Kartela Zaragozako 26 urteko Enrique Royo gazteak egin du, bere hiriko publizitate agentzia batean diseinugilea da eta, San Fermin jaiak zuzenean ezagutzen ez baditu ere, 2002ko San Fermin Nazioarteko Lehiaketa irabazi du.
Lan horretan Royok tipografiarekin jokatu du gehienbat eta, atzealde gorri baten gainean, “S” hizkia zuriz eta “F” hizkia beltzez jarri ditu Iruñeko jaietako ekitaldi adierazgarriena, entzierroa, sinbolizatuz, aurretik korrikalariak eta atzetik zezenak, alegia. Lehiaketaren epaimahaiak, udal talde bakoitzaren ordezkari batez eta lau adituz osatuak, lan irabazlearen berrikuntza kontzeptuala nabarmendu du zeren elementu grafikoak, abstraktuak, elementu figuratibo gisa erabili baititu.
Epaimahaiko kide guztiek onetsi egin dute aurkezturiko lanen kalitate maila, bereziki lan irabazlearena, "jaiaren kolore nagusiak dituen indar handiko irudia, tipografiaren erabilpen erabat eraginkor eta egokiaz hornitua" baita. Aragoiko gaztea harriturik eta aldi berean pozik agertu zen, lehiaketa batera aurkeztu den lehenbiziko aldia delako, hala ere, ez zuen kezkatzen lanaren inguruan sor litekeen eztabaidak.
Royok aipatu zuen kartela egiteko orduan baztertu egin zituela San Fermin jaietako ohizko elementu tipikoak, adarrak eta zezenak, "oso ikusiak" daudelako, baina ez ditu alde batera utzi jaian nagusi izaten diren koloreak (zuria, gorria eta beltza). Irabazleak 4.207,08 euroko saria jasoko du dirutan eta lanaren gaineko eskubide guztiak Iruñeko Udalari eman beharko dizkio, karteletan, programetan eta bestelako euskarrietan erreproduzitzeaz Udala arduratuko baita.
Zaragozakoaren lanarekin batera, beste hiru lanek jaso dituzte epaimahaiaren aipu bereziak: Abel Rocha Ramírez madrildarraren “Cuatro Toros” ("Lau zezen") izeneko kartela, finalista izan zena; Francisco Javier Díaz Benito iruindarraren “Estallido” ("Eztanda") izeneko kartela, hirugarren gelditu zena; eta Luis Felipe Barrio González arabarraren “En movimiento” ("Mugimenduan") izenekoa, laugarren gelditu zena.
Aurtengo edizioko parte-hartzea sekula baino handiagoa izan da, 616 lan aurkeztu baitira, iaz baino 265 lan gehiago, hain zuzen ere. Lanen jatorria, aurreko urteetan bezala, anitza da: 260 Nafarroakoak dira, 333 Estatuko beste leku batzuetakoak eta 23 atzerrikoak (Frantzia, Italia, Mexiko, Grezia, Ekuador, Ingalaterra eta Argentina). Aipatu lanez gain, epaimahaiak lehiaketara aurkezturiko 54 kartel hautatu ditu Kultur arloak Deskalzos kaleko 72. zenbakian duen aretoan uztailean eskainiko duen erakusketa monografikoa prestatzeko.
Suscríbete al boletín de noticias