Ir a Kukuxumusu.com

Gutxiago geriatzen da ...

camisetas

2008 Video de la entrega del premio en Marruecos

  • 2008 © Maite Hernández

    2008 © Maite Hernández

  • 2007 © sanfermin.com

    2007 © sanfermin.com

"Giriaren" eguna

Kukuxumusuk atzerritarren omenez eginiko festa

Giriak, atzerritarrak, festako partaide inportanteak direla ezin du inork uka. Sanferminak, egun ezagutzen ditugun moduan behintzat, ez lirateke berdin izanen haiek egonen ez balira.

Bere jazteko maneran konfundiezinak dira gehienetan, urrutitik ikusita laster aski antzematen zaie kanpotarrak direla. Batzuk hemengo jendearekin kamuflatu nahiean, txuri eta gorriz jazten dira, baina gehienetan ez die deustarako balio. Detaile txiki batzuk, txapela gorriak edota espartin txuri gorriek kanpotarrak direla erakusten baitute (Iruñeko inork gutxik jantziko lituzke horrelako arroparik). Euren doinu bereziak ere salatzen digu euren jatorria.

Dena den, mundu gerri osotik etorritako guiri hauek inongo konplexurik gabe festan murgiltzeko abilidade handia dute eta, gainera, ederki ongi pasatzen dute lehertu arte edaten edota Nabarreria karrikako iturritik euren burua botatzen. Horietako asko, gainera, urte bat bai eta hurrengoan ere etortzen dira legerik gabeko festa hauetan parte hartzera.

Haien omenez edo, "giri-day" edo girien eguna antolatzen du Kukuxumusuk.

Carmen Margarita Alicea, 2004ko sanferminetako guiria

Puerto Ricon jaio, baina Australian bizi den Carmen Margarita Alicea Mirabalek jaso zuen 2004an Urteko Giriaren 1go saria, Kukuxumusuk eta Maisonnave hotelak lehenengo aldiz emana "Giri Day" ospakizunarekin bat eginik.

Ekitaldia Maisonnave hotelan egin zen eta bertan bildu ziren Iruñean nazioarteko zenbait peñen ordezkariak. 2004an bere zazpigarren urtea betetzen zuen omenaldiak sanferminetara etortzen diren bisitari guztiei eskainia zen. Sarituak Kukuxumusuko sortzailea den Koldo Aistaranen eskutik jaso zuen trofeoa eta hoteleko zuzendaria den Juan Luis Barberren aurrean erran zuen biziki eskertzen zuela Iruñera etorri izan den 10 urteengatik horrelako esker ona jaso izana.

Carmen Alicea Sidneyn bizi da duela 14 urte eta sanferminak lehenengoz 1995an ezagutu zituen, Asia eta Europan barna egiten ari zen bidai batean. Festekin maitemindu eta orduz geroztik ez du hutsik egin. Atzo erran zuenaren arabera, gehien gustatzen zaiona "martxa, parrand, dantza egitea, jatea, jendea ezagutzea eta entzierroa ikustea" da.

Sari ematearen ostean, aperitibo bat egin zen saritua eta hainbat "girirekin" batera, bertzeak bertze Noruegako zezen peña eta Sueziako peñako kideekin


Lore Monnig, 2005ko sanferminetako guiria

Lore Monnig estatubatuarrak "Urteko Giriaren II. saria" jaso zuen atzo New Yorken, Kukuxumusuk atzerriko pertsonaiaren baten sanferminzaletasuna aintzat hartzeko emandako saria. Mikel Urmenetak, etxearen sortzaile eta sormen zuzendariak, banatu zuen, sanferminetako arropa tipikoarekin jantzitako berrogeita hamar pertsona inguru elkartu zituen gala batean.

Txupinazoa botatzeko bi aste falta direnean, New Yorkeko sanferminzaleak zuri gorriz jantzi ziren hiriko Zezenzaleen Elkarteak urtero antolatzen duen "Iruñea Gala" ospatzeko. Aurten, Kukuxumusuk ekitaldia aprobetxatu zuen Lore Monnig anfitrioiari omenaldia egiteko. Mikel Urmenetak eman zion saria, hots, berak eta bere laguntzaile taldeak diseinaturiko munduko mapa adarduna. Kukuxumusuren sortzaile eta sormen zuzendariak hauxe nabarmendu zuen saritutakoari buruz: "sanferminzale handia da duela 30 urtetik gora, eta aitzindari izan da Estatu Batuetan festa bultzatzen". Gainera, umore handiz gianeratu zuen: "guztiok dakigunez, Kukuxumusu beti egonen da atzerritarren, zezenen eta ardoaren alde".

Lore Monnigek Kukuxumusuk egindako omenaldia eskertu eta "Iruñearekin maitemindurik" dagoela onartu zuen. Gainera, esan zuen, "zezenketak ulertzeko, lehendabizi entzierroa zer den ulertu behar da, gauza ederra da hori". Kukuxumusuri buruz adierazi zuen marka dibertigarria dela, originala eta heterodoxoa denez festaren alde egiten duela eta guztiek ezagutzen dutela; "honezkero ezin da festa Kukuxumusu gabe ulertu".

