Sanfermin 2011 jaietako zortzigarren entzierroak, aurtengo azkenak, Nuñez del Cuvillo ganadutegiko zezenak izan ditu protagonista. Seigarrenez bisitatu dute Iruñea eta oso lasterketa bizkorra (2:20) eta garbia egin dute. Zezenek oso zintzo jokatu dute, ez dute ia inolako eraso-keinurik egin eta lasterketarik ikusgarrienak Estafetan egin dituzte. Bertan, zezenek aurrea hartu diete joaldunei.
Idiek zezen-saldoa inguratu eta gidatu dute Estafeta kalearen hasieraraino, eta, tarte horretan, taldea luzatuz joan da, koloredun zezen batek eta zezen beltz batek aurrea hartu dute eta lasterkariek korrika egiteko aukera izan dute. Metro gutxi batzuen ondoren, koloredun zezena anaiak gidatzen hasi da eta oso lasterketa politez gozatzeko aukera egon da, lasterkariek adarretatik oso hurbil egin baitute korrika.
Zezen beltz batek irrist egin du Mercaderesen sartzean, baina berehala zutitu da eta jarraitu du korrika bere anaiekin, eraso-keinurik egin gabe eta une arriskutsurik eragin gabe.
Estafeta kalean izan dute lasterkariek 2011ko Sanferminetan beren trebezia erakusteko azken aukera eta oso lasterketa ikusgarriak egin dituzte bertan.
Zezenak bata bestearen atzetik sartu dira, baina taldeka, zezen-plazara: lehenbizi koloreduna, ondoren beste hiru eta joaldun batzuk, eta atzetik zihoazen bi zezenak banandurik sartu dira. Ibilbidea 2:20an egin dute.
Nuñez del Cuvillo ganadutegiko zezenekin Sanfermin 2011 jaietan egin den azken entzierroaren ostean hiru zauritu ospitaleratu dituzte traumatismoekin
A Larrialdi Zerbitzura (Nafarroako Ospitale ohia) bi lasterkari eraman dituzte:
J.I.R, iruindarra, kontusio toraziko bat jasan du Estafeta kalean. Bere pronostikoa arina da eta balorazio-prozesuan dago.
X.I., Urruñakoa (Iparralde), traumatismo bat jasan du sorbaldan Santo Domingon. Bere pronostikoa erreserbatua da eta balorazio-prozesuan dago.
B Larrialdi Zerbitzura (Virgen del Camino Ospitale ohia) lasterkari bat eraman dute gaurko entzierroaren ostean:
B.A.A., iruindarra, polikontusioak Estafetan. Bere pronostikoa arina da eta alta eman diote dagoeneko.
Gaurko zaurituez gain, aurreko egunetako entzierroetako 5 lasterkarik ospitaleratuta jarraitzen dute:
A Larrialdi Zerbitzuan (Nafarroako Ospitale ohia) ospitaleratuta daude oraindik:
J.N.A., Benaventekoa (Zamora), 40 urtekoa, uztailaren 7an zauritua Estafetan. Saihetsetan hausturak ditu eta eskuineko omoplatoa ere hautsi du. Hobera egiten ari da.
D.M., 25 urteko australiarra, uztailaren 8an zauritua Zezen-plazan, eskuineko izterrean adarkada bat jasan zuen, eta adarkadak izterreko arteria eta azaleko zaina zauritu zizkion. Hobera egiten ari da.
E.L.M., 41 urtekoa, iruindarra, uztailaren 10ean hartu zuen min eta egun berean alta eman zioten, baina hurrengo egunean berriz ospitaleratu zuten TKE arinarekin eta aurrealdeko kontusio-gunearekin. Hobera egiten ari da.
B Larrialdi Zerbitzuan (Virgen del Camino Ospitale ohia) ospitaleratuta daude oraindik:
M.S.S. (40 urtekoa, iruindarra), adarkada bat jasan zuen toraxean, saihetsetan hausturak ditu, baita muskulu-lesioa, diafragmakoa eta pleurala eta birika eta gibeleko kontusioa ere. Uztailaren 12an ospitaleratu zuten, eta, bere pronostikoa larria den arren, hobetzen ari da.
J.G.R., Artikakoa (Nafarroa), ezkerreko hankako meseta tibiala hautsi zuen Santo Domingoko tartean. Bere pronostikoa ez da oso larria eta Traumatologian dago ospitaleratuta.
Uztailak 15 ostirala, MOVIMIENTO 15 DE JULIO
Entzierroko parte-hartzeak: 1985-2010
Entzierro garbia eta zauriturik gabea izatea aurreikusten da. Lesionatzeko arriskua duten bakarrak Jotazalea (hanketan karranpak biharamunean) eta Zaindaria dira (haustura kraneoentzefalikoa eta burukomin akutua Horma-hobitik erortzen bada; ez bada erortzen, burukomin akutua baino ez du izango).
Litekeena da, era berean, Txarli tximinoa agertzea, baina oraindik ezin izan da baieztatu, leku ezezagunen batean dago eta.
4 graduko odoleko alkohol-tasa gainditzen ez duten guztiek debekaturik izango dute ibilbidera sartzea.
Sariak: asko eta mota askotakoak, baina bat ere ez dago ofizialki berretsita.