Gutxiago geriatzen da ...

camisetas

© Luis Azanza

  • © Jim Hollander

    © Jim Hollander

  • © Tino Soriano

    © Tino Soriano

Nola parte hartu

TXUPINAZOA IKUSI

Ikusi besterik egin nahi ez baduzu, onena duzu balkoiren bat bilatzea, Udalaren plazara ematen duenen bat. Horretarako nahitaez bertako batek gomita egin behar dizu. Baliteke alokatzeko aukera izatea, entzierroarekin gertatzen den moduan. Bestela kaletik ere ikus daiteke nolarebait: aski duzu Udalera eramaten duten kaleetako batera joatea, ahal den bezain barren sartuz, eta giroa sentitzea. Edo hemengo gehienok egiten dugun bezala taberna batean telebistaz ikustea daukazu. Zuzenean ematen dute.

BARRENDIK

Barrendik parte hartu nahi baduzu, gutxienez ordubete lehenagotik egon beharko duzu plazan eta bertan animoso eutsi, bulkazo, oinkazo, eta edozerkazoen artean. Txupinazoa plaza-barrenetik bizitzea esperientzia gogorra da: jendetza ezin sinistu ahala estututa dago; ezin behatzik mugitu. Bero zergela, zein ere eguraldi egiten duen kanpoan: jendetzari lurrun moduko bat dario, izerdi, txanpan eta edozertariko likidoak nahaste, alde guztietatik. Balkoietatik ura botatzen dute behekoen itolarria arintzeko. Bulkazo bat toki batean hasi eta jendetzan barrena trasmititzen da olatuaren gisan. Halako batean giza-pila handiak lurrera joaten dira eta aztoramendu orokorra sortzen da lurrekoak ez zanpatzeko. Izugarria. Plazan egon direnek ezagun dute: labadora zahar batetik ateratakoak ematen dute.

Urtero mediku zerbitzuek kolpatu pila bat zaintzen dute, alditxartuak eta itoak (baina normalean ez da izan zauritu larririk).

AHOLKU PRAKTIKOAK

Animatzen bazara parte hartzera, kontutan hartu:

• Txupinazoa ez da umeentzako tokia: zanpatu egiten dituzte, eta gainera haien alturan hagitzez ere bero gehiago egiten du eta aire gutxiago dago.

• Ez sandaliarik eraman eta ez oinkadetatik babesten ez duen tipo hortako zapatarik (gainera kristal mordoa egoten da lurrean).

• Utzazu etxean zikindu edo hondatu nahi ez duzun arropa (kontseilu bera ematen dugu Sanfermin osorako) eta bai foto makinak ere (ezin erabiliko duzu, submarino hoietakoa ez bada) eta oro har gauzaki apurkor guztiak.

• Kontu eman zure gauzei (giltzak, dirua, dokumentazioa). Txupinazoa bezalako tokirik ez dago dena galtzeko, eta zerbait lurrera erortzen bazaizu lan izango duzu bilatzen.

Gerrara joateko gogorik ez baduzu, hobe da txupinazoa beste edozein tokitik ikustea, Iruñeko jende gehienak egiten duen moduan; taberna batetik (telebistak zuzenean ematen du), esaterako, edota Gazteluko plazatik. 

Urtero txupinazo alternatiboren bat egoten da beste nonbait, agintariekin zeozergatik deus jakin nahi ez duen talderen batek antolatua. Ez da alternatiba txarra.