Ir a Kukuxumusu.com

Gutxiago geratzen da ...

camisetas

Festa burutzeko, uztailaren 15eko entzierroa

15/07/2009. Entzierrozale gazteek Telefonica aldean metro batzuk lasterka egiteko tradizioari eutsi dote. Areago, korrikalari bat piztia mekanikoaren konkor gainera igo da

Hilaren 15eko entzierroa giroz ez ezik, jende askoren partaidetzaz ospatu da atzera ere. "Uztailaren 15 Mugimenduak" Txarly tximinoarekin, Patroi Sainduarekin, mazolari sainduekin eta Indurainekin duen hitzorduari heldu dio, aurtengoan ere. Berrehun bat pertsona bildu dira ekitaldira, ohiko entzierroa emulatuz, bertan ohiko deus ez zela: ez zezenik, ez hesirik, ez ziurtapen-agiririk, ez lasterkaririk. Zer zegoen, ordea? Parranda egiteko gogo bizia, giro aparta eta festari amaiera emateko presarik ez. Jende samaldak Indurain txirrindulariaren eskutik eta Txarly tximinoa lagun osatu du entzierroko ibilbidea, era guztietako kantak tarteko. Horietako herrikoiena, "La fiesta no termina cuando dice la Barcina" izaki, badira Udaltzaingoaren betekizuna hala-moduzko giroan deskribatzen dutenak ere.

Indurain xelebrea "Spada" txirringa berezian zihoalarik, bidean eragozpen eta barrikadak topatu ditu. Santo Domingo aldapan, Udaletxeko sarreran, kale gorrian utziriko besaulkiak Estafetako pentatxapeldunari ibilera geldiarazi dio. Labaintzearen aurkako produktua eta Mercadereseko ukondoa ere oztopoak izan ditu: horren froga, partaide guzti-guztiak erori dira lurrera, elkarrekin. Denetik gertatu da bertan; areago, Txarly tximinoak sexu-erasoa nozitu omen du baina ez da arrunt desatsegina izan, nonbait. Txarlyk berak adierazi digunez, ez ei da ezertaz oroitzen.

Ibilbidearen amaierara iritsita, Sanferminetako azken(aurreko) jai-ekitaldia lehertu da: partaideetako batzuek 3. lineako busari bidea moztu eta entzierrotxoa osatu dute horrela. Parte hartzaile bat piztia mekanikoaren konkorrera iritsi den bitartean beste batzuk lur santura bota edo erori dira. Bidaiariak trastetik jaitsi dira, umorez (ze erremedio!), eta gidariak Txarly eta bere ama izan ditu biziki gogoan. Trafikoa birnormalizatzeko asmoz Udaltzaingoa jende oldetxoa sakabanatzera gerturatu denean, herri-ordenaren saboteatzaileak barreiatu egin dira, mehatxu bat eginik: datorren urteko uztailaren 15ean hementxe izango dira berriro.