Kaosa eta kaos gehiago. Tximinoen Planetaren nolabaiteko bertsioa baina zezenekin eta Iruñean, horixe izan zen urte hartako kamiseta eta hiriko udaletxea haren protagonista. Zezenak ligatzen, beste batzuk oka, behi zinegotziak eta berriz ere mundua Sanferminetan izan ohi den hankaz gora baino gorago. Berriz ere Kukuxumusu.
Zaila da markak urtero eskaintzen dituen produktu ezberdinak zenbatzen, baina oraingoan, bitxikeria gisa txano integralak, bi koloreko kamisetak eta, bereziki, Mister Testis, Kukuxumusuren panpina aipatuko ditugu. Eta azkenik, adar horiak, begi irtenak eta potroak zintzilik dituen pertsonaia urdina (kamiseta eta zapiarekin) hiru dimentsiotan.
Urte hartan Mikel Urmenetak uztailaren 6ko Diario de Noticiasen lehenbiziko orri osoa ilustratu zuen.