Iturria: zenbait argitalpenetan diren Juan José Martinenaren testuak eta José Luis Molins udal artxibozainak Nafarroako Unibertsitateko "SAN FERMÍN: GURTZA, FESTA ETA ARKITEKTURA" zikloan emaniko hitzaldia.
San Fermin oso santu berezia da zeren eta, festetan zehar, bai harenganako jaieradunak bai ezertan sinesten ez dutenak joaten baitzaizkio mesedeak edo babes eske. XIV. mendetik zegoen San Fermini eskainiriko kapera bat. Gotikoa eta tamaina txikikoa zen. XVII. mendean, Udala, Iruñeko herritar anitz eta Nafarroako beste zenbait tokitako eta Ameriketako beste batzuk tenplu berri bat (egun ezagutzen duguna) eraikitzeko kostu ekonomikoan sartu ziren. Horregatik, Iruñeko eta Nafarroako jendeak ia beretzat jotzen ditu santua eta haren kapera eta hola transmititu da belaunaldiz belaunaldi.
San Fermin kapera San Lorentzo parrokiaren ondoan eraikita dago, Iruñeko Kale Nagusiaren bukaeran. Kaperara parrokiako atetik edo San Frantzisko karrikatik, nondik bi tenpluetara joan baitaiteke, sartu behar da.
San Fermin kapera 1696an hasi ziren eraikitzen eta 1717an bukatu zuten. Urte hartako uztailaren zazpian inauguratu zuten. Hasierako arkitektoa Santiago Raón izan zen eta haren proiektuari Juan de Alegríak eta Martín de Zaldúak eman zioten jarraipena, jatorrizko proiektuaren estilo barrokoari eutsiz. Kaperari buruzko anekdotarik garrantzitsuenetako bat da XVIII. mendean, Iruñeko Udalaren eta San Lorentzo obreriaren arteko zenbait auziren ondorioz, tenplu berri bat gaur egun Sarasate Pasealekua den tokian eraikitzeko posibilitatea planteatu zela. Iruñeko Udal Artxiboan inoiz egin ez zen obra horren plano eta zirriborroak gordetzen dira Juan Lorenzo Catalán sinaturik.
San Ferminen kaperan benetan gertatu zenari dagokionez, 1800.urtean premiazko konponketak egin zituzten Santos Ochandateguiren ardurapean eta egungo itxura neoklasikoa eman zioten Iruñeko Udalaren kontura. 1823an kaperaren kupulako linterna berreraiki behar izan zuten "San Luisen ehun mila semeek" Iruñea bonbardatu ondorengo eraispen eta sutearen ondoren.
San Fermin aldare bereizi batean dago babesturik kaperaren barnean. Jatorrizkoa 17 metro garai zen, baina beste batez ordeztu zuten 1819an. Egun ikus ditzakegun eskulturak eta erliebeak Anselmo Casanovak Pedro Onofreren proiektuaren arabera eginikoak dira. Beirateak Mayer-en obra dira eta Londresen egin zituen.