Gutxiago geriatzen da ...

camisetas
  • © Guillermo Navarro

    © Guillermo Navarro

  • © José Luis Saenz Ricarte

    © José Luis Saenz Ricarte

Txupinazoaren historia

Sanfermines, 204 horas de fiesta gidatik hartua

Suziria nahiko ospakizun berria da Sanferminen mendetako historian. 1591tik, Sanfermin jaiak uztailera pasatu ziren urte hartatik, 1901. urtera jaien lehen mugarria Udalbatzak San Lorentzorenparrokiaraino egiten zuen ibilaldia izaten zen, mazolari, erraldoi, musikari eta dantzariek eta, oro har, jendeak lagundurik, bertan Santuaren Bezperetako elizkizunean parte hartzeko. Mende honetan hartu zen uztailaren 6aren eguerdian Gazteluko Plazatik suziri batzuk jaurtitzeko ohitura.

30. hamarkada

Ekintza xume honek pixkanaka-pixkanaka jendea erakarri du. Hogeita hamarreko hamarkadan, iruindar peto-petoa zen batek piroteknikako langileari lehenbiziko suziria botatzen uzteko eskatu zion. Horrela, bada, 1939. urtean Joaquín Ilundain iruindarrak bota zuen estreinakoz eta hurrengo urtean berriro egin zuen, lehen alkateordea zela. 1941. urtean, Jose Garran Mosso alkate zela, Ilundainek lehen suziria udaletxeko balkoitik jaurtitzeko proposamena egin zion Udalari. Eta horrelaxe ezarri zen berehala jaietako irudi unibertsalenetako bat -zezenen entzierroekin batera- izan zen ohitura. Iruñean kohetea botatzeari ez zaio inoiz utzi, ezta gaur egungo udaletxea eraikitzeko lanetan ari zirenean ere (1952an), orduan, Argentinako Errepublika plazan (gaur egungo Vínculo Plaza) zegoen Musika eta Arte eta Lanbide Eskoletan behin-behinean jarritako udaletxetik jaurti zuten eta.

Suziria pizteko eginkizuna -edozein iruindarrentzat ohoretsua- beti egokitu zaie udaletxearekin loturiko lagunei, garai batean Informazio eta Turismo Ministroa zen Manuel Fraga Iribarneren kasua salbu (1964). Gerora bertzelako lagun batzuk ere aukera izan dute Txupinazoa jaurtitzeko, batik bat kirol munduarekin zerikusia duten hainbat lagun.

80. hamarkada

Alkateak du suziria jaurtitzeko pertsona izendatzeko ahalmena. 1979. urtean, Udalbatza demokratikoa zen lehen aldian, Julian Balduz Calvo alkateak irizpide hau ezarri zuen: suziria urte bakoitzean udal talde politiko bati ematea, ordezkaritza handiagotik txikiagorako hurrenkeran, zikloa lau urtero berrituz, aginte aldaketa bezala. Ohitura horrek gaur egun arte dirau. Anekdota gisa aipa daiteke 1991. urtean Alfredo Jaime Irujo alkateak Jose Maria Perez Salazarrekin batera piztu zuela suziria, azken honek orain hilik dagoen Joaquin Ilundainekin bultzatu baitzuen suziria udaletxera lekualdatzeko ekimena, berrogeita hamar urte lehenago, hain zuzen.

Lehenengo jaurtitzailea

Egia errateko, ez omen dago oso garbi oraindik ere zein izan zen txupinazoa jaurti zuen lehena. Javier Alonso, gure lagunak kontatu digunaren arabera, bera eta bere zenbait lagun primeran gogoratzen dira Etxepare izeneko iruindar errepublikazale bat izan zela suziria bota zuen lehena; 1931tik, Errepublika ezarri zen urtetik, 1936ra bitarte. Lekukoak izan ziren eta Etxepareren janzkera nolakoa zen gogoratzen dute; "orduko modara joaten zen, pajarita eta lastozko kapela batekin". Antza denez, ez omen zen jende aunitz biltzen. Gerora, Larrión eta Pimoulier gure lagunen liburuan agertzen den moduan, Ilundain eta Pérez Salazar izan ziren suziria bota zuten hurrengoak.

© Larrión y Pimoulier Editores