| |
Zale orok ongi dakienez, edo jakin behar duenez, sanferminetan zortzi entzierro egiten dira, betiere ibilbide berarekin, ordu berean –hots, goizeko zortzietan– eta, nola ez, urtero-urtero egun beretan, beti, 7tik 14ra bitarte alegia. Horrela da gure egunetan eta horrela da, orokorrean, aspaldiko partez. Hala ere badira salbuespenak, jakina, eta behin baino gehiagotan ibili dira zezenak Estafetan gora patxadatsu ez ohiko egunetan.
Kasurik aipagarriena irailaren azkenaldira ospatzen den San Fermin Txiki edo San Fermin Aldapakoa da, zeinean Fermin Deunaren martirioa gertatu zeneko data gogoratzen baita. Uztaileko festen tradizioa, itzala eta sona izan gabe, ospe handia du horrek ere, bereziki iruindarren artean. Nahiz eta gaur egungo egitarauan entzierro edota zezenketarik izaten ez den, urte batzuetan, bai, antolatu ziren entzierroak, ohi baino askoz korrikalari gutxiagoren gozamenerako.
1993an izan zen Iruñean San Fermin Txikirekin korritu zen hondar entzierroa. Ez zen hori, ordea, lehen aldia. Izan ere, ekimena aurrera eramaten zen hirugarren urte jarraitua zen, nahiz handik aurrera segidarik izan ez zuen eta, hainbat korrikalari iruindarren zoritxarrerako –pozez zoratzen baitzeuden jendetzaren enbarazurik gabe korritu ahal izateaz –, ez da berriro errepikatu.
Uztaileko ohiko entzierroen eta hiru urtetan 1991 (22an), 1992 (19 eta 20an) eta 1993an (25 eta 26an)– irailean egin ziren bosten artean anitz eta nabarmenak dira aldeak. Ordu aldaketaz gain (lasterraldia 9etan hasten zen, ordubete beranduago, eguna argitzeari denbora ematearren), korrikalariak askoz gutxiago ziren eta batez ere Iruñekoak eta inguruetakoak zirela hauteman zitekeen. Halaber, ez zen uztailean bezainbeste jantzi zuri, gerriko eta lepoko ikusten.
Bost entzierro haietako korrikalari kopuru txikiagoak erorikoen arriskua urritu zuen nabariki. 1991koan 13 zauritu arin izan ziren; 1992an, entzierro bakoitzean hiru besterik ez, eta 1993an osasun zerbitzuek soilik sei pertsona sendatu behar izan zituzten 25ean, eta beste hainbeste 26an, haietako bat larrixeagoa zen traumatismoa zuen, eta horixe izan zen udazkeneko bost entzierro horietako gertakaririk aipagarriena. Aldearen handia ikusteko aski da esatea 1993. urte horretan berean, baina uztailean, egunero batez beste 50 pertsona artatzen zirela kolpe eta ubelduak izateagatik, ohiko eta izugarriko adarkadez gain (urte horretan 8).
Entzierroak irailean egiteko saioa ez zen 90eko hamarkadan hasi ordea. 1978an dagoeneko, San Fermin Txikirekin batera, zezen feria txiki bat antolatu zen uztaileko festak 8ko gertakari larrien ondorioz –zeinetan German Rodriguez gaztea hilik gertatu zen– bertan behera geratu eta gero. 78ko irail hartan hiru izan ziren entzierroak eta haietako lehenean korrikalari bat adarkatuta suertatu zen.
Orain ohikoak diren egunetatik kanpoko gainerako entzierroak festen iraupen luzeagoagatik egin ziren (uztailaren 6tik 18ra mende hasieran; 6tik 20ra 1963a arte) eta, nahiz eta festa egun guztietan egunero-egunero korridarik izaten ez zen –eta, hartaz, entzierrorik ere ez–, hainbat lasterraldi uztailaren 14a pasatua zela egiten ziren. Bitxikeria gisa, halako zerbait gertatu zen azken aldia 1979. urtean izan zen: Udalak festak egun bat luzatzea deliberatu zuen eta Marqués de Albaserrada ganadutegiko zezenak Alde Zaharrean barrena harat-honat ibili ziren uztailaren 15a zen jaietako igande hartan.
|
|