Ir a Kukuxumusu.com

Gutxiago geriatzen da ...

camisetas
  • © Jim Hollander

    © Jim Hollander

  • © Javier Sesma

    © Javier Sesma

Entzierroaren arriskua

bilakaera historikoa

Entzierroen historian begi bistako ezaugarria da gero eta arriskutsuagoak direla: zaurituen, hildakoen eta "pilaketak" bezalako gertaera larrien kopurua gero eta handiagoa da. Hesi bikoitza jartzen hasi zen arte ikusleendako ere arriskutsua izan zitekeen, nahiko arrunta izaten baitzen zezenen batek hesitik ihes egitea.

1910. urtera arte ez da entzierroetan heriotzarik ezagutu. Urte horretan Faltzesko gazte bat hil zen; giza pila batean harrapatuta gelditu eta handik hilabete batzuetara hil zen. Ordutik hamalau korrikalarik utzi dute bizitza galtzada-harrien gainean.

Entzierrorik negargarrienak dira 1947ko uztailaren 10ekoa, "Semillerok" entzierro berean bi lagun hil baitzituen, eta 1980ko uztailaren 13koa, beste zezen batek beste bi lagun hil zituelarik. Haietariko lehena ikaragarria izan zen, "Antioquiok" biktimari adarrak sartu eta udaletxetik Merkaderes karrikako sarreraraino arrastatu zuen eta. Bigarren biktima plazan hil zuen sabelean adarkada bat emanez.

Argi dago nonbait entzierroa gero eta ikuskizun masifikatuago eta ohitura herrikoi bihurtu ahala hasi direla heriotzarainoko istripuak gertatzen.

Zaurituak

Tamalez, zauritu kopurua ere goraka joan da azken urte hauetan. Ehunka kontatzen dira kaltetuak eta adarkada jasotakoak gero eta ugariagoak dira. Harrapaketak ere ikusgarriagoak direla esan genezake: ikusgarria izan zen behintzat Stephen Towsend estatubatuarrarena, zartaturik zeukan Osbornekoaren adarrei helduta, bizia salbatzeko borrokatu zena, 1984an; ikusgarria, halaber, Torly Urban gazte suediarrarena, 1991n, hesiari ahal zuen bezala eutsita zegoela, "Entrometidok" izterrean adarkatu zuen eta adarretik eskegita hamar segundo baino gehiagoz egon zen, