Biziraupeneko lasterketa
Entzierroa lasterraldi bat da bi-hiru minutuz Iruñeko hainbat gaztek (eta ez hain gaztek) zezenen aurrean laster egiten dute. Baina parte hartzen dutenak ez dira, batzuek uste dutenaren kontra, Iruñekoak soilik. Izan ere, geroz eta lasterkari hobeagoak daude Iruñetik kanpokoak. Normalean bizpahiru minutu irauten badu ere, batzutan askoz gehiago iraun dezake ustekaberik izaten bada. Lasterrak 800 bat metroko bidea egiten du eta partehartzeko ez da inon izenik eman behar: korrikatzeko gogorik izanez gero, ibilbideko tarteren batean sartu eta ahalik eta hobekien egitea da garrantzitsuena.
Entzierroaren prestaketak
Hasiera batean entzierroaren lasterketak arrazoi bakarra zuen: egunero kanpotik plazaraino zezenak ekarri beharra. Kamioirik ez izan orduan eta bistan dena, kalean barrena ekarri behar. Pixkanaka jendea zezenen aurrean laster egiten zaletu zen, emozioa eta arriskua probatzeagatik. Urteak joan urteak etorri, gero eta lasterkari gehiago biltzen joan ziren eta gaur ikuskizun izugarri jendetsua da.
Gauaren bukaera aldean, oholezko hesi doblea jartzen da entzierro bidearen alboetako kaleak ixteko. Kaleak hustu eta garbitu egiten dira, gaueko kondarrez zikinduta egoten baitira, eta polizia jendea kanporatzen hasten da.
Erran bezala bi hesi daude; haien artean debeku da ikuslerik egotea. Osasun langileak eta akreditazioak dituzten kazetariak soilik geldi daitezke hortxe. Barrenaldeko hesiak, gainera, erabat libre behar du inor behartzen baldin bada hartara salto egin ahal izateko. Azken langa bere tokian delarik, kale osoa pasabide bakarra bihurtu da, batere aterabiderik gabekoa. Parte hartu nahi dutenek bi ate dituzte entzierro bidean sartzeko: bat merkatuan eta bat Udal plazan.
Lasterketaren hasiera
Entzierroa hasi baino lehenxeago lasterkariek beren burua gomendatzen diote Santo Domingo hasieran dagoen santuaren irudiari. Santo Domingo Aldapako toki hau peñen zapiez apaindurik dago. Eta hiru aldiz abesten diote sainduari kantu hau: "A San Fermín pedimos, por ser nuestro patrón, nos guíe en el encierro dándonos su bendición".
Ondoren etxafero baten hotsa aditu da: zezenak ateratzen direla abisatzen du. Ondoretsuan beste bat: zezen GUZTIAK kalean direla esan nahi du.
Orduan hasten da benetan entzierroa: zezenak izugarri laster doaz, ezin segi ahala: ezin da zezen baten abaila denbora askoan berdindu (gogoan hartu hori, zein ere atleta handia zaren). Beraz gauza holatsu joaten da: zezenak iritsi baino lehen hasten da jendea lasterka, hasieran poliki eta gero arin demonio; hurbil dituzunean, haien aurrean iraun (hurbilago nahiz urrutiago, zenbateko arriskua nahi duzun), eta ondoren iskintxo eginda zezenen bidetik atera eta zure burua babestu paretaren kontra edo hesi batera salto eginda (hesirik badago).
Arrisku pasa denean
Zezenen aurrean laster egitea berez arriskutsua da (zezen bat, inork ez badaki ere, 600 kiloko piztia da, izugarrizko adar pare batez hornitua). Baina horrez gain entzierroak beste arrisku batzuk ditu: beste lasterkariak, milaka izaten baitira gaur zurekin batera parte hartzen dutenak. Erne ibili beraz ez estrapozo egiteko eta aldamenekoren batek ez lurrera botatzeko. Asteburuetan izaten da masifikaziorik handiena, orduan ia doble kanpotar etortzen baitira Iruñera. Entzierro bideko puska bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu: lasterkari asko toki jakin batean laketuta daude.
Zezenak pasa direnean, akabo da entzierroa zuretzat eta satisfazio handi bat sentituko duzu: oraindik bizirik egotekoa. Batzutan, ordea, zezen bat saldotik bereizi eta buelta emanda atzera etortzen da. Oso arriskutsua da, baina bakanetan gertatzen da. Ezeren problemarik ez badago, handik gutxira hirugarren etxaferoa adituko duzu (zezen guztiak plazan dira), eta laugarren bat zezen guztiak beren ukuiluan direnean; dena bukatu da. Lehenbiziko eta azken etxaferoen artean pare bat minutu baizik ez dira joaten, baina hango minutuak!
Beno, horra guk esan entzierro bat zer den. Orain, argihastera arte esna ailegatu bazara, aukera duzu: lotara joan, txoro bolara batek jo eta laster egin, edo toki bat eskuratzen saiatu, handik trankil asko ikusteko.