Gutxiago geriatzen da ...

camisetas
  • © Jim Hollander

    © Jim Hollander

  • © Tino Soriano

    © Tino Soriano

Zezenketa eguteran

Festa zezenketa alde batera utzita

Eguterako zezenketa peñen zezenketa da: peñek jarleku gehienak betetzen dituzte 6 eta 7. tendidoetan, eta andanadako 11.etik 13.era bitarte. Peña bateko kide izan beharrik ez badago ere, nahiko zaila da sarrerak lortzea gehienak abonuen bidez banatzen direlako.

Oso festa zati ikusgarria da hau. Hasteko, hamasei musika banda daude hor, inguruko belarri guztik lehertu beharrean jotzen, hasieran, bukaeran eta zezen tarteetan. Horrez gain, txistulariak eta gaiteroak, eta gero etengabeko ikuskizuna: numero klasikoak batetik: Eurovisión, olatua, trainerua (tendido osoa goitik beheraino hasten da eroa bezala arraunean), ipurdi-paperezko bandak, urtebetetzeak, eguterako alkatea... etab. Eta bestetik numero inprobisatuak, hoberenak.

Eta gainera bakez, jeneralean, alkohola sobrante izaten bada ere. Onena zerorrek ikustea da. Bereziki ikusgarria gertatzen da 14a, festaren amaiera, eguterako jendea, bukatzen denarekin penaturik, uko egiten diotenean plazatik ateratzeari. Dantzan eta kantuz aritzen dira, sanferminetako kantutegia agortu arte.

Zezenketa bat eguteran ikusi nahi duen kanpotarrak gauza batzuk jakin behar ditu, sarrerak lortzeaz gain:

Plazan sartu aitzin

Zure jarlekuan jarri nahi baduzu, ordua baino hogei bat minutu lehenago etorri behar duzu: beste norbaitek hartu badizu lekua, kostako zaizu handik bidaltzea. Gainera batzutan ikaragarrizko jendetza egoten da eta azken orduan ailegatzen bazara, fisikoki ezinezkoa izango zaizu zure tokira iristea eta zezenketa guztia zutik eta oreka gaiztoan pasa beharko duzu.

Eguterako zezenketa oso zikina eta beroa da. Eroso egoteko ongi ekipatuta joan beharra dago; kapela bat eraman (eguraldi ona egiten badu, uztaileko eguzkiak buru-barrena prejituko dizu). Eguzkitako antiojuk ere ez daude sobrante. Inguruan dabilkizun kaka kantidade handia dela medio, komeni da kakatik babesteko zerbait eramatea, konparazio batera peñen blusoiak edo antzekoren bat, etxeko edo laneko bata bat, toalla bat, bañuko gorroa, mandarrak, enfin, imajinazioak zer agindu, horixe. Ikusle asko ia-ia eskafandrakin joaten dira zezenetara, partez kakaren kontra, partez irriaren alde.

Tendidoa andanada baino garbixeagoa izaten da. Baina dena dela, askotan kakak gainez egiten du andanadatik tendidoetara, beraz ez da alde handirik izaten.

Horrexegatik, komeni da almohadilla bat alokatzea, higienearen alde: ipurdia isolatuko dizu plazan honaka ta haraka dabiltzan denetariko zaborreri solido eta likidoetatik. Oso merke alokatzen dituzte plazako pasilloetan diren kaseta batzuetan.

Janzkeraz

Beti ere, ez eraman zezenetara arropa berririk edo onik, eta oro har hondatuta pena hartuko duzun gauzik. Jendeari ardoak bizitu egiten dio zerebroa eta zoragarri saiatzen zaie irudimena: askotan benetako batallak izaten dira irinez, kakaoz, kolakaoz, sangriaz, arraultzez edo auskalo zerez.

Foto kamararik ere ez eraman zezenetara, kanpotar batzuk egiten duten bezala: peligro handia dute sangrian, kalimotxoan edo auskalo zertan bañatuta ateratzeko... Kamara onik behintzat ez eraman, eta oro har objeto hauskorrik ere ez. Zerorrek ikusi.

Zezenetara jatera ere joaten da jendea (batzuk batez ere jatera) eta edatera, eta ez bakarrik eguteran. Edan, lehenbiziko ixtantetik hasten da jendea edaten, klase guztietako edariak bero zanpagarriari gerra egiteko. Sangria da zezen-edaririk klasikoena, nahiz gainerako urte guztian inork edaten ez duen. Beharbada horregatik uste dute hainbeste kanpotarrek kaka hori dela gure edari nazionala. Hirugarren zezena hil delarik, berendu ordua da (orain eguterako jende asko pasillora ateratzen da berendatzera eta paso egiten du gainerako zezenez. Horrek leku asko libre uzten ditu).

Merienda

Merienda-kontuan, denetarik ikusten da: hasi ogitarteko triste batetik, harik eta zinetako bankete bateraino: bi plater, pastelak, izozkia, eta kafe irlandesa, dena makina bat ontzi diferente eta boluminosotan ekarria "bertzek kusteko" (oso gauza inportantea hori Sanferminetan). Gauza batzuk ezin sinistekoak dira.

Eraman zezenetara zerbait jateko eta edateko. Adibidez aldamenekoak gomitatzeko moduko zerbait, gozoa. Berenduan, izan ere, asko konpartitzen da (Nafarroako gastronomia popularraren mostra zabala). Eta deskuidoan deus ekarri ez baduzu ere, ez izan beldurrik baraurik ateratzeko, are gutxiago kanpotarra bazara eta hori ezagun baduzu. Mundu guztiak daki kanpotarra beti erdi galduta egoten dela eta ez duela zertan jakin jatekoa berekin ekarri behar duela.

Zezenak joan, zezenak etorri, jendea gero eta punttuanago jartzen da, eta mundu guztia hasten da eskuzabaltzen: janari partiketa orokorra dago, norabide guztietan, airez-aire ere bai askotan. Sobranteekin Volley-ball partidu politak montatzen dira azkenerako. Zezenketa bukatu eta batallaren hondakinak mutante andana batentzako jaki bihurtzen dira: hondakin bila heldu diren punkiak.

Neskentzako ohar bat: ez joan eguterara sobera panpox, edo sobera tentagarri edo garden: edatearekin batera, tamalez, askori instintoak disparatzen zaizkio eta batzutan tiroalbollo-zaleak ernetzen dira jendartetik. Toki guztietan egoten dira astakirtenak. Dena dela, holakoak, guk uste, gero eta gutxiago izaten dira.

Aholku ona

Beno, ba horra guk esan zezenketa bat eguteran zer den. Jakizu zertara heldu zaren: zikintzeak haserretzen bazaitu eta bazter guztiekin gatazkan hasi behar baduzu, onena duzu ez joatea. Joanez gero, ongi eskolatu zeure burua dena ezinago estoiko agoantatu eta umore onean hartzeko.

Zezenketa bukatu ondoren, peñak, eta besteok, plaza-erdira salto egin eta kallejoitik eta zaldien patiotik ateratzen dira: peñen irteera da.