Gainera arrotz bat, aizu: Iruñeko gobernadore erromatarraren semea. Apez frantses batek, San Saturninok, -goitizenez San Zernin- honara bisitan etorri zen batean kaskoa berotu zion kristau kontu batzuekin: Jainkoa zela, Kristo zela etabar. Joan zen ba Toulouse aldera master bat egitera apezpikutzan eta Sanson bat eginda etorri zen herrira bueltan eta di-da batean apezpikutza lortu, bestela bezala. Baina hura ez izaki ba bulegozalea; laster aspertu zen Euskal Herri langilea bere siniskerietatik libratzeaz, Frantziara itzuli, produktua milaka kristauri saldu eta Amiens-en laketu zuen.
Liskarzalea, gizona: agintariekin muturka ibiltzen zen eta azkenerako fin txarra egin: torturatua eta lepo eginda. Zer edo zer eginen zuen, aizu. Haren gorputza Amiensen dago, baina puska asko dauzka munduan barreiatuak (erlikiak). Iruñean bertan hiru ditugu.
Egia esan, curriculum honekin inor gutxik esanen zuen bakanal baten patroi eginen zutenik. Halaxe da bizitza. Baina ez da dena parranda festa hauetan. Santuari prozesio eder bat egiten diogu bere onomastikan, eta berak, ordainez, dobladorearena egiten du entzierroetan: hauxe da deitzen duguna "San Ferminen kapattoa" famatua. Xehetasun bat: erromatar kontu hauek guztiak seguraski kondaira hutsa dira.