Ir a Kukuxumusu.com

Gutxiago geratzen da ...

camisetas
  • © Jim Hollander

    © Jim Hollander

  • Distribucion de las peñas en la Plaza de Toros

    Distribucion de las peñas en la Plaza de Toros

Nola banatzen da plaza?

Iruñeko zezen plazaren edukiera munduko hirugarren handiena da eta sanferminetan jendez gainezka egoten da.

Iruñeko Erruki Etxeak (Casa de Misericordia/Meca) kudeatzen du: zezenketek eta ikuskizunek funtzionatzeko beharrezkoa arautu eta finkatzen du. Hortik ateratzen dituen etekinak adineko jendearen zaintzarako erabiltzen da.

Garrantzitsua da 19.721 eserleku dituela aintzat hartzea. Horietatik, 1.950 baino ez dira zezenketa aurreko egunean -20:30etan edo- salgai jartzen, zezen plazako leihatiletan. Sarrera horiek ANDANADA gunekoak dira, plazako tokirik altu eta, horrexegatik, merkeenekoak. Burtziketak eta zekorketak beste modu batean funtzionatzen dute.

Urtero-urtero ekaineko azken egunetan berritzen diren abonu sistemez baliatzen da. Gero, norberak nahi duena egin dezake bere abonuarekin eta horregatik, zezenketara joanen ez den jendearen sarrerak edo beren abonua saldu dutenenak egoten dira salgai.

PLAZARA SARTZEKO

Plazara nondik sartu jakiteak ez gaitu gehiegi arduratu behar, sarrera guztiak barrutik elkarri loturik baitaude zezen plaza osoari buelta ematen dioten pasillo zirkularren bitartez. A-tik G-ra bitarteko ateak daude, eta ez dago F aterik 2005eko berritzean kendu zelako. Horrez gain, zaldi-patioko atea eta ate nagusia daude. Sarrerako jarraibideei jaramon eginez gero, erosoagoa izanen da gure eserlekua topatzea. A atea zaldi-patiotik gertuen dagoena da eta G atea Media Luna parketik edo plazako ukuilutik hurbilen dagoena.

Kanpotik, ondoren gure tokira iristeko ezagutu behar izango ditugun barruko bereizketak antzematen dira. Kalearen maila berean tendidua dago, lehen solairuan harmailak, eta bigarren solairuan andana, Tuterako Rafael Moneo arkitektoak plazari egindako berrikuntzarekin bat datorrena. Jatorrizko diseinua Francisco Urkolarena da, Sevillako Monumentalerako proiektuari jarraiki egindakoa. Erabilitako materialak hormigoia eta burdina dira eta, garai hartan material harekiko zegoen konfiantza falta zela eta, ohi baino burdin gehiago erabili zuten. Horregatik, ondoren egindako handitzea jatorrizko proiektuaren beraren gainean egin ahal izan zen arazorik gabe, eta barruan egiten diren ikuskizunetan parte hartzen dutenen segurtasuna bermaturik dago.

ESERLEKU BAKOITZA NON DAGOEN

Zezenketaz zein eserlekutan gozatuko dugun jakiteko ondoko jarraibideok emanen dizkizuegu. Plazak hiru maileria ditu: tendidua, harmailak eta andana, zein baino zein urrunago eta deserosoago, baina zezenketa egoki ikusi ahal izateko moduan, betiere.

TENDIDUA

Barreratik harmailetako ilara altueneko eserlekura. Zezenetara joateko modu hoberena da, zezenketa gertutik ikusten delako. Gogoan izan behar da Iruñean 9 tendidu daudela eta beren zenbakiak erraz aski irakur daitezkeela barreraren gainean margoturik daudelako.

Iruñeko lekurik hoberenak preferentzia eta 1., 2. eta 3. tendiduak dira. Preferentzia aipatu tendiduen artean dago baina torilaren aurrez aurre dagoen zonaldeari dagokio eta C eta D ateetatik eta ate nagusitik sartzen da bertara. Zona berean daude preferentziazko besaulkiak. Zonalde hori barreratik 10 lerro atzeragoraino luzatzen da eta zementuzko eserlekuak izan ordez, zumezko besaulkiak ditu, kuxinekin. Palkoa bera baino erosoagoa da eta baita zonalde garestienetakoa ere. Bertara, ate nagusitik zuzenean sartzen da. Tendidu horietan, gainera, preferentziazko barrera ere badago; eseri ahal daitekeen ilaretan lehena da. Besoak kailejoia bera mugatzen duten barreran jar daitezke eta, zezenketaz gain, torero, koadrila eta agintarien giroa ikus daiteke. Torilaren aurrekoak preferentziazkoak dira baina alboetara daudenak, berriz, ez; barrera baino ez dira.

Kontra-barrera

Iruñean barrera eserlekuen atzean dagoen ilara kontra-barrera da. Era berean, hurrengo ilara ere kontra-barrera da eta horren ostean, pasilloa dago. Aipatuak, zezentokitik gertuen dagoen pasilloaren aurrean ikusten diren hiru ilarak dira. Hortik gora dagoen lehen ilara, pasilloari itsatsita dagoena, aurrealdeko gisa da ezaguna. Harmailetako ilara altueneko esertokia plazaren 1952ko berrikuntzan ordezkatu zen bi ilara gehiagorengatik, baina 2. tendiduan, eta hor baino ez, kalifikazio hori duten eserlekuak daude oraindik. Oso erosoak dira eta itzaleko tendiduan daude. Izenek berek ate-gaineko eta preferentzia-gaineko eserlekuak non dauden adierazten dute: batak atearen gainean eta besteak preferentziazko 1. tendiduko eserlekuen gainean. Lehen solairuan euro baten truke kuxinak alokatzen dituzten hainbat saltoki daude. Kuxinok, ikuskizuna amaitzean, itzuli egin behar dira, nahiz eta ia guztiek zezen plazako erdigunera botatzen dituzten, toreroek edo ganaduzaleek lan txarra egin ez izan arren.

