Barraketako ia tramankulu denetan mareatzen naiz, gurpil handian bereziki. Aspaldi-aspaldiko partez ez naiz igo horrelako batean, beste kabina batean zihoan emakume bati txahala bota nionetik. Emakume dotore hark halako zezen zikina esan zidan, arrazoi handiz esan ere. Geroztik gerturatu ere ez naiz egin (akaso halako batean ezagutu eta bota egingo nindukete) baina gainerako barraketako inguruetan ibiltzen naiz paseoan, idiskoa bezain pozik. Asmatu duten traktore-tren horretara igotzen naiz gustura, zezenak onartzen dituztelako eta gantzik alferrik galtzea eragozten duelako. Hantxe jartzen naiz, txurroak, ardo goxoa edo txoke-autoetan sartzeko inbitazioak onartzeko prest. Eta gozatzeko irrikatan.
Trakets, beldurti eta bista eskasekoa naizenez, arrisku txikienekoetan bakarrik ausartzen naiz: "atuti jorovi, lehiaketako ekipo txapeldun" edo Gutixiak tonbolan, dagoeneko txakurtxo piloturik gabea baina bob-belakiez eta antzeko gauza modernoez dotoretuta. Hori bai, sugetik olagarrora eta txirritatik harrera doazen ausartak kemen osoz animatzen ditut. Gutxien gustatzen zaidana pony zalditxoak zaldiko-maldikoetan estekaturik ibiltzea, feriako piztiak bailiren. Bidezkoago eta dezente politago litzateke aske ibiltzea, ostikadak banatzen Takonera parkean. Beraiei ere zuzen irudituko zaie hori, seguru.
"Gaixoa ni" ekitaldiaz, hitzik ez, nahiago. Penak ospatzea? Ez dut ulertzen. Kukuxumusukoek lerro hauek ordenagailuan jarri eta jendeak irakurtzerako ni ahanzturaren lozorroan egongo naiz, eta hiria toki garbiz mozorroturik ibiliko da. Hau rolloa!
Erretiratzen ez banaute, datorren urtean ere kalakan, matraka emanez segituko dut. Zezen urdinaren promes.