Kaliforniako lasterkari batek 12 zentimetrotako adarkada bat jaso du ipurmasailean eta beste bat arinki zauritu da. Sanferminetako hirugarren entzierroa Cadizko Fuente Ymbro ganadutegiko zezenek egin dute, emozioa eta arriskua bereizgarri izaki. Telefonica aldean, bereziki, adardunetako bat gibelean geratu eta lasterkarien aurka oldartzeko imintzioa behin baino gehiagotan egin du. Unaietako bat lurrera erori da hesitik gertu baina, beharrik, susto hutsa izan da dena.
Lasterketa abaila bizian egin da, azkeneko zezenak luzatu badu ere: denera, 3 min. 42 segundo iraun du. Adar-zauria pertsona bakar batek nozitu omen du hirugarren entzierro honetan.
Cadizko Fuente Imbroko zezenak ziztu bizian irten dira Santo Domingoko eskortetatik eta, hasieran joaldunen babesean ibili badira ere, pixkanaka aurrea hartu diete idiei.
Trinko samar etorri da saldoa Udaletxeko Plazaraino baina Mercaderesen hiru buruk aitzina egin eta abaila handian sartu dira bihurgunean.
Aurreko zezenak lasterkari bat harrapatu eta beste mutil bat astindu du baina biak zutitu eta korrika irten dira berehala. Handik metro gutxitara osatu den montoi txiki bat zezenaldea gidatzen zuten hiru adardunek zanpatu dute. Oso litekeena da gaurko entzierroan adar-zauria nozitu duen pertsona bakarra hortxe bertan harrapatua izatea.
Gibelean geratu diren hiru zezenak ere abiadan iritsi dira berehala eta Mercaderes karrikako bihurgunean ez dira labaindu. Estafetan eroriko asko gertatu dira eta, ondorioz, montoiren (jende-metaketaren) bat ere osatu da.
Aitzin eta gibeleko zezenek ostera bat eginik, adar tarteetan ibiltzeko aukera bila jardun behar izan dute lasterkariek. Gaurkoan, berriro ere, emozioz beteriko lasterka saioak ikusi ditugu. Erdi parera iritsitakoan, gainera, piztietako bat aitzinatzeari esker, mutilek adarretatik gertu-gertu korritzeko aukera izan dute.
Telefonicako tartean, Mercaderesen modura, izan dira gaur arazo gehien, bertan adardunetako bat itzuli egin da behin baino gehiagotan, bertara lasterkari ugari bildua baitzegoen orduan.
Zezena gobernatzeko ahaleginetan zebilen unaietako bat ezkerreko hesitik gertu erori den unea tentsio handiz bizi dute denek, lurrean zegoela, haren kontra oldartzeko keinua egin baitu adardunak.
Gainerako unaiek eta hesian zeuden lasterkariek berehala erreakzionatu eta eroritako lagunagandik zezen soltea arazorik gabe urrutiratu dute.
Unaien eta ohiko lasterkarien trebeziari esker, azken zezen hori ere plazan sartu da baina entzierroaren iraupena luzea izan da gaur: 3 min. 42 seg.