Hala ere, 2000. urtean ohitura hau alkatetzaren ekimenez aldatu egin zen eta hurrengo bi etxafuegoak Iruñeko Osasuna futbol taldeko Cesar Palacios kapitainak eta 2001eko Europako eskubaloi kopa eskuratu zuen Portland-San Antonio taldeko Fermin Tajadura presidenteak jaurti zituzten. 2002an Iruñeko alkate andereak udal taldeen arteko txandakatzea berrezarri zuen, baina ez 2000. urtean utzi zuen lekutik abiatuta, baizik eta oposizio politikoan gehiengoa zuen taldetik hasiz.
Orain arte 45 lagunek besterik ez dute jaurti txupinazoa, ohiko formula Iruindarrei gaztelaniaz eta euskaraz hitz egitea eta sainduari biba oihukatzea izan ohi delarik, nahiz azken urteotan aldaketa txiki batzuk izan diren Sanfermin jaiei hasiera ematerako orduan eta hori makina bat txutxu-mutxurako gai izan bada ere, txupinazoaren metxa piztu eta hamar segundora festak horiek guztiak irentsi egiten ditu.