Saria eman ondoren, afaria egin zuten. Hauxe hartu uzten: entsalada, potxak eta zezen isatsa, guztia Nafarroako ardo eta patxaranarekin bustirik. Gainera, entzierroari buruzko zenbait dokumental eman zituzten eta bertaratuek hurbil hurbil ditugun sanfermin festei buruz mintzatzeko aukera izan zuten. Aurten, New Yorkeko zezenzaleen elkarteko hogei bazkide inguru etorriko zaizkigu festetara.

Lore Monnig bigarren pertsona izan da "Urteko Giriaren Saria" jasotzen; 2004. urtean Carmen Margarita Alicea Puerto Ricokoak jaso zuen. Sariaren helburua da, Mikel Urmenetaren esanetan, "giri" kontzeptu txarra aldatzea eta zentzu positiboa ematea. Izan ere, Kukuxumusuk, kamiseten diseinuei esker ezagun den etxeak, bederatzi urte daramatza sanferminetan "Giri Day" eguna ospatzen. Atzerritarrei omenaldia egiteko eguna izaten da, eta festaren baitan betetzen duten irudia aintzat hartzea du helburu.


Lars Ingvar, 2006ko sanferminetako giria

Lars Ingvar Jungefors suediarrak "Urteko Giria" III.0 saria jaso zuen pasa den larunbatan Storviken, Kukuxumusuk atzerriko pertsonaiaren baten sanferminzaletasuna aintzat hartzeko emandako saria. Mikel Urmenetak, etxearen sortzaile eta sormen zuzendariak, eman zuen saria. Los Suecos peñako kide gehienak egon ziren ekitaldian.

Sanferminak hasi direla iragartzen duen Txupinazoa botatzeko bi aste eskas falta direla, Mikel Urmenetak, Kukuxumusuren sortzaile eta sormen zuzendariak, eman zion, atzo, Lars Ingvar Jungeforsi 2006ko "Urteko Giria" saria. Hiru urte daramatza Kukuxumusuk saria ematen, eta adarrak dituen mundu bat irudikatzen du sariak.

Mikel Urmenetak, Lars Ingvarrek sanferminekin eta Kukuxumusurekin dituen lotura bereziak azpimarratu -horiexek izan baitira saria jasotzeko arrazoi nagusienak- eta saria "Los Suecos peñako kide guztien omenez ezezik, sanferminak modernoak bilakatu dituzten Suediar guztiei zuzendutakoa dela" aipatu zuen. Lars Ingvar Jungeforsek hunkituta eskertu zuen saria eta bere "37. sanferminetan parte hartzeko irrikitan" dagoela aipatu zuen.

Saria eman eta gero, Xabier Ariztegi aizkolari nafarrak hainbat enbor moztu zituen, erakustaldi moduan. Horrela, nolabaiteko omenaldia egin nahi izan zitzaion saridunari, Wetterlings aizkora enpresako kudeatzailea izan baitzen urte askotan (1968tik 2002ra). Wetterlings Suediako enpresa antzinakoenetako bat da (eraketaren 125. urteurrena ospatuko du uda honetan, hain zuzen).

Omenaldiaren ondoren partehartzaileek bazkari bat egin zuten; bertan ziren sarituaren familiartekoak, lagunak eta Los Suecos peñako hainbat kide: "Gallito", Britt-Marie, Rolf Lübeck "Gora Blanca" eta Kent Holmberg "Bombero" besteak beste.

Lars Ingvar Jungefors, Los Suecos peñako kidea orain dela 28 urtetik hona, "Urteko Giria" saria jaso duen hirugarrena da. Estreinako urtean, 2004an, Carmen Margarita Alicea puertoricoarrak jaso zuen, eta 2005ean, Lore Monning iparamerikarrak. Sariaren helburua da, Mikel Urmenetaren esanetan, "giri" kontzeptu txarra aldatzea eta zentzu positiboa ematea. Izan ere, kamisetak diseinatzen dituen kamisetengatik ezaguna den Kukuxumusuk hamar urte daramatza "Guiri Day" delakoa antolatzen sanferminetan. Omenaldia egin nahi zaie, horren bidez, atzerritarrei, haien irudia aldarrikatzearren. Izan ere, atzerritarrei esker dira sanferminak handiagoak eta unibertsalagoak.

Los Suecos peña 1975ean sortu zen, Madrilen, eta Lars Sward izan zen lehenengo presidentea. Dena den, kide askok, Peña Sueca-ko kide ohi batzuek, alegia, ia 40 urte daramatzate Iruñera etortzen. Zezenekin zerikusi duen guztia maite dute, eta, batez ere, zezenketak. Urte oro joaten dira zezenketetara, eta hotsandiz ospatzen dituzte kide batzuen urtebetetzeak haietan.. Zezen ekitaldiak gozatzeaz gain, zezen hitzaldiren bat antolatzen dute urte oro, Iruñeko toki desberdinetan. Halaber, "El Cartelito" izeneko aldizkaria argitaratzen dute, suedieraz zein gazteleraz idatziriko artikuluak biltzen dituenak, zezen munduari lotuak guztiak.

