Sanfermin.com
Encierro y fiestas de Sanfermin, del 6 al 14 de julio de 2013

Gutxiago geratzen da ...

camisetas

Erlazionatutako estekak

parte de heridos Kronika  mejores fotos Argazki onenak  fotos por tramos Entzierroa atalezatal

 

2008ko uztailaren 9a - Zaurituen berri

Lasterkari batek adarkada nozitu eta beste bat arinki zauritua Sanferminetako hirugarren entzierroan

W.M.D. Kaliforniako (AEB) 22 urteko gizonezkoak gaur goizeko entzierroan 12 zentimetroko adarkada hartu du eskuin ipurmasailean, sabelean sartu ez zaion arren, eta izterrean zauria du, Nafarroako Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuak emaniko datuen arabera, bertara eraman baitute Estafeta kalean zezenak harrapatu duen gazte hori.

Gazteari ebakuntza kirurgikoa egin zaio berehala eta Kirurgia Zerbitzuko gelara eraman dute, Traumatologia Zerbitzuak bere balorazioa egin behar duen arren. Pronostiko larria du baina bizia ez dago arriskuan.

Greziako O.P.P. 20 urteko gaztea Bideko Amabirjinaren Ospitaleko Larrialdi Zerbitzura eraman dute, era berean, egungo entzierroan Udaletxe Plazan sudurreko traumatismoa jasan baitu. Pronostiko arina du eta, hortaz, baliteke gaur bertan alta ematea.

Lehen bi entzierroetan zauriturik gertatu ziren pertsonetako seik ospitalean segitzen dute

Halaber, Nafarroako Osasunbide Zerbitzuak Iruñean dituen bi ospitale publikoetan orain (goizeko 11k) ingresatuak daude aurtengo aurreneko bi entzierroetan zauriturik gertatu zirenetako sei pertsona.

Nafarroako Ospitalean daudenak:

-J.P., 20 urteko gizonezkoa, Kaliforniakoa (AEB), hilaren 7an zauritutakoa, buruan traumatismoa du eta gelan dago, behapenean. Ongi bilakatzen ari da eta baliteke gaur bertan alta ematea.

-B.K., 26 urteko gizonezkoa, Koreakoa. Hilaren 7an zauritutakoa, buruan traumatismoa du eta gelan dago, behapenean. Ongi bilakatzen ari da.

-J.E.A., 37 urteko gizonezkoa, Lekunberrikoa (Nafarroa). Hilaren 7an zauritua. Saihets batzuk hautsita hainbat zauri bularrean, sabel jiran hematoma eta barean fisura. UCI-n dago, ongi bilakatzen ari delarik, pronostiko larria badu ere.

-A.G.H., 37 urteko gizonezkoa, Amorebietakoa (Bizkaia). Hilaren 8an zauritua. Eskuin ukondoan eta gerrialdean traumatismoak ez ezik, orno bat ere hautsia du. Ongi bilakatzen ari da eta pronostikoa ez da hain larria.

Bideko Amabirjinaren Ospitalean, berriz, paziente hauek daude:

- E.I.P., 31 urteko gizonezkoa, Bilbokoa. Hilaren 8an ospitaleratu zuten, sakonera handirik gabeko adar-zauria ezker izterraren barnealdean duela. Ebakuntza kirurgikoa egin zitzaion atzo Traumatologia Zerbitzuan. Ongi bilakatzen ari da eta pronostikoa ez da hain larria.

- J.M.I.S., 45 urteko iruinsemea. Hilaren 8an ospitaleratu zuten, eskuin orkatila parean tibia eta peronea hautsiak zituelako. Atzo bertan ebakuntza kirurgikoa egin zitzaion Traumatologia Zerbitzuan. Ongi bilakatzen ari da eta pronostiko larria du.