Ir a Kukuxumusu.com

Gutxiago geratzen da ...

camisetas

Agur Erraldoien eta Kilikien Konpartsari, urterik berezienean

14/07/2010. Protagonistak izan diren sanferminetan parte hartu ondoren, Iruñeari agur esan diote erraldoiek eta buruhandiek goxokiak banatuz

Iruñeko Erraldoien eta Kilikien Konpartsa berriro atera da karrikara, haur, gazte eta helduei agur esateko, beraiek ezbairik gabeko protagonistak izan diren sanferminetako bederatzi egunak partekatu ondoren. Eguarteko ordu biak aldera Udaletxe plazara heldu dira, Alde Zaharreko karrikak Udalbatzarekin zeharkatu ondotik. Buruhandiak plazarako balkoietara igo dira eta, bertatik, hurbildu diren haur eta guraso guztien artean gozokiak banatu dituzte. Berrugas-i malkoren bat eskapatu zaio baina, beti bezala, Caravinagre izan da gaur ere txalotuena. Erraldoiek dantzan egin ondoren, Duguna taldeko dantzariek beraiei egin diete dantzan. Ondoren, haur guztiei pot, patxo eta musuak eman dizkiete. Horrela eman diete bukaera 150. urteurrena ospatu duten sanferminei

Erraldoien, Buruhandien eta Kilikien Konpartsak horrela esan die agur 2010eko sanferminei, 150. urteurrena tarteko, hainbat omenaldi jaso ondoren. Uztailaren 6an Mari Ganuzak, konpartsa osoaren ordezkari gisa, txupinazoa jaurti zuen. Urtero Napardi Elkarte Gastronomikoak entregatzen duen "Urrezko oilartxoa" ere jaso du Konpartsak. Hiriko dendetako erakusleiho ugari erraldoien eta kilikien miniaturekin apaindu dituzte eta Kukuxumusuk ere berebiziko omenaldia egin die, urteurrenerako berariazko kamiseta diseinatuz.

Sanferminetako pertsonaiarik maitagarrienek era horretan agur esan diete bederatzi eguneko jai-ekitaldiei. Orain, Autobus Geltokian atseden hartzen ari dira, datorren urteko sanferminetan indarberriturik parte hartu ahal izateko.