Ir a Kukuxumusu.com

Gutxiago geratzen da ...

camisetas

Peñak ez ziren joan eguterako harmailara

12/07/2010. Herri-askaria karrikan, zezenketara joan ordez, Iruñeko Udalaren erasoaldiak salatzeko

Ezohiko imajina, atzoko zezenetakoa. Eguterako harmaila, hutsik; txarangarik ez, txaranga-doinurik ez, toreatzaileen faenak isiltasun osoan kasik, jendearen txaloek eta Pamplonesa musika-bandaren musika bakarrik lagun. Hitz batez, ez Iruñekoa, ez sanferminetakoa ez zirudien zezen-plazan egin zen atzoko korrida.

Udalaren erasoaldiak salatzeko eta sanfermin herritarrak eta partaidetzazkoak errebindikatzeko xedez peñek korridari egin zioten boikota eta ospatu zuten karrikako herri-merienda alternatiboa arrakastatsua izan zen, bai parte-hartzaileen kopuruagatik, baita jai-giroagatik ere. Peñen Federazioak deituriko ekitaldian ehunka lagunek hartu zuten esku, Karlos III. karrika oinezkoentzakora jan-edariekin hurbildu zirelarik.

Arratsaldeko zazpietan, Anaitasuna, Muthiko Alaiak, Única eta Bullicio peñetatik etorritako lau jende-multzo Karlos III.era heldu eta pankartak jarritakoan, jai eta errebindikazio giroko arratsaldea prestatu zuten: giro ederra, txarangen doinuak, kantak eta gainerakoak, zezen-plazan bezala, nagusi izan ziren. Azkenean, Alde Zaharrako karriketan barrenako kalejirak eman zion bukaera protestazko ekitaldiari.

Bien bitartean, zezen-plazan Juan José Padilla toreatzaileak faena epikoa egin zion bere zezenari, eguterakoen sostengurik gabe, tamalez. Ez eguterakoena eta, korridako bigarren partean ezta itzalekoena ere, hirugarren zezena eramandakoan makina bat zaletu futbola ikustera joan baitzen. Horrek zezen-plaza are hutsago eta tristeago utzi zuen.