2010eko San Fermin festetako Zezen Feriak jardun deigarririk gabe esan du agur eta Iruñean jada ohikoak diren ganadutegiek, Peñajara, Cebada Gago, Miura eta Jandillak adibidez, kamusatu egin dute. Lau izan dira beren egitekoa azkendu eta ate handia lortu duten toreadoreak: Joselillo, hilaren 10ean Dolores Aguirreren zezenen aurrean; El Juli, 12an Victoriano del Ríoren zezenekin, El Fandi, 13an El Pilarrekin, eta Sebastián Castella, feriako azken egunean Jandillaren ganadutegiko zezenen aurrean.
Ez zen ikusi zezenketa onik 9a arte, Fuente Ymbroren zezenekin. Adardun gehienek zituzten faena onerako aukerak, baina Antonio Ferrera eta Rubén Pinar toreatzaileei animaliak hiltzeko garaian izan zuten abilezia eskasak bizkarrean ateratzea eragotzi zien. Dolores Aguirrerenak ere ongi egon ziren eta Joselillori, 10ean, feriako lehen ate handia lorrarazi zioten.
Victoriano del Ríorenek ere, hilaren 12an, eman zituzten aukerak eta El Julik belarri pare bat lortu zuen adardun batek eskrotoan ziztada egin eta gero. Horrek bizkarrean ateratzea, derrigor eginen zukeen bezala, eragotzi zion. El Fandik ere erdietsi zuen ate handia, 13an El Pilarren zezenekin, zeinek berena bete baitzuten. Bere egitekoa azkentzea lortu zuen beste toreatzaile bat Sebastián Castella izan zen, Jandillarenek zirudien baino gutxiago eman zuten arren. Oro har, beraz, bukaera hasiera baino hobea 2010eko San Fermin festetako Zezen Ferian.
Bost izan dira feriako 8 zezenketetan erizaindegian artatu behar izan dituzten toreadoreak. Francisco Marcori, Sergio Aguilarri eta Morenito de Arandari larritasun ezberdinetako zauriak egin zizkieten Cebada Gagoren zezenek 8an. Marco adarkatua izan zen eta zauri bat izan zuen belarrian, itxuraz horren handia ezen belarria ia-ia erauzi baitzion, eta bera ezin izan zen hondarrera itzuli. Padilla toreatzaileak, zeinek belarri bat moztu baitzuen, 11n bakeroz jantzita toreatzen bukatu zuen Miura ganadutegiko zezen batek harrapatu ondoren. El Julik, 12an, ziztada izan zuen eskrotoan eta, hortaz, ez zuen bi belarri moztu ondoren bizkarrean ateratzerik izan.
Miserikordia Etxeak Fuente Ymbro eta Victoriano del Río saritu eta Zezen Feriako garaikurra haiei ematea erabaki du. "Ezpata kolperik hoberena" saria El Cid-i egokitu zaio, El Pilarren "Caracol" adardunaren aurrean hilaren 13ko zezenketan egin zuen faenarengatik.
2010eko Zezen Feriako zezenketa guztien laburpena:
Uztailak 6. Fermín Bohórquezen zezenak (ezten hagak)
Fermín Bohórquez (esku zartak eta bi belarri)
Pablo Hermoso de Mendoza (bi belarri eta esku zartak)
Sergio Galán (belarria eta bi belarri)
Uztailak 7. Peñajara
Diego Urdiales (isiltasuna eta isiltasuna)
Luis Bolívar (isiltasuna eta isiltasuna)
Salvador Cortés (esku zartak eta isiltasuna)
Uztailak 8. Cebada Gago
Francisco Marco (isiltasuna)
Sergio Aguilar (isiltasuna, isiltasuna eta isiltasuna)
Morenito de Aranda (hondarreko bira eta isiltasuna)
Uztailak 9. Fuente Ymbro
Antonio Ferrera (isiltasuna eta belarria)
Oliva Soto (isiltasuna eta isiltasuna)
Rubén Pinar (isiltasuna eta belarria)
Uztailak 10. Dolores Aguirre
Iván Fandiño (isiltasuna eta isiltasuna)
David Mora (belarria eta isiltasuna)
Joselillo (isiltasuna eta bi belarri)
Uztailak 11. Miura
Juan José Padilla (belarria eta isiltasuna)
Rafaelillo (agurrak eta isiltasuna)
Javier Valverde (isiltasuna eta isiltasuna)
Uztailak 12. Victoriano del Río
Curro Díaz (isiltasuna eta agurrak)
El Juli (belarria eta belarria)
Alejandro Talavante (isiltasuna eta isiltasuna)
Uztailak 13. El Pilar
El Cid (isiltasuna eta belarria)
El Fandi (bi belarri eta isiltasuna)
Miguel Tendero (isiltasuna eta isiltasuna)
Uztailak 14. Jandilla
El Juli (isiltasuna eta isiltasuna)
Sebastian Castella (bi belarri eta esku zartak)
Miguel Ángel Perera (esku zartak eta esku zartak)