Iruñeko alkatesa Yolanda Barcinak gaur goizean hedabideen aurrean, 2009ko Sanferminetako balantze ofiziala aurkezteko eman duen prentsaurrekoa uztailaren 10eko entzierroan gertatu zen Daniel Jimeno madrildar gaztearen heriotza tragikoak markatu du. Barcinaren arabera, entzierroan hartu beharreko segurtasun neurriak har daitezen ahaleginetan segituko dute eta, erantsi duenez, adiera horretan aldez aurretik eginiko lana izan da entzierroetako lasterkarien artean tragedia gehiago ez izanaren klabeetako bat. Adiera horretan, Entzierroen II. Jardunaldien ardatzetako bat lasterketako segurtasuna izango dela iragarri zuen alkatesak. Hilaren 8ko entzierroan bildu zen jende gehien baina, alkatesak dioenez, egun hartakoa garbi eta gorabeherarik gabe egin zen. Ondorioak atera zituen Barcinak: adardunen aurrean ez dago ezer asmatzerik, jende asko izan edo gutxi izan, "zezenak zezen baitira".
2009ko Sanferminetan antolaturiko jardueretan iruindar eta bisitarien partaidetza eskerga ere azpimarratu du alkatesak: Rodezno Kondearen plazan haurrentzako jolasen arrakastatsuak, su festak ikusteko asmoz hiriko bazter aunitzetara gauero-gauero gerturatu izan diren 60.000 lagunak eta beste hainbat. Barcinak emaniko datuek adierazten dute krisiak ez duela zuzeneko eragina izan herritarrek jai-giroko ekitaldietan parte hartzean: Iruñera iazkoan ia bezainbeste bisitari etorri dira aurten ere eta hotel eta ostatu gehienak oherik gabe geratu dira egunotan.
Alkatesak, beste aldetik, beiraren birziklatze kontuetan jendeak jokamolde hobea izan duela nabarmendu du: 2008 urtekoa baino %7,4 handiagoa izan da aurten. Bide bertsutik, datorren urtean edukiera handiko paperontzi gehiago ezarriko dituztela adierazi du, aurten karrikan jarritakoek ongi funtzionatu dutelako, eta, bukaera emateko, 2009ko Sanferminak aparteko gorabeherarik gabe gertatzea lagundu edo erraztu duten pertsonei eskerrona agertu die.