Ir a Kukuxumusu.com

Gutxiago geratzen da ...

camisetas

Azken eguneko entzierroak parrandari bukaera eman

15/07/2008. Hirurehun lagun, Patroi Saindua eta "Indurain" bildu ziren atzo "Uztailaren 15 Mugimenduak" antolaturiko gautxorien ekitaldi tradizionalera

"La calle es tuya", "La fiesta no termina cuando dice la Barcina" -Iruñeko alkatea- eta antzeko kantak izan ziren goizeko zortzietarako uztailaren 15eko entzierrora (hasiera batean, "Villavesarena") bildu ziren hirurehun lagunek gehien interpretatu zituztenak. Entzierro akrata hori antolatzen duen "Uztailaren 15eko Mugimenduak" sustatzen du, jai giroak amaiera izan ez dezan sinbolizatu nahian.

Beti bezala, Pobre de Mí kantatu ondoren, Estafetan barrena ibili zen prozesio laikoa: bertan esku hartu zuten Charly tximinoak -Iruñeko pertsonaia ezaguna- eta mazolariak (trufazkoak). Ospakizuna goizeko 7,45etan bukatu da Santo Domingoko horma-hobiaren pean. Aurtengo berrikuntza gisa, zezen-papera interpretatuz, Dj Xuelto instalazio artistiko musikala erantsi zitzaion ekitaldiari. Erdi anplifikadore, erdi zezen, entzierroko ibilbidea musikaren konpasean osatu zuen, banakuntza-furgonetei saihets eginez.

Suziria jaurti zenetik "Miguel Indurainek", bizikleta gainean, bengalek, oihuek, eta "Indurain, Indurain" klasikoak babesturik, zezen plazako ate itxia jo arte, entzierroak bost minutu eskas iraun zuen. Harrapaketa arinen bat suertatu zen eta sasi-zezenek eta sasi-lasterkariek Mercaderes karrikako bihurgunean laprast egin, lurrera zerraldo erori eta sekulakoa hartu zuten, ez labaintzeko produktua kendua baitzegoen ordurako. Zezen musikalak "Indurain" aurreratu zuen Estafeta karrikan, Muthiko Alaiak peña parean hainbat oldartze-imintzio egin zuenean.

Historia pittin bat

Entzierro herritar horren jatorriaren berri "Uztailaren 15eko Mugimenduak" berak jakinarazi digu, umore ttantta batez. Laurogeigarrenetan, erdialdean, "Iruñeko gauean aukeratutako gizasemerik bikainenek Villavesa autobusaren entzierroa asmatu eta gorpuztu zuten. Handik gutxira, autobus hori Udalak giltzaperatu zuen, behin ere egin ez zuen delitu baten akusaziopean.

"Klandestinitateko urte bihurri haietan buztan eta adarrez hornituriko furgoneta batek sexu denetako gazteen artean izua harrotu zuen. Laurogeigarrenen erdialdean Jotas agertu zen, Indurainez jantzirik eta Espada izeneko txirringa ospetsuaren gainean. Egun ere, sexu bietako gazteek horren aurrean korritu behar izaten omen dute. 2003an Patroi Saindua agertu zen eta, horrekin batera, Uztailaren 15eko Mugimendua. Egun, Udalak horien peskizan diharduen arren, ezkutupeko parrandazale gisa bizi dira, gautxori bizi ere. Arazorik izanik, tabernaren batean topatzen badituzu, agian kontratatu egin ditzakezu ..."