HARMAILAK

Iruñeko zezen plazako bigarren solairuan harmailak eta palkoa daude. Plazako beste edozein lekutara joateko sartzen den leku beretik sartzen da, baina tendidutan banaturik egon ordez, sekzioetan banaturik daude; zortzi sekziotan, hain zuzen ere. Pisu bat igo eta harmailetara daroaten ateak zeharkatu behar dira, noski. Ate bakoitzean, aguaziltxoa dago sarrera berrikusten, eta baita eserleku bakoitza zehazki non dagoen jakinarazten duten bi pertsona ere. Tendiduan eta andanan baino askoz ilara gutxiago dago hemen. Lehen eserlekua baranda bera da. Perimetro osoan zehar, baranda eta zutabeen arteko eserlekuak ditu plazak, zortzi eta bederatzi eserlekukoak, eta harmailetako baranda eserleku deitzen zaie. Zezenak ikusteko leku ona da eta gainera, euria eginez gero, ez zara bustiko. Atzean, harmailetako bost ilarak daude.

Gogoan izan behar da andanara igotzeko bi pisu igo behar badira, harmailetara igotzeko bakarra igo behar dela, baina eskailerak ikusten ditugun modukoak dira. Ateratzeko bide bereziak ezartzen dira peñen zonaren eta zaldipatioaren inguruan, horrela, jendea pasatzea errazteko. Solairu berean, palkoa dago. Bertako sarrerak ere salgai egoten dira. Agintarien palkoaren ondoan dago, zeinera leihatilen eta ate nagusiaren arteko ate batetik sartzen baita.

ANDANA

Andana plazako mailarik altuena da. Horrez gain, jende gehien hartzen duena ere bada eta bertako sarrerak egunero jartzen dira salgai (1950 inguru). Aldapa tendiduan eta harmailetan baino handiagoa da eta 15 ilara ditu. Harmailetan gertatzen den gisan, andanan ere barandak daude eta forma eta tamaina berekoak gainera, berdinak baitira. Arkitektoak berritzea egin zuenean zutabeak kendu ziren teilatua gorago ezarri zelako eta horrek ikuskizuna ikusteko espazio handiagoa izatea ahalbidetu zuelako.

Barandaren atzean Harmailetako lehen ilara dago. Kasu honetan, 1. eta 2. ilara pasillo batek bereizten ditu. 1.a beheraka dago, aipatu gisan, barandari itsatsita, eta 2.a, berriz, pasillotik gora. Harmailetan okupatu gabeko eskailera-maila dago. Bertan, 2. ilarakoen hankek deskantsatzen dute eta ez da inor esertzen pasilloa jenderik gabe uzteko. Nahaste asko sortzen du, jende askok 1. ilara dela uste duelako.

Andanan egon litekeen arazoa ilara eta eserleku zenbakia aurkitzea da. Goiko paretan margotutako bi sekziotan banatzen da andana eta begiratze hutsarekin erraz aurki daiteke. Sekzioa aurkitu ostean, gogoan izan behar da gutxi gorabehera eskailera-ataletan banaturik dagoela, atal horiek ikusteko moduko baranda gorri bat dutela, eta eskailera-mailak horiz margoturik daudela. Azkenik, gogorarazi behar da plazan gora egiten den heinean, bere zirkunferentzia zabaltzen dela aintzat hartu behar da eta, beraz, lehen ilaratan goikoetan baino askoz eserleku gutxiago daudela.

PEÑAK ETA GAINONTZEKOA

Iruñeko zezen plazako eguzkiko eta itzaleko tendiduen arteko banaketak zentzu gutxi du; bidezkoagoa da peñena eta gainontzekoa esatea. Izan ere, bertako giro bereizgarriak bizitzeko moduko egoera berezia sortzen du. Zezenketa Peñen lekutik ikusi ez duenak ezin izanen du Sanferminak osorik bizi izan dituenik esan. Eserlekua erosten duenak giro horretan egon nahi badu, torilen gaineko zonaldea dela jakin behar du, 5., 6., eta 7. tendiduen zati bat hartzen duela eta andanaren 11., 12., 13. eta 14. sekzioak eta harmailetako 6. eta 7. sekzioak. Banaketa horiek ez dira zorrozki errespetatzen -larrean ateak jartzearen modukoa izanen litzateke- baina egon, badaude.

Peñen artean ere, zein zonalde okupatu behar duten jakiteko, hainbat lerro gorri dago, nahiz eta ez diren hertsiki errespetatzen. Horiek ikustea erraza da plaza hutsik dagoenean, baina Sanferminetan egon ohi den giro on orokorrari esker, eserlekua arazorik gabe topatuko dugu. Dena den, lekua ezin aurkitu hasi ziren istorio on askoz josirik dago herri anekdoten bilduma.