Manfred Walloschkek jaso du 2007 "urteko giria"

Gaur eguerdian Iruñeko Don Pablo jatetxean "Giri eguna" ospatu eta IV. Giri Saria banatu da, Kukuxumusu kamiseta enpresak ematen duen saria. Honen bitartez Iruñea/Pamplonako jai herrikoiei lotuta, atzerritarren Sanferminenganako pasioa saritu nahi du. Gaurkoan, Manfred Walloschke alemaniarra izan da saritua, duela 28 urtetik Iruñeko Sanferminetako aspaldiko bisitaria.

Mikel Urmeneta, Kukuxumusuko sortzaile eta sormen zuzendariak banatuko du saria, Iruñeko Don Pablo jatetxean egin den ekitaldian, eta Sanfermin jaiak bisitatu ohi dituzten alemaniar ordezkari ugari bertan izan dira, baita aurreko edizioetan saritutako giriak ere. Omenaldiaren ostean bazkaria hasi da bertan bildu diren lagun guztiekin.

Walloschke Sanfermin jaietan ikustea ohikoa da. Lehen aldiz 19 urterekin iritsi zen Iruñeara, eta Isabel Aguirre Baztan iruindarrarekin ezkonduta dago, hain zuzen ere, festetara egindako lehen bisitaldietako batean ezagutu zuena. Zezenzalea, duela zenbait urtera arte entzerruko korrikalaria -Estafetako zatian-, Sanfermin jaietan nolabaiteko abiltasunez jotak kanta ditzakeen atzerritar gutxietako bat da.

Kukuxumusuko sormen-zuzendari Mikel Urmenetak, Walloschkeri saria ematea honela justifikatu du: "jaietan gertatzen den guztiagan duen interesagatik" eta "Sanferminetako ekitaldi guztietara iristeko, bere gogo biderkatzaileagatik, herri kiroletatik hasi eta zezenketetaraino, entzerrua edo erraldoiak tartean direla".

Sari honekin, Kukuxumusuk bere izenean omenduko ditu "urtetan festetara datozen alemanak". Era berean, Urmenetak gogorarazi du, Urteko Giria "atzerritar guztiek Sanferminetan parte hartzea eskertzeko saria besterik ez dela, beraiek lagundu dutelako festa aberasten eta interesgarri eta unibertsalagoa egiten".

Walloschke horrela, saria jaso duen laugarren laguna izan da, 2004an Carmen Margarita Alicea, Sidneyen (Australia) bizi den puertorikoarrak, 2005ean Lore Monning newyorktarrak, eta iaz Lars Ingvar Jungefors sueziarrak eskuratu eta gero.

Massaoud Sbai el Idrissik jaso du 2008 "urteko giria"

Massaoud Sbai el Idrissi marokkoarrak Kukuxumusuko sortze saileko zuzendari den Mikel Urmenataren eskutik jaso du Urteko Giriari ematen zaion saria. Opari-ikur hori marrazki fabrikak urtero-urtero ematen dio Sanferminen aldeko pasioagatik nabarmendu den atzerritarrari.

Saritze horren bosgarren edizioa Don Pablo jatetxean egin zen bazkarian gorpuztu zen eta aurtengoan Guiri Day ospakizunarekin bat etorri da. Egun berezi hori Kukuxumusuk sustatu du azken 12 urteotan Sanferminen alde biziki saiatu den atzerritarraren irudia duintzeko.

Ekitaldira bertaratu ziren Kukuxumusuko ordezkariak eta Massaouden adiskide eta familiartekoak. Aurreko urteetan saritutako giriek ere ez zuten huts egin atzo: bertan ziren Lars Ingvar Jungefors suediarra (2006) eta Lore Monnig estatubatuarra (2005). Carmen Margarita Alicea lehen edizioko saritua (2004) eta Manfred Walloschke alemaniarra (2007), berriz, ezin izan ziren etorri, baina honen ordez emaztea eta seme-alabak izan ziren.

Massaoud hunkiturik agertu zen saria jasotzearren; Kukuxumusuri eskerrak eman zizkion berarekin gogoratzeagatik eta hurrengo urteetan ere Sanferminetara etortzeko asmoa duela adierazi zuen. Mikel Urmenetak, Koldo Aiestaran eta Gonzalo Dominguez Bidaurreta Marrazki Fabrikako bazkideek lagundurik, Massaouden gizatasuna nabarmendu zuen eta, era berean, lanean ere "Sanferminez gozatu eta jaia balioz janzteko astirik izatea" eskertu zion.

Massaoud Sbai el Idrissiri buruzko informazio gehiago.