2004 Uztaila 6 7 8 9 10 11 12 13  14
SANFERMIN GIDA
2004ko afixa

Mikel Urmeneta eta Marta Coronado, Kukuxumusuko langileak, 2004ko Sanfermin Afixa Lehiaketak

KONTAKTATU
HARPIDETU
POSTALAK
SPOT TV 3D
PANTAILA BABESA
BISITA LIBURUA
LOTURAK
ESKERRAK...
 
Erreportai gehiago   Inprimatzeko bertsioa


2007/02/01
 
 
Zinezko entzierroa
 
  Zinearen lehen urteetan, zinematografoa feriako aparatua zen, eta irudiak mundu osoko festetan ematen ziren.  
 


Ez al da, ba, entzierroa berez film baterako gai aproposa? Ba, badirudi baietz. Esate baterako, duela gutxi sanfermin.com helbidean irakurrita jakin izan dugu Koreako Jhon-Ho Bong zuzendariak non eta entzierroetan aurkitu duela ideia “The Host” pelikula egiteko.

Izan ere, dela anabasa, dela halabeharra, dela hamar mila lagunekin eta sei zezen adar zorrotzekin batera karrika estuan hertsirik egotea… horrek guztiak ezin giro egokiagoa sortzen du, bai eta plastikotasun arras erakargarria ere, gidoigile, zuzendari eta kamerentzat. Horri guztiorri parranda, zalaparta eta algara erantsiz gero, emaitza are hobea izan daiteke, nahiz eta Monty Phyton anaiak, ezta Farrelly anaiak ere, oraindik ez diren ausartu entzierroari edo Sanferminei buruzko filma egitera.

Zinearen lehen urteetan, zinematografoa feriako aparatua zen, eta irudiak mundu osoko festetan ematen ziren. Sistema horren bidez entzierroan ateratako irudiak mundu erdian ikusten ziren 1913an, hori erregistraturik dago, eta irudi horiek 1902an eta 1911n grabatutakoak izan litezke, hots, Sanferminei buruzko lehen dokumentala egiteko erabiliak. Horra zineak gure festetan egin zituen lehen urratsak, eta hortik aitzinera, ez baita Saferminik gabeko zinerik izan.

Filmik nabarmenena Ernest Hemingway idazlearen The Sun also rises liburuan oinarritutakoa da, Henry King zuzendariak 1956an egina. Filma hiru tokitan filmatu zen: Hollywoodeko grabazio estudioetan, Iruñean eta Morelian, Mexikon. Iruñera kamera talde bat besterik ez zen etorri. 1955eko Sanferminetan izan zen hura, eta ahal izan zuten guztia grabatu zuten. Denak errekurtsoko planoak izan ziren, eta aktorerik ere ez zen etorri. Morelian karrikak eta zezen plaza egokitu zituzten, eta izarrak hara joan ziren, hots, Tyrone Power, Ava Gardner eta Errol Flynn. Pelikulan agertzen den zezen plaza Mexikokoa da eta, gainerako tokiak, ekoiztetxeko estudioak. Iparramerikako ikusleak ez ziren aldaketaz ohartu, Hemingway bai eta haserretu egin zen. Iruñean, zentsura zela-eta, filma ez zen ikusterik izan 1978ra arte.

Hain zuzen ere, amerikar zine klasikoaren ekoizle Tedy Villalbak, duela gutxi ohorezko Goya saria jasotakoak, hainbat aldiz esan du grabazioan izan zuten zortea: «une horretan gola sartu negion ministerioari. Sinestarazi genien Sanferminei buruzko zerbait egiten ari ginela eta, egia esan, plano haiek Fiesta filmean sartzeko ziren, debekatu baitzuten Espainian filmatzea». Iruñeko “Las Pocholas” jatetxean ateratako argazkia une horretako lekukoa da: Villalbarekin batera filmaketa taldea zegoen, bai eta Orson Welles, Antonio Ordóñez, Ernest Hemingway eta Luis Miguel Dominguín ere.

Hain zuzen ere, Orson Wellesen film batean aipamena egiten zaie entzierroei, “Don Quijote” izenekoan, zinegilea festarik tradizionalenetan barna zebilen bitartean. Horri loturik, Villalbak berak duela gutxi esan zuen Wellesi pelikularako negatiboa utzi behar izan ziotela, oso aurrekontu gutxirekin filmatzearen ondorioz, materiala bukatzen zitzaiolako.

