Ir a Kukuxumusu.com

Gutxiago geratzen da ...

camisetas

Rafael Rodriguez Tirado

  • San Fermín predicando en un detalle de su peana.

    San Fermín predicando en un detalle de su peana.

  • San Fermín. 2010.

    San Fermín. 2010.

Bizi al zen San Fermin?

Jende askok du San Ferminen berri edo, bederen, haren izena ezagutzen du Iruñean bere ohorez egiten diren jaiei esker. Hala ere, jende gutxik daki haren historiak, beste santu batzuenak bezalaxe, ez duela inolako oinarri historikorik, aztertzaileek diotenez.

San Ferminen legenda IX. mende aldera sortu zen Frantziako Amiens herrian, Picardiako hiriburuan, eta handik menderen bat geroago iritsiko zen Iruñera, XII. mendean, hortik aurrera ehundaka iruindarrentzat deboziozko santu bihurtu zela. Jimeno Jurío Iruñeko historiagile ospetsuaren semea den Roldan Jimenok oraintsu egin duen tesi batean, 1970. urtean Nafarroako hiriburuko hainbat historiagilek eta Amienseko arkeologok aparteko ikerketa lanetan atera zituzten ondorioak berretsi ditu: San Ferminen historiak ez duela inolako oinarri historikorik. Hala ere, santu hau gurtzen jarraitzen dugu bai Amiensen bai Iruñean eta munduan milaka lagunek izan du santuaren berri San Fermin jaien bidez.

AMIENSEKO LEGENDA

Legendak esaten du Firmus, Diocleciano eta Maximiano enperadoreen garaietan bizi izan zen senadore bat, herrialdeko gobernadore nagusia zela eta Fermin izeneko seme bat zuela. Halaxe dio San Ferminen legendaren inguruko lehenbiziko testuetako batean, Jacobo de Voragine idazleak 1264. urteko "Urrezko legenda" izenekoan.

Dirudienez, Firmusek bere semearen heziketa Honesto presbiteroaren esku utzi zuen, eta hark Tolosara bidali zuen Fermin ikasketak egitera, eta hango artzapezpikuari eskatu zion apaiz ordenatzeko fede kristaua predika zezan. Halaxe egin zuen eta Fermin, artean apezpiku, Iruñera itzuli zen ebanjelizatzera. Hemen izan zen 31 urtera arte eta ondoren Galietara joan zen. Hasieran Agen-en izan zen, geroago, Beauvais eskualdean eta azkenik, Amiensera iritsi zen, eta han, erromatarren jazarpena jasan ondoren, legendak dioenaren arabera, berrogei egunetan hiru mila lagun baino gehiago kristautu zituen. Badirudi agintari erromatarrei ez zitzaiela gustatu inolaz ere eta, detenitu eta kartzelan sartu ondoren, isilpean lepoa moztu ziotela irailaren 25ean -gaur egun haren martirioa ospatzen den eguna, alegia-.


Jacobo Vorágineren testuan jasotako legenda hau Goi Erdi Aroan sortu zen Picardiako hiriburua den Amiens izeneko herri frantziarrean, Parisetik 150 bat kilometrotara. Egun zehatzik ez badago ere, lehenbiziko datu historikoak IX. mendean kokatzen dira. Roldan Jimeno historiagileak kontatzen digun bezala, garai hartan "hiria kristautu behar zuen santua hautatzerakoan oso ohikoa izaten zen pertsonaia atzerritara aukeratzea, hiriari halako kutsu exotiko eta garrantzitsua eman nahian. Amiensen Fermin hautatu zuten era berean baskoia eta erromatarra zelako eta nahiko bitxia iruditu zitzaielako. Handik aurrera, belaunaldiz belaunaldi ekarpen berriekin denboran aldatuz joan den istorioa asmatu zuten".

