ESPAÑOL | ENGLISH
2003 Uztaila 6 7 8 9 10 11 12 13 14
   
 
Hamar galdera ...
WILLIAM RIVAS-RIVASI
     
  “Sanferminak krudeltasunaren ospakizuna dira”  
 


PETA (People for de Ethical Treatment of Animals-Animalien tratu etikorako pertsonak) nazioarteko elkarteak aurtengo Sanferminak baino lehenxeago bere burua agertu zuen -izan ere, oso arropa gutxirekin-. Aurreko urtean egin zuten bezala, elkarteko kide eta adiskide batzuk entzierroaren ohiko ibilbidean biluzik ibili ziren, bertan ziren iruindar eta atzerritarren artean poza eta eskandalua neurri berean sorraraziz. Beren ustez animaliek pairatzen duten sufrimendua salatzea eta aldi berean “jaiak animaliarik torturatu gabe gozatzen ahal direla” erakustea zen ekintzaren helburua. Seriotasun eta solemnitate osoz, PETAren gaztelaniazko kanpainen koordinatzailea den William Rivas-Rivas izeneko itsas-ofizial ohi iparramerikarrak, Sanferminei buruz dituen ideiak azaldu zizkigun zezen lasterketen aldean giza lasterketen onurak defendituz.



-Rivas-Rivas jauna, nondik atera zen entzierroaren ibilbidean gizaki biluzien lasterketak antolatzearen ideia?

-San Ferminen jaialdia krudeltasunaren ospakizuna da eta Iruñean zezenek heriotza ikaragarri odoltsurantz egiten dute lasterka. Giza entzierroa eginez, animaliei sufriarazi gabe ospatzeko modu xelebre eta gizabidezkoa badagoela erakusten ari gara



-Zer esaten zizueten Iruñeko jendeak ekitaldian zehar?

-Iruñeko jendearen iritzia ez da garrantzitsuena. Garrantzitsuena da gure “Giza lasterketak” arrakasta handia izan duela eta animaliek nola sufritzen duten nabarmendu duela, animaliak torturatu gabe disfrutatzen ahal dela erakutsi baitu. Iruñeari eta mundu osoari erakutsi diogu krudeltasuna ezabatzeak ez dituela dibertimendua ez eta turisten dolarrak ezabatzen.



-Zure ustez, nork du entzierroaren erantzukizuna: antolatzen dutenek, lasterka egiten dutenek edo begira aritzen direnak?

-Sanferminetako entzierroak Miserikordia Etxeak antolatzen ditu eta harena da Iruñeko zezen plaza. Zezenketen mozkinak Miserikordia Etxerako izaten dira, beren ekintza estimagarrietarako, esaterako, etxerik ez dutenei aterpea emateko. PETA elkarteak Miserikordia Etxeari beren errukia izaki guztienganako izan dezan gonbitea egin nahi dio eta alkate andreari entzierroak soilik gizakiez osaturiko lasterketa dibertigarriez ordezka ditzan.



-Zergatik uste duzu entzierroak horren arrakasta handia duela Iruñean?

-Iruñera etortzen direnek entzierroaren ikuskizuna ospatu nahi dute baina ez dira jabetzen nola sufritzen duten zezenek. Turistek Iruñea bisitatzen dute musikaz eta janariaz gozatzeko eta egun atseginak igarotzeko. Inork ez du animaliekiko krudeltasunean lagundu nahi, baina turistek ez dakite karriketan barna lasterka doazen zezenek egun horretan bertan heriotza odoltsua izanen dutela. San Fermin jaiak ospatu nahi dituztenek zezenen errukia izan eta “Giza lasterketarekin” bat egin beharko lukete.



-Entzierrorik eginen ez balitz, Sanfermin jaiek beren ekitaldirik ospetsuena galduko lukete. Alternatibarik bai?

-Ez da bidezkoa animaliak torturatu eta hiltzea tradizioagatik besterik gabe. Jendea beti saiatu izan da tradizioa aitzakitzat hartzen esklabutza moduko gertaera itzelak justifikatzeko. Baina tradizioak ez du berez basakeria baztertzen, eta Iruñean Zamorako ereduari jarraitu beharko liokete, non kanpandorreetatik aker biziak botatzeko “tradizioa” oraintsu debekatu baita “santuen izenean”. Adibidez, automobilak asmatzeak eta Bigarren Mundu Gerra bukatzeak ere gizartean eraldaketa eta berregituraketa ekarri zituen. Edozein gizarte aurrerapenetan hori osagai bat besterik ez da, aurrerapena oztopatzeko arrazoia izan beharrean. Zezenketak oso aspaldi zaharkituak behar luketen kirol krudel eta odoltsua dira.



-Beharbada “Giza lasterketa” ospetsu eginen da Sanferminetako programan.

-Animaliek sufritzen jarraitzen duten artean, guk borrokari ekinen diogu.



-Bada entzierroak animalien aurkakoak ez direla uste duenik, gizakiek eta zezenek baldintza berdintsuetan lehiatzen dutela pentsatuz.

-Jendeak aukeratu egiten du hor egotea ala ez, aldiz, zezenek ez dute aukeratzerik. Entzierro bakoitzaren ondoren, karriketan barna korrika dabiltzan sei zezenek heriotza odoltsua izanen dute arrats horretako zezenketan. Oso ekitaldi koldarra da, zezenketak bezalaxe, zezenek ez baitute bizirik ateratzeko inolako aukerarik.



-PETAk egin duen kanpaina eginda ere, amerikar askok entzierroan lasterka egiten jarraitzen dute, zer esanen zenieke?

-Oso garrantzitsua da Iruñeko entzierroetara datozen guztiek, ez soilik amerikarrek, jakitea karriketan dabiltzan zezenek plazan heriotza geldo eta mingarria pairatuko dutela. Turistek boikota egin beharko liokete Iruñeari tradizioz mozorroturiko ikuskizun koldar eta odoltsu hori geldiarazteko.



- Entzierroei buruzko aldarrikapen batekin hasi zarete. Pentsatu al duzue zezenketara ere biluzik joateko aukeran?

-Ez.



- Estatu espainiarrean entzierroaren edo zezenketen aurka agertzea, galduriko gudua da ala baduzue laguntzarik sendotzeko asmorik?

-Ez da galduriko gudua inolaz ere, eta ziur gaude laguntzak sendotu eginen ditugula. Zezenketa bat ikusi duen jende gehienak ez du berriz ere besterik ikusi nahi. Ikuskizunaren krudeltasunak atzeraka ematen du, atsekabea eta mina sorrarazten ditu. Munduan badira arreta eman beharreko oso arazo larriak eta animaliekiko krudeltasuna haietariko bat da. Mundu guztiak saiatu beharko luke ahal duen neurrian sufrimendua arintzen.




 
     

 


© Kukuxumusu S.L. All rights reserved

Garapena Oxigenic