Ir a Kukuxumusu.com

Gutxiago geriatzen da ...

camisetas

© Jim Hollander

  • © Jim Hollander

    © Jim Hollander

  • © Larrión y Pimoulier

    © Larrión y Pimoulier

Zezen bereizketa

Goiztiarrentzat

Zezen bereizketak edo "apartadoak" ordua du txarra: arratsaldeko ordu batean dela, zezenketa edo txekorketa dagoen egun guztietan, hau da, 6tik 14ra arte, biak barne. Gaueko parranda gustatzen bazaizu, kosta eginen zaizu ordu baterako esna eta ongi egotea. Halere, zezen-giroak jakinmima sortzen badizu, ahalegina egiteak apika mereziko du .

Zezen bereizketara joateko, sarrera behar da. Uztailaren 5ean, 10etatik 13etara, egun guztietako zezen bereizketentzako sarrerak erosten ahal dira. Eta sanferminetan, hilaren 6tik 14ra bitarte, ordu berean eta plazako leihatilan erosten ahal dira (7,50 €), edozein egunetarako. Apartadora sartzeko, Zaldi Patioko atea hartu behar duzu.

Zertan datza?

Apartadoko zeregina, funtsean, arratsaldean toreatu beharreko zezenak toreroen artean zozketatzea da. Gero bereizi egiten dira zezenak (entzierroaz geroztik elkarrekin daude ukuilu berean). Hiru talde egiten dira (bina zezenekoak), animalien dohai eta akatsak orekatuz. Taldeak papertxoetan idatzi, eta nagusi edo morroi baten kapeluan sartzen dira. Atera, eta atera diren ordenean ematen zaizkie toreroei, zaharrenetik gazteenera. Ondoren bakarka jartzen dira zezenak zein bere txikeroan, zezenketaren ordura arte trankil egoteko.

Zezen bereizketara, jakina, toreroak azaltzen dira, eta haietaz gain jende "garrantzitsu" andana: politikoak, artistak, zezenzale entzutetsuak. Ospakizun fina da, eta usain (kirats?) aristokratikoa du. Bere bezero propioak izaten ditu. Halere, bertzelako jendea ere joaten da, denetariko kuxkuxeroak (zerori, adibidez).

Kanpotarrentzako datu gastronomiko jakingarri bat: zezen bereizketako tabernan, tradizioz hartzen den "fino" ardoaz gain, zezen barrabilak ematen dituzte: sanferminetako jaki zoragarrienetako (edo beste batzuen ustez nazkagarrienetakoa) bat. Bezperako zezenketako zezenen barrabilak omen, bertako erara maniatuak.