Fiesta-k bertsio gehiago izan ditu. Telebistarako ere egin zen, baina ez da horren ezaguna. 1984an filmatu zuten, James Goldstonek zuzendurik eta aurten bertan Channel Four telebista ingelesak emanen du berriro. Bitxikerien artean, esan behar da aktoreen artean Leonard Nimoy dagoela (Mr. Spock Star Trek filmean), Mippipopolous izeneko pertsonaiarena egiten du.

Hollywoodek Americano izeneko lana ere egin zuen, ekoizpen txikia Amerikarako, baina handia Europako zinearen aldean. "Americano" filmean, motxila bizkarrean hartuta, Europan barna dabilen gazte graduatu baten bizipenak kontatzen dira (Joshua Jackson), eta Sanferminetan gozatzen ditu Estatu Batuetara itzuli baino lehen aske igaroko dituen bere azken hiru egunak. Iruñean, hainbat lagun ezagutuko ditu eta denek gaztea tentatuko dute bizitzan bestelako bideak, bestelako aukerak, hartzera. Beraz, Sanferminetara datozen pertsona aunitzen istorio berbera. Helbide honetan ikusgai dago making off-a:

http://www.americanothemovie.com/videos/section2.html

Zineaz eta telebistaz gain, entzierroa makina bat aldiz erabili dute iragarkiak egiteko. Horrela, 1992an, Spike Lee zuzendariak irudiak hartu zituen Levi´s etxerako iragarki bat egiteko, eta hamaika tokitan ikusi zuten zinegilea, lepoan zapi gorria zeramala. Azken urteotan, alderantzizko ibilbidea ere nabarmendu da; esaerako, galtza bakeroen iragarki bat egiteko. Horrela, entzierroaren imitazioa egin da eta New Yorkeko kaleetan, zuri-gorriz jantzitako gizaseme batzuk jarri dituzte lasterrean, hori bai bisonteen aitzinean, iragarkian bezala.

making off 7 de julio San Miguel.

Zinema

“Sangre y Sexo” 1999an, Kataluniako New Line Films ekoiztetxeak Iruñean grabatutako filma da, festa giroko pornografia-generoaren barnean. Euskaraz bikoiztu zen lehen film pornoa izan zen, ekoiztetxeak zituen asmoei jaramon egitera, behintzat. Zeren, filmatu ondoren, ez baitugu filma ikusi duen inor ezagutzen eta ez dugu inon hari buruzko aipamenik ikusi, baina gauza jakina da argudioak bi ardatz zituela: Sanferminak eta sexua.

“Viva Pamplona! Viva Sanfermin!” Harlan Douglas Whatleyk zuzendutako filma da eta hark berak idatzitakoa. Skyefilms etxeak 2003an banatu zuen eta interneten dago salgai. Zuzendariak honela definitu du bere lana: “Musika-odisea da, Sanferminetako hiru zatiren nabarmengarri: Txupinazoa, Entzierroa eta Zezenketa.

Sanferminak edo entzierroa beste film batzuetan ere agertu dira. Esate baterako: “Tú y yo somos tres” (Rafael Gil, 1962), “Carnaval de ladrones” (Russell Rouse, 1967), “Un rincón para querernos” (Ignacio F. Iquino, 1967), Cita en Navarra (José Grañena, 1970), La trastienda (Jorge Grau, 1976), Luna de verano (Pedro Lazaga, 1958), El momento de la verdad (Francesco Rosi, 1965), Cowboys de ciudad (Ron Underwood, 1991), The Football Factory (Keith Boak, 2001) eta Americano (Kevin Noland, 2003).

Dokumentala

“Fiesta de la Aviación” dokumental laburra da, Enrique Blancok eta Gaspar Arroyok 1911ko Sanferminetan filmatutakoa. Lanaren gai nagusia urte hartako festetako ekitaldirik nabarmenena da, hots, hegazkin lehiaketa. Garai hartako izarrek parte hartu zuten: Vedrines, Garnier, Tixier eta Briancourt Andreak. Oso lan ezaguna da, hiru kamerek aukera izan baitzuten Briancourt andrearen istripua zehatz-mehatz filmatzeko. Andrea onik atera zen, eta urraturik ere ez zuen izan. Filma berehala errebelatu zuten, eta urte hartako gauzarik aipagarriena izan zen, kamerek hartu zuten istripuri esker. Gainera, lan horretan urte hartako entzierroak eta zezenketak ageri dira.

1930etik 50eko hamarkadara arte, urte haietako guztietako festei eta entzierroei buruzko grabazio dokumentalak egin zituen Miguel Mezquíriz nafar ekoizleak. Ibilbide luzea egin zuen Mexikoko eta Espainiako filmografian eta beti ekoizle aritu zen.

