Ir a Kukuxumusu.com

Gutxiago geratzen da ...

camisetas

Entzierroan hiltzea

10/07/2009. Daniel Jimeno Romero, Alcalá de Henares-koa (Madril), hil egin da Telefonica aldean, adarkada jasotzearen ondorioz

Daniel Jimeno Romero, Alcalá de Henaresko 27 urteko gaztea, gaur goizeko bederatzi laurden gutxietan hil da, 2009ko Sanferminetako laugarren entzierroan, Telefonica aldean, Jandilla ganadutegiko zezen baten adarkada lepoan hartuta. Lasterkariak, ospitalean sartzean, ez zuen arnasten eta fakultatiboek bizirik iraunarazteko ezin izan dute deus egiterik.  

Nafarroako Gobernuko Osasun Kontseilari María Kutzek prentsa-aurrean berretsi duenez, gazteak lepauztai azpian nozitu duen zauritik odol aunitz galdu du eta, bihotza geldirik, Nafarroako Ospitalera eraman dute. Erietxean gaztea suspertzeko ahaleginak egin badituzte ere, zauri horrek bizirik irautea galarazi dio, bertako sendagileek adierazi dutenez. Ebakuntza-gelan toraxa irekirik, birikako goi-lobulua zulatua, gorako aortan adar-zaztada eta kaba zaina erauzia zuela ikusi dute.

Ospitaleko iturriek jakinarazi dutenez, gazteari adarkadak zauria eragin dio ezker lepauztaian, goitik beherakoa.

Orain gorpua Nafarroako Ospitaleko institutu anatomiko-forentsean datza eta gaztea identifikatze-lanetan ari dira adituak. Bertze aldetik, Iruñeko alkatesa Yolanda Barcinak adierazi duenez, gazteak zeukan eraztunean espainierazko esakuneak (Cristina, 25 de noviembre de 2003) jatorri espainiarrekoa izango zela pentsatzeko bide eman du. Barcinak erantsi duen bezala, eskuin besoan indiar bat du tatuaturik eta, dirudienez, senide batzuk Ospitalera hurreratu dira, zendutakoaren nortasuna plazaratu ez bada ere.