Gutxiago geriatzen da ...

camisetas

San Fermin

  • © Jim Hollander

    © Jim Hollander

  • © Silvia Ollo

    © Silvia Ollo

Saindua

San Fermin hori nor zen?



Zer merezimendu zuen ba Festazale guztien patroi handia izatera ailegatzeko?

Gainera arrotz bat, aizu: Iruñeko gobernadore erromatarraren semea. Apez frantses batek, San Saturninok, -goitizenez San Zernin- honara bisitan etorri zen batean kaskoa berotu zion kristau kontu batzuekin: Jainkoa zela, Kristo zela etabar. Joan zen ba Toulouse aldera master bat egitera apezpikutzan eta Sanson bat eginda etorri zen herrira bueltan eta di-da batean apezpikutza lortu, bestela bezala. Baina hura ez izaki ba bulegozalea; laster aspertu zen Euskal Herri langilea bere siniskerietatik libratzeaz, Frantziara itzuli, produktua milaka kristauri saldu eta Amiens-en laketu zuen.

Liskarzalea, gizona: agintariekin muturka ibiltzen zen eta azkenerako fin txarra egin: torturatua eta lepo eginda. Zer edo zer eginen zuen, aizu. Haren gorputza Amiensen dago, baina puska asko dauzka munduan barreiatuak (erlikiak). Iruñean bertan hiru ditugu.

Egia esan, curriculum honekin inor gutxik esanen zuen bakanal baten patroi eginen zutenik. Halaxe da bizitza. Baina ez da dena parranda festa hauetan. Santuari prozesio eder bat egiten diogu bere onomastikan, eta berak, ordainez, dobladorearena egiten du entzierroetan: hauxe da deitzen duguna "San Ferminen kapattoa" famatua. Xehetasun bat: erromatar kontu hauek guztiak seguraski kondaira hutsa dira.

SAN FERMINEN HISTORIA: SANTUA GURTZEA


José Luis Molins
Sanfermines, 204 horas de fiesta gidatik hartua

Tradizioak dioenez, Honesto apaiza, San Saturninok bidalita, erromatarren garaiko Iruñera etorri zen ebangelioa ezagutzera emateko xedez eta Firmo senataria kristautasunera bihurtu zen, baita bere familia osoa ere. Honestok hezi zuen haren seme Fermin, eta berau, hamazazpi urte zituela, inguruetan predikatzen hasi zen. Geroago, hogeita lau urte zituela, Honoratok, Akitaniako Tolosako prelatuak, apezpiku izendatu zuen.

Hogeita hamaika urte zituela, Ferminek Galietara alde egin zuen ebangelioa predikatzera: hasiera batean, Akitania, Auvernia eta Anjoun, geroago, Amiensen, non hainbat jende bihurtu baitzuen eta, azkenik, kartzelatu eta gero, lepo egin zioten eta, martirioa pairatu baitzuen, irailaren hogeita bostean, hain zuzen ere.

Haren gorpua, zenbait kristauk isilpean lurperatua, mende batzuk geroago agertu zen mirari gisa, 615. urteko urtarrilaren hamahiruan, San Salvioren apezpikutzan, eta hurbil zen hirira eraman zuten. Santuaren gorpuzkinak gordetzen dituen katedralaren aldare atzean landuriko XV. mendeko erliebe gotiko bikainetan ikusten ahal da istorio hori.

© Larrión y Pimoulier Editores