Sanferminetako lehen mailako elementuetako bat alkohola da: garagardoa, kalimotxoa eta gradu handiagoko beste hainbat edabe nonahi, noiznahi agertzen dira festa hauetan. Ospakizunetan, hasi txupinazoan jaurtitzen den txanpanetik eta plazan, zezenen zozketa egitean hartzen den "fino" horretara arte, edaria edonoren eskura dago, ez dio inporta herrialdeak, arrazak, sexuak... ezta adinak ere, batzuetan.
Sanferminetan gehien kontsumitzen edari alkoholikoa garagardoa da, inondik ere: ederki sartzen baita gauerdian zein goizean, baina badira bestelako edabeak ere., Gazteenen artean berariaz arrakastatsua den kalimotxoa, ron, whiski, ginebra zein vodkadun konbinatuak -hauen presentzia ugalduz doa, urterik urte- edo giriek erruz kontsumitu baina etxekoek sakon arbuiatzen duten tetrabrickeko sangria dira egunotan gehien eskatzen direnak, Jarauta karrikako ostalaritzako profesionalen arabera.
Edari horietako edozeinek, ordea, tamainaz haratago harturik, arazo larri bihur dakioke burugabe jokatzen duenari. Hilaren seitik igande goizaldeko seiak arte, 54 lagun artatu behar izan ditu Gurutze Gorriak, toxikazio etilikoak nozitu dituztelako. Egunik okerrena atzo, larunbata: hamabost pertsonak behar izan zuten laguntza. Nolanahi ere, Gurutze Gorriko arduradunek diotenez, aurtengoa ez da denetan txarrena.
Aurreko urteetan berariazko artapen-zentroa egokitu izan da -"koktelera" ezaguna-Vázquez de Mella ikastetxean. Aurtengoan, ordea, alkoholagatiko toxikatuak San Martín Doktore Anbulatoriora eroaten dira: bertako gela batean pazienteei sueroa eta B bitamina aplikatzen zaie, alkoholaren eragina arintzeko. Kaka pasatutakoan, oraino erdi ongi baizik ez dabiltzala, etxera bidaltzen dituzte, berebiziko ajeak astintzera. Koma etilikoan daudenak, berriz, ospitalera doaz zuzenean.