Legenda XII. mende aldera iritsi zen estreinakoz Iruñera, orduko Iruñeko Pedro de París artzapezpikuak legendaren berri izan eta Iruñeko katedralaren altarean berak ekarritako erlikia jarri zenean. Denboraz Nafarroa osoan hedatu zen harenganako gurtzea. Iruñeko biztanleentzat oso bitxia izan zen santu bat eta gainera Iruñeko lehenbiziko artzapezpikua izandakoa aurkitzea eta Frantziako historiaren parte bat aldatu zuten, Nafarroako hiriburuaren ebanjelizazioa I. mendera aurreratuz, eta Amienseko legendarekin bat ez datorren datua emanez, zeren hark III. mendean kokatzen baitu. Nafarroako hainbat kronikagilek bertsio hori jaso zuten eta istorioa gero eta apainduagoa zen. Denboraren poderioz San Ferminganako kultua haziz joan zen bi herriotan, bakoitzean bere bitxikeriez. XVIII. mendean legendaren bertsio iruindarra agertzen zuten Miguel Joseph de Macedaren "Egiazko Aktak" ezagutarazi ziren. Geroago, testu hori Amiensera iritsi zenean, eztabaida handia sortu zen dataren inguruan, zeren Iruñeko tradizoak zioen San Fermin I. mendean bizi zela, eta Amiensekoak, aldiz, III.ean. Azkenik, bi istorioak liburu batean bateratzea erabaki zuten.

OINARRI HISTORIKORIK GABE

XX. mendean, 70 urtera aldera, José Goñi Gaztanbide Iruñeko katedraleko liburuzainak gaiaren inguruan ikertu ondoren, atera zuen ondorioa zen San Ferminen historia "legendario eta sineztezina" zela, ez zeukalako inolako oinarri historikorik. Geroago, J.M. Jimeno Jurío historiagileak ikerketa zorrotz eta serioa egin zuen haren inguruan eta susmo haiek baieztatu zituen. Eremu zientifikotik haratago joan ez zen eztabaida sortu zen orduan eta geroago beste ikerlari batzuek ere haiek esandakoa berretsi egin dute. Roldan Jimenok egin berri duen tesiak ere baieztapen horiek berresten ditu. "Beste batzuetan bezalaxe, oinarri historikorik gabeko legenda zela ikusten lagundu didan datuetako bat historia kokatzea izan da, Iruñean I. mendean eta Amiensen III. mendean. Iruñaren kasuan kristautasuna ez zen iritsi III. mendera arte eta Amiensen are beranduago gertatu zen. Horrez gain, XII. mendera arte, Iruñean ez dago santuaren inolako aipu argirik". Horri gehitzen badiogu San Ferminek ez zuela bere izenean ez elizarik ez baselizarik, teoria horrek indarra hartzen du. "Ez da inondik ere logikoa Iruñea bezalako hiri bateko artzapezpikuak ez izatea bere izenean ez elizarik ez baselizarik XVII. mendera arte. Iruñean haren izena duen lehen eliza Arrosadian eraiki zen joan den mendeko erdialdera, eta lehenbiziko baselizak XVII. mendekoak dira" dio Roldanek.

Eliza Katolikoak XVI. mendean Trentoko kontzilioan hainbat santuren bizitzak oinarri historikorik ez zuela baieztatzen zuen kritika hagiografikoa abian jarri bazuen ere, Elizak oraindik ez du adierazpenik egin santu nafarrari buruz. "Badira hainbat santu Eliza Katolikoak berak apokrifotzat eman dituena, esaterako, San Cristobal eta horrek ez du garrantzia handiegirik, baina beste batzuekin, tokietako santuak direnez gero, San Fermin bezala, bertako diozesiak hartu behar du horren inguruko erabakia. Horrez gain, jendearen erantzuna ere kontuan hartu beharko da".

Gaur egun, bai Iruñean, bai Amiensen San Ferminenganako kultuak ehundaka lagun erakartzen du eta Nafarroako hiriburuan haren ohorez egiten diren jaietara urtero mundu osoko milaka bisitari etorri ohi da, haren historia ezagutzen ez badute ere, Nafarroako patroiaren berri noizbait izan dutelako.

Suscríbete al boletín de noticias