 24) Pongal-a izaten da, uztaren jaialdia. Horretarako, ez zitzaien zezenaren buruari billete-sorta lotzea baino ezer hobeagorik bururatu eta... Horra hor entzierro orijinala. Gogoan hartzeko modukoa da behiak eta zezenak asko errespetatzen dituztela Indian eta nahiz eta animalientzako egoera latza izan, errespetatuak eta zainduak daude eta harrapatzen ez uzteko aukera dute.
Arrastrea, Makepung-a
Makepunga urtero izaten da Jembranan, Balin, eta han bufalo deitzen dituzten eta guretzako “zezen handi-handiak, are handiagoak diren adarrak dituztenak” diren animalien lasterketa da. Animaliok bereziki daude laster egiteko prestaturik eta, binaka, jockey bat herrestan eramaten dute ziztu bizian. Talde bakoitzak bere banderarekin egiten du laster eta animaliak Baliko erara apaintzen ditu. Laster egiteko ez da erosoa izanen, baina benetan polita geratzen da. Adarrak zurezko dekorazioekin estaltzen dituzte, daramaten orgatxoarekin ongi eman dezaten. Makepunga lasterketa garrantzitsua da, irabazlearentzat batez ere. Heroitzat eta kirolari ontzat jotzen dute.
Pakistanen Makepungaren aldaera errazagoa izaten da: tokiko abereekin egiten da, bi izaten dira beti, ez dira hain apainduak egoten eta ospe bera du, baina hemen gurpilik ere ez dute. Hemen, jockeyak zurezko ohol baten gainean mugitzen dira, hareazko pista batean, animalien buruetatik 2 metrora dauden sokekin loturik. “Pilotuak” irabazteko behar dituen trebetasunek barne hartzen dute urik gabeko “eski akuatiko” antzekoa den horretan zutik mantentzeko gaitasuna; horri zezenaren abiadurarekin zuzen mantendu ahal izateko zailtasuna ere gehitzen zaio.
Gisa horretako azken bertsioa Vietnamen garatzen da, han ere bi zezenekin. Bertan, ez dago ez orgarik, ezta egurrezko oholik ere; euskarri gisa ardatza soilik izanen balute bezala da. Abereekiko paraleloa den makilaz baliatuz –beren buruetatik lurreraino doa– gidari ausarta ahal duen moduan lotu behar zaio abereei. Eta lur gainean ibiltzeaz gain, ibilbideak erreka eta landa bideak ere zeharkatzen ditu. Lurraren egoera dena dela ere, animaliek abiadura handia lortzen dute.
Arrastrea, Idi Probak
Hemen garrantzitsua ez da abiadura, indarra baizik. Euskal Herriko usadioa da: bi idik harriak herrestan eramaten dituzte harrizko zoruan, eta ahalik eta denbora gutxiena egiteko lehiatzen dira. Denbora gutxiena egiten duenak irabaziko du. Zama idien indarra eta itzainak eta akuilariak bere indar eta gaitasunaren gainean duten ezagutza aisialdirako jarduera bihurtu dira. Erronka bere idiak hobeak direla uste eta apustua egiten duen baten kontra izan ohi da. Lehiaketari, beti batzen zaio zer edo zer: dirua, edo aurkariak behar duen zer edo zer. Ikusleek irabazlearen inguruko iragarpenekin ere parte hartzen dute. Herrestatzeko harriek bi tonatik lau tonara izan ditzakete. Tolosako harriak 4.000 kilo ditu, Gernika eta Mungiakoek 4.500, eta Berriatuako udal probalekuan 5.250 kilokoa dago, zeina ez baita 1950etik aurrera proba batean erabili.
Zezena zenenaren kontra Kafkasor-en
Zezena zezenaren kontrako ikuskizuna arrunta da munduko hainbat tokitan. Nahiz eta berez entzierroa ez den, gizakiaren zezenaren eta festaren arteko loturaren beste erreferentzia bat da. Turkiara joanen gara; bertako Kafkasor herrian, zezena espezie bereko baten kontra ixten den jaialdi ezagunak izaten dira. Oraingoan, zezenketa beste zezen baten kontra da eta talka izugarrien ostean, zezen indartsuena garaile ateratzen da. Zezenak oso handiak izaten dira, baina oso adar txikiak izaten dituzte, ez dezaten elkar hil.
Korean ere antzeko erritua garatzen da, ia parekoak diren arauekin. Zezena zezenaren kontra, kementsuenak eta gehien bultzatzen dutenak bilatzen dituzte, eta beti adarrak mozten dizkiete beren etsaiari minik egin ez diezaioten.
Saialdi hutseginak
Iaz, Deadwood herriko (South Dakota) hainbat herritar entzierro bat egiten saiatu ziren bertan dituzten bufaloekin. Proposamena nahiko serioa izan zen: Deadwood City Comision-era iritsi zen, zeinak kasua ikertu ondoren, ez baitzuen baimenik eman. Sustatzaileak gehiagotan saiatuko dira, tokiko turismoa garatzeko lagungarria izan baitaiteke eta bertako jendeari are hobeto pasatzeko aukera eman baitiezaioke.
Badirudi San Miguel garagardoaren entzierroarentzat New Yorkeko kaleetan barna igaro zen bisonte entzierroan oinarritu direla. Iragarki bat baino ez zen izan eta oraingoz, usadio bihurtzea ezin pentsatuzkoa da.
|
|