| |
Jandilla ganadutegiak, korrikalariei beldur gehien ematen diena eta azken urteotan zauritu kopururik handiena utzi duenak, 1997tik lehen aldiz ez du sanferminetako entzierroetan parte hartuko. Zezenak korridetan behar bezala aritzeko berme eskasia izan da Miserikordia Etxeak Cadizko burdina bere egitarautik at uzteko zergatia. Hortaz, azken hamarkadako entzierroetan urtero-urtero, Miura eta Cebada Gago bezala, izan den ganadutegiak huts eginen du aurtengo festetan.
Jandillaren zezenak egon gabe entzierroak bere alde erakargarrienetako bat galduko du. Beren abiadura bizia dela, lasterraldietan erakutsitako arriskugarritasuna dela edo hainbat okasiotan eragin duten izua dela, Cadizko adardunak entzierro zirraragarri eta larrien protagonistak izan dira beti. Aurten ez da halakorik gertatuko. 2007ra arte itxoin beharko dugu, akaso.
Jandillaren eta sanferminen arteko harremana ez da oso aspaldikoa, kontrakoa pentsa baliteke ere. Izan ere, 1983an zapaldu zituzten zezenok Iruñeko kaleak lehen aldiz. Urte horretan berean, hain zuzen, ganadutegiak orain daraman izena hartu zuen mende erdiz eramandako Veragua alde batera utzirik. Izenak izen, ordura arte Vejer de la Fronterako saldoa entzierroetan estreinatu gabea zen.
Jandillaren Iruñeko debutak gerora sanferminetan izango zuen nondik norakoaren lehen partea markatu zuen: lasterraldi biziak, emozioz eta erorikoz beteak eta, hori bai, ia adarkadarik gabeak. Uztailaren 14 hartan, “Renacuajo”, “Vireino”, “Vinazo”, “Veraneante”, “Jugoso” eta “Varelito” deiturikoek 2 minutu eta erdian egin zuten ibilbidea zauritu larririk eragin gabe. Ezohiko estreinaldi hark 14 urtera ikusiko zuen segida.
1997ko itzulerak “Huraño” zezena izan zuen protagonista. Egun hartan piztia bizkor horrek aurretik ezagututako erregistroak hautsi zituen eta zezen-plazara minutu batean eta 43 segundotan sartu zen. Orduan ere ez zen adarkadarik izan eta horrela izanen zen, 1998ko salbuespenarekin (zauritu 1), zorigaiztoko 2002 arte, une hartan zezenek goitik behera aldatuko zuten korritzeko era.
2002ko uztailaren 11ko entzierroa ez zen horren lasterra izan. Lau minutu luzetan zehar sei animaliek adarrez zauritutako bi lagun eta kolpe larriak pairatu zituzten hainbat korrikalari utzi zituzten. Urtebete geroago adarkatuak hiru izango ziren oso entzierro bizian, zeinean zezen bat harat-honat ibili zen eta plazan arrisku handiko uneak sorrarazi baitzituen.
2004rako Jandillek zezen bizkorrak zirelako sona zuten oraindik, baina korrikalariak alde batera uzten zituztelako ideia hura ez zen horrezkero horren zabaldua. Gordintasun osoz frogatu zuten urte hartako uztailaren 12an, gogoan den entzierrorik odoltsuenean. Zortzi korrikalari adarkatuta gertatu ziren, haietako batzuk oso larriki, beste hainbeste ospitaletara eraman behar izan zituzten kolpe larriak hartuta eta Gurutze Gorriak 82 lagun artatu behar izan zituen, entzierroaren historian marka berria. Kailejoiko irudi ikaragarriak ganadutegi honi loturik joanen dira beti.
Iaz, gauza bera. Jandillek festetako entzierrorik arriskutsuena protagonizatu zuten, lau adarkatu utzi zituzten eta alderik arriskutsuena erakutsi zuten berriro, izua piztu eta ikarazko uneak sortarazten duen hori; hala nola Estafeta kalean sortarazirikoak, korrikalari bat lurrean arrastaka ihes egin nahian zebilela.
Aurten historia ez da errepikatuko. 2006ko entzierroak Jandillarik gabeko entzierroak izanen dira. Izua, oraingoz, Iruñeko karriketatik joan da.
|
|