Ir a Kukuxumusu.com

Gutxiago geratzen da ...

camisetas

2004. Pop.

Mikel Urmeneta y Marta Coronado.

Kukuxumusuko zuzendari sortzailea den Mikel Urmenetak eta bere enpresako I + G departamentuko partaide batek elkarrekin eginiko afixa izanen da 2004ko Sanfermin jaiak iragarriko dituena. Iruñeko Udalak antolatutako aurtengo lehiaketara guztira 622 afixa aurkeztu dira, horietako asko munduko hainbat herrialdetakoak.

Datozen sanferminak iragartzeko hautaturiko kartela berea zela jakinda, Mikel Urmenetak poztasuna agertzen zuen eta Marta Coronadorekin egin zuen lana ulertzeko gakoetako batzuk azaldu zituen. “Sanferminetan egondako amona haitiar batek eginen lukeen tapiza da” izan zen lehena. “Sanferminen berezkoena irudikatu nahi izan dugu, entzierroa alegia, baina saltsa eta parranda ere bai. Beroago izatea nahi genuen, sanferminetako parranda giroa erakuts zezan.

Eta irudien forman anormaltasuna lortu nahi genuen, baina horren atzetik lan handia dago, batik bat Martak egina, eskulanean berak jarri baitu maitasun osoa”, gaineratu zuen. 2004 hau bere urtea eta Kukuxumusurena litekeen galdetuta, zera erantzun zuen Urmenetak: “Sanferminotan nekagarri samar suertatuko gara, ez dakit Udala gogaituko duen gurea hain erakargarri gertatzeak, baina uste dut hori ez dela txarra. Gainera, kartelak badu Kukuxumusuren zerbait iradokitzen duen estiloa, baina aldi berean gure markaren oraingo marrazkitik aldendu egiten da”.

Hamalau urte igarota, Urmeneta berriro aukeratu dute Iruñeko festak iragartzeko, bereziki pozgarritzat hartu zuena. “Ilusio handia egin dit, zeren nire amona-errautsetatik birsortzea bezala da. Lehiaketetan zorteak pisu handia izaten du, baina gustatu egiten zait hamalau urte pasatuta hau gertatzeak festak buruan ditudan bezalaxe erakusteko aukera ematea”. Xehetasun batzuk zezenen silueten sexu ezaugarriak esaterako ez dira nabarmendu gabe geratu.

Mikelen iritziz, horrek ez du garrantzirik, “beti gustatzen zait nire marrazkietan sexu xehetasunen bat sartzea”. Bukatzeko, zehaztasun batzuk kontatu zituen Urmenetak, marrazkia ezkerreko eskuaz egin zuela eta ez zuela polemika eragiteko asmorik adibidez: “Ez dut polemikarik eragin nahi izan, azken lau urteetako kartelen segida bukatu nahi nuen besterik gabe, zeren, batzuk gustuko banituen ere, hotzegiak iruditzen zitzaizkidan”.

Marta Coronado, ere, kartelaren elaborazioan funtsezko elementua, poz-pozik agertzen zen hautaketa zela eta. Bera arduratu zen Mikel Urmenetak izan zuen ideia gauzatzeaz. Izan ere, gripeak jota bajan zegoela egin zuen kartela. Hiru egunetan bukaturik zuen lana. Logikoa zen, epaimahaiaren erabakiaren berri izanda, horren asebeterik egotea. Proiektua gauzatzean izan zuten asmoa ezagutarazi zuen: “Bestelako airea eman nahi genion, horregatik bururatu zitzaigun hola egitea, irudi luzatu horiek. Eta zerbait inperfektua izatea nahi genuen”