Erregelamenduzko zezenketa hiru ekitalditan banatzen da: pikaldiak, banderillak eta hiltzea. Gainera, bi lantze izaten dira: kapa eta muleta. Iruñean, hirugarren zezenaren ondoren, askaldu egiten da, hots, askariaren lantzea gehitzen da, eta irauten duen bitartean eguzki tendiduan inork ez die kasurik egiten ez zezenketari ez ilargiari.
Zinetako zezenketa hasi baino lehen, bi tipo ateratzen dira zaldi gainean, alguazilillo jazkeran, penatxo eta guzti. Elkarren kontrako norabidean hasten dira plazari buelta ematen. Gurutzatzen direnean, plaza osoak ai! ohiu egiten du: oraingoan ere ez dute elkar jo. Sanferminetako txantxa bat da, aspaldi guztikoa.
Ondoren hondar gainera ateratzen dira hor zereginen bat duten guztiak: toreroak eta beren koadrillak: banderilleroak (abereai makiltxo kolorezko batzuk jartzen dizkiotenak) eta peoiak (maisuari zezena egoki jartzen laguntzen diotenak eta behartzen bada lagun egiteko erne egoten direnak), pikadoreak (zaldi gainean) eta mandoak eta mandazainak, hildako zezena lotu eta plazatik ateratzeko.
Gero zinetan hasten da zezenketa: hiru torerok sei zezen garbitzen dituzte, bina zezen, beraz, eta txandaka: torero batek lehenbiziko eta laugarren zezenak, besteak bigarren eta bostgarrena eta abar.
Zezenaldi bakoitzak hiru parte edo "tertzio" ditu
Lehenbiziko partean, zezena ikuilutik atera denean, peoiek egoki jartzen diote zezena maisuari eta horrela maisuak zezenaren ezaugarriak arakatzen ditu. Ondoren, pikatu egiten dute (zezena, ez maisua): zaldizko batek "puya" bat sartzen dio zezenari bizkarrean, burdinazko punta zorrotza duen garrotxa moduko bat. Zezenak ausarki galtzen du odola eta hortaz indarra eta erasoa gutxitzen zaizkio. Zezena nolakoa den (oso erasokorra edo ez hain erasokorra) behin pikatzen dute edo gehiagotan. Ondoren toreroak pase batzuk egiten dizkio kapa fuksia eta hori batekin.
Bigarren partean banderillak jartzen zaizkio: makilatxo batzuk dira, paper-kizkurrez apainduak eta puntan arpoi edo amu bat daukatenak. Toreroaren banderilleroak (oso gutxitan toreroak berak) binaka jartzen dizkio, hanken zaulitasuna eta abildadea beste babesik ez duela. Hiru pare jartzen dira.
Hirugarren partean toreroakmuleta gorri eta horia erabiltzen du, zurezko ezpata batez eutsia. Hiltzerakoan zurezkoaren ordez altzairuzko bat jartzen du (bai hobe ere!). Toreroak engainu hau erabiliz menderatu egiten du zezena, eta komeni dela iruditzen zaionean, zezena egoki jarri eta sorbalda artean (bueno, nonbaitor) ezpata sartuz hil egiten du.
Zezena hil duelarik, zezenketako presidenteak erabaki behar du zer trofeo ematen dizkion toreroari; plazari buelta ematea, belarri bat, bi belarri, bi belarri eta buztana. Edo bat ez. Hori toreroa ongi aritu bada, bestenaz txistukatu egiten zaio eta hurrengo toreroaren zain gelditzen da jendea.
Suscríbete al boletín de noticias