Iruñeko alkatesa Yolanda Barcina-k hedabideen aurrean egin duen agerpenean 2010eko Sanferminen balioztapen ona egin du: "Jai distiratsuak izan dira, kontu on anitz eta txar gutxi" izan direla nabarmenduz; "beroak, Erraldoi eta kilikien Konpartsaren merezitako protagonismoak eta Espainiako futbol selekzioak lorturiko garaipenak eraginiko giro bikainak" markatu dute festa.
Berak esan duenez, Iruñeko Udalak 2010eko sanferminetako egitarau ofizialean antolaturiko ekitaldietara milioi eta erdi ikusle baino gehiago bildu dira, hots, iazkoan baino gehixeago. Halaz ere, Iruñeko Udalak emaniko datuen arabera, hirira etorritako bisitarien kopurua iazkoa baino %3,2 txikiagoa izan da. Ostalaritzako Enpresa Txikien Nafarroako Elkarteak (ANAPHE) dioenez, hotelen okupazioa %90ekoa izan da. Baina Iruñeko karriketan jende gutxiago izate horrek ez du ostalaritzako lanean eraginik izan, aurtengo kopuruak iazkoen paretsukoak direlako, urte honetako sanferminek lagungarri izan duten eguraldi ederrari esker.
Sanferminetako ekitaldi nagusiak su-festak eta erraldoiak izan dira: 470.000 lagunek ikusi dituzte su artifizialak Yanguas y Miranda, Armadaren Hiriburu eta Gazteluko Ingurutik; Erraldoi eta Kilikien Konpartsak, berriz, 225.000 lagun bildu ditu.
Segurtasunari dagokiola, Barcina-k esan duenez, jaso diren salaketen kopurua iazkoa baino %14 txikiagoa izan da; Poliziaren esku-hartzeak, aldiz, orduan baino %11,5 ugariagoak izan dira, kuantitatiboki.
Beira eta zaborrarekin herritarrek jokabide zintzoagoa agertu dutela nabarmendu du alkatesak: aurtengo sanferminetako bederatzi egunetan iazko data berberetan baino pisu gutxiago (%7) bildu baita. Azkenean, beren jokabideari esker, 2010eko San Fermin festak behar bezala gertatzea ahalbidetu duten pertsonei eskerrona agertu die alkatesak.