Aurtengo Sanferminetako lehen entzierroan Alcurrucén (Toledo) ganadutegiko zezenek bi minutu eta erdiko lasterketa azkarra egin dute eta zezen adarrak harrapatu edo zauriturik ez da inor gertatu; soilik lau lagun eraman dituzte Iruñeko ospitaletara. Bere laugarren parte hartze honetan Alcurrucén ganadutegikoek arras noble jokatu dute: ibilbide osoa lasterkariz josia egotearren, tarte denetan erorikoak gertatu badira ere, sendagileek traumatismoak bakarrik artatu dituzte.
Alcurrucén-go zezen-taldea Santo Domingoko ukuilutik bizi-bizi irten eta joaldunen babespean egin du aldapa osoa, noblezia handiz egin ere, 2009ko Sanferminetako lehen entzierroan parte hartzea erabaki duten lasterkari ugari-ugarien aurka oldartu gabe eta adarkada-imintziorik egin gabe ere.
Santo Domingo aldapa bukatzean, zezen beltz batek taldekideei aurrea hartu eta saldoaren aitzindari bihurtu delarik, korrikalariak adarretatik zentimetro gutxitara zihoazen, lasterketa polit-politak eginez Santo Domingon, Udaletxeko plazan eta Mercaderes karrikan.
Karrika horren hasieran, hain zuzen, arrisku-uneak bizi izan dira, bi zezen beltz labaindu eta bi lasterkari harrapaturik gertatu direnean. Dena den, zorionez lurrean mugitzeke geratu dira eta ez dute larritasun handiko zauririk nozitu. Saldoak abiada bizia hartu, Mercaderes aldapatxoan lerratu gabe, eta Estafetara korrika egin du.
Entzierroko tarte luzeenean ikusi dira korrika saio politenak; zezen-taldea pixkanaka luzatuz joan denez, tarteak utzi dituzte batetik bertzera eta horietan sartu dira lasterkariak, adar-puntetan ibiliz. Estafetaren hasieran saldoa trinko zihoan, joaldunek babesturik, baina handik metro batzuetara zezen bat labaindu, gazte bat harrapatu eta gainerakoetatik urrun gelditu da. Handik metro batzuetara bertze zezen batek ere arrisku-uneak sortarazi ditu, korrikalari baten aurka oldartu delarik, baina lasterketak, oro har, ikusgarriak izan dira tarte osoan.
Saldoak Telefonica tartea eta ibilbidearen bukaera abiada bizian egin dituen arren, horietan ere erakustaldi politak egiteko parada bilatu dute lasterkariek.
Taldean aitzindari zihoazen lau zezenak sartu dira aurrenak plazan; gibelean bertze bi zetozen, banaka, troska alaian. Zezentzain trebeen laguntzaz, azkenik, adardunak beren zezentokietan sartu dira, bertze arrisku-egokierarik eragin gabe.
Lau lagun ospitaleratuak izan dira Sanferminetako lehen entzierroan baina adarkadarik ez du inork hartu
Aurtengo Sanferminetako lehen entzierroaren balantzea ez da larria izan: Iruñeko ospitaleetara lau lagun eraman dituzte baina bakar batek ez du adarkadarik nozitu. Nafarroako eta Bideko Amabirjina Ospitaleko larrialdi zerbitzuetan artatu dituzte laurak.
Lau zaurituetako bi Nafarroako Ospitalera eraman dituzte: bata, Madrilgo 31 urteko gizonezkoa, Estafeta karrikan besoan zauria nozitu duena; bestea, Castello-ko 21 urteko gizonezkoa, tarte horretan bertan traumatismo lunbarra jasan duena.
Bideko Amabirjina Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuetan, berriz, beste bi lasterkari artatu dituzte. Bata, polikontusioa eta ezker belarrian zauria nozitu zituen gizonezko amerikarra, Mercaderes karrikan ezbeharra izan duena. Bestea, Eskoziako 28 urteko gizonezkoa, Santo Domingon polikontusionaturik gertatu dena. Lau ospitaleratu horien zaurien balorazioa egiten ari dira orain osasun-zerbitzuetako arduradunak.
Alcurrucén-go ganadutegiko sei zezenek korritutako lehen entzierroa "azkar eta garbia" izan dela azpimarratu du Maria Kutz Osasun Kontseilariak. Bestetik, Kutzek jakinarazi du gauean larrialdi zerbitzuetan 351 pertsona artatu dituztela, 169 Nafarroako Ospitalean eta 182 lagun Bideko Amabirjina Ospitalean. Osasun Departamentuko titularrak nabarmendu duenez, artapen-kopuru hori edozein egunetan ohikoa den arren, artatuen profila bestelakoa da toxikazio etilikoak, traumatismoak eta zauriak ugaldu baitira.
Agerraldi horretan gogorarazi du Kutzek entzierro ibilbide osoan 16 osasun-artapenerako gune daudela (53 metroko tarte bakoitzean bat) eta ia berrehun lagun arduratzen direla zerbitzu horietaz. Goizean goiz, ordea, hiriburuko ospitaleetako zerbitzu-guardia ugaldu egiten da, lanera datozen langileak eta txanda bukatu dutenak elkartu egiten baitira une horretan. Horri esker, entzierroetan ezbeharrik izan duten lasterkariek artapen hobea jaso ahal izaten dute
Sanferminetako euren laugarren parte hartzean, Alcurrucén ganadutegikoek lau traumatismo eragin dituzte
Entzierroaren kronika /
Zaurituen oharra
Gaurko argazki onenak

Asteartea, uztailak 7
Alcurrucén
Navalmoral de la Mata (Cáceres)
4 encierros. 17 atendidos. 0 heridos por asta

17º


2'30''
4
0