Uztailean egitekoak ziren futbol mundialak aitzakiatzat hartuta, Kukuxumusuk partido bat antolatu zuen Estafeta kalearen erdian, bere denda ofizialaren atean, zehatzago esanda. Mutikoak zezenen aurka. Kamiseta batean antolatu zuen, jakina.
Hemen Kukuxumusuk bere malabar joko arriskutsuetako bat egin zuen: publizitatea egin zuen markan bertan eta marrazkian ikusten den erdiko balkoian hiru kideen karikaturak agertzen dira: Koldo, Txomin eta Mikel. Kamiseta horretan Kukuxumusuk nolabaiteko omenaldia egin zion bere buruari eta mundua ikusteko duen era bitxi hori muturreraino bihurritu zuen, marrazki berean entzierroa, futbola eta argazkigintza bilduz (Koldo eta Mikel entzierroaren ohiko argazkilariak dira), marka eta beraiek bat eginik. Jauzi hilgarri hirukoitza. Onarpen handia izan zuen.