Ez dugu ahaztuko dokumentalak zaharberritzen Antonio Ruizek egindako lan handia. Izan ere, Iruñeko historiari buruzko kilometroak eta kilometroak berreskuratu ditu bere filmografia-laborategian. Askotan, Sanferminen eta entzierroen bilakaera islatzen da. Beharbada, aurreko lan hori bururaino eraman du "Pamplona, lo que va de ayer a hoy" izenburuko dokumentalak, Iñaki Arrublak egina eta Aritz Gorostiagak editatua.

Beste film honek izenburu iradokitzailea du: "Viva San Fermin!” 1981ean egindako dokumentala da, Ivor Bowenek zuzendua. Hiru herrialdek batera ekoiztutako filma da: Australiak, Kanadak eta Zeelanda Berriak, baina kanguruen herrian hartu du osperik handiena.

Oraintsuko dokumentalen artean, Sanfermines 78 izenburukoa dago, Juan Gautierrek eta José Ángel Jiménezek egina, 2004n aurkeztua. Garaiko irudi eta lekukotasunen bitartez bildu dituzte 1978ko uztailaren 8ko Sanferminetan gertatu zirenak. 25 urte pasatuta, protagonistek kontatzen dute nola bizi izan zuten hura guztia. Azken finean, garai hartako talde-erretratua da, gertakarietara hurbiltzeko aukera ematen diguna.

Laster dokumental luze bat agertuko da, hots, “The moon also rises”. Diego Abad “El Antxoa” eta Imanol Reta egileak azken filmaketak egiten ari dira. Mikel Urmeneta gidoia eta muntaketa ari da kudeatzen New Yorketik. Beraz, Sanferminei buruzko ikus-entzunezkoen historiari lan berria erantsiko zaio.



Beste batzuk: Sucede en Sanfermin (Francisco Centol, 1957), Porque llegaron las fiestas (Jesús Sastre, 1980), The Runner (Esteban Uyarra, 2001),

“El Encierro de Pamplona”, 1963ko lana da, Julián de la Flor zuzendariak NODOrako egina. 11 minutuko iraupena du. Ahotsa Matías Prats esatariarena da. Hitz batez, garai hartan zegoen apurraren testigantza da.

“Las fiestas” ere Sanferminei buruzko dokumentala da. 1995ean egindako lana da, hemengo profesionalen eta TVEk Nafarroan zuen zentroaren eskutik. Marian G. Roncal izan zen Gidoigile, eta Puy Cantalapiedra berriz, errealizadore. Ordu erdian, festa hauetako alderdirik ezagunenak laburbiltzen ditu, telebistarako albistegiek duten estilo berezian. Hortik heldu zaio berezitasuna.

Badira beste dokumental batzuei buruzko datuak; esate baterako, iaz James Fulbright-ek Houstoneko WorldFest jaialdiaren 39. ekitaldian aurkeztu zuena. Pamplona zuen izenburu, eta Sanferminetako entzierroan begirada hunkigarria pausatzea zen zuzendariaren asmoa, Ernest Hemingwayk maite zuen tokian, alegia.

Tv

Hil honetan (2007ko otsailaren 14tik 20ra), American Public Televisión enpresaren zerbitzuan eta, zehazki, “Passport to adventure” seriean, sarrera duten KQED etxeko amerikar ikusleek aukera izanen dute 115. kapitulua primer time orduan gozatzeko. Izenburua hauxe da: “Spain's Basque Country & the Festival of San Fermin” eta dokumental tankerako erreportajea da, ordu erdi baino gutxiago irauten duena. Turismo-ibilbide bat agertzen da, Biarritzetik abiatu, Donibane Lohizunen pausatu eta Iruñean bukatzen dena. Entzierroaz gain, Sanferminetako beste ekitaldi batzuk ere azaltzen dira, baina denbora nahikoa eskaintzen dio lasterketari. Azkenean, galdera bat erantzunik gabe gelditzen da: ikuskizun dotorea ala kirol krudela?

Bideo musikalak

Argentinako Attaque 77 taldearen kantu batek izenburu hau du: "San Fermin". Harrapaketei, entzierroei eta bestelakoei buruzko irudirik hoberenak ageri dira bideo musikalean, doinua entzuten den bitartean. Letra ikaragarria da:: “Corridas de toros; la fiesta de Sanfermin comienza ya / es trágico el evento y el sufrimiento que padece el pobre animal / mirá, un tipo se cay / mirá, el toro lo alcanza / después de todo no está tan mal… / le clava los cuernos en la espina dorsal”. Azken finean, arras ikuspegi pertsonala da, Argentinako rock moldeak galbahetutako estereotipoan oinarritua.









 
     

 


© Kukuxumusu S.L. All rights reserved

Garapena Oxigenic