Kaos orok behar du antolamenduren bat, oso-oso nahasia bada ere. Bale, ba Sanferminetako marko finko hori, Iruñean peñak dira; elkarte hauen helburua (ez bakarra, ordea) horixe da: beren bazkideei Sanferminetarako azpiegitura zerbait ematea. Gero, jakina, gauza ez da hortan gelditzen eta urte guztian segitzen dute beste jarduera gastronomiko-kultural eta kirol alorreko batzuk, baina inoiz ahaztu gabe Sanferminetako elkarteak izatea dela beren sorrera.
ZER EGITEN DUTEN SANFERMINETAN
Peñak jaun, jabe, errege eta gobernadore dira eguterako zezenketan; eguterako zezenketa peñen garaipena da. Han, zein bere pankartaren azpian babestuta eta zein bere blusoi berezgarria soinean, peñak jainko dira plazaren gainean, hau da: unibertsoaren gainean.
Horrez gain, kaleko musikaren protagonista nagusia dira: egia da, gero eta txaranga profesional gehiago izaten direla, udalak ordainduak, eta egia ere da batzuetan hobeki jotzen dutela, baina ez du axolik: ez dago konparaziorik. Peñen musika burrunbaririk gabe, goizeko ordu txikiak arte kaleak eta kaleak dantzan jartzen dituen hori gabe, festa hau ez litzake den bezalakoa izanen.