1. Hizkuntza. Kanpotarra bazara komeni zaizu gaztelaniazko hasi-masi batzuk jakitea. Gure hirian jende guztiak ez du ingelesez egiten eta mesede eginen dizu euskaraz jakiteak eta jaien inguruan zer esana duten gehientsuenek mintzatzen dituzten hizkuntzak erabiltzeak.
2. Parranda. Kasu jaiak irents ez zaitzan. Sanferminek arrastatzen ahal zaituzte eta, ohartzerako, jaiak bukatuak daude eta ezin hobeki pasatu izan duzu, baina ez duzu izanen zer argitaraturik. Lana eta parranda bateragarri egin daitezke baina beren neurrian.
3. Erne esaten dizutenarekin. Sanferminetako alderdi bakoitzak iritzi ugari sorrarazten ditu eta oso ezberdinak, batzuetan. Erne esaten dizutenarekin, kazetari ona baitzara, iturri ezberdinak bila itzazu berri bat ontzat edo iritzi bat orokortzat eman aurretik. Iruñean ia ezeren inguruan ados ez egoteko ohitura dugu.
4. Txantxak. Sanferminetan ia jende guztiak jai izaten du eta, batzuetan, kanpotarrei txantxak egitea edo ziriak sartzea izugarri gustuko izaten du. Kasu! Zalantzarik izanez gero, historia ontzat eman aurretik fidagarri antza ematen duen norbaitekin kontsultatu.
5. Mitoak. Utzi alde batera aurreiritziak eta aurrez bururatuak. Sanferminetan lehenengo aldia baduzu, hobe duzu aurretiazko edozein ideia ahaztea. Hor barna ibiltzen diren mitoak ez dira egiazkoak izaten. Bi adibide: entzierroan zezenei ez zaie erasotzen eta kalean inork ez dezake nahi duena egin, ordena eta agintea mantentzen dira.
6. Asmoak. Sanferminak ez dira habitatik egokiena kazetari estu eta ordenatu batentzat. Zaila da norbaitekin elkartzekoa izan eta hura esandako orduan agertzea, zaila da lekuetara iristea eta zaila da nolabaiteko asmoak izan eta hauek betetzea. Jende asko izaten da, buila handia eta zailtasun ugari dena behar bezala ateratzeko. Ez larritu horregatik.
7. Arriskua. Kontuz non sartzen zaren. Txupinazora edo goizeko 3retan Jarauta karrikara bideo kamera bat hartuta sartzea arrisku larriko operazioa izan daiteke. Gaiak erakarri bazaitu eta irudi zirraragarrik lortu nahi baduzu, egizu, baina beti ere jakinik zer egiten duzun eta, batez ere, babestu zeure kamera. Honi eta zeuri denetik eroriko zaizue gainera.
8. Aurretik eta ondoren. Astirik baldin baduzu eta ahal izanez gero, ez legoke batere gaizki jaiak hasi baino egun pare bat lehenago etortzea, hiriaren eraldaketa egiaztatu ahal izateko. Ez izutu, hilaren 5ean lur hartu eta hiri honetan bakanal izugarri baten aurrean zaudela adierazten duen inolako zantzurik aurkitzen ez baduzu, 6an goizean hasten baita dena.
9. Janzkera. Janzkerak garrantzia badu. Ez dizugu esanen jantzi tipikoa janzteko baina "giri" despistatua eman nahi ez baduzu, hobe duzu zapi gorria bederen lepoan janztea.
10. Informazioa. Ez saiatu guztia kontrolpean izaten, eta gutxiago entzierroaren ingurukoak. Nafarroako Gobernuak (www.navarra.es) zaurituen partea eskaintzen du egunero. Beste berri batzuk ere ematen ditu festen martxa azalduz eta amaieran balantzea egiten du, nola atera den guztia azalduz. Gainera, edonoiz jo dezakezu Sanfermin.com-era eta informazio bikaina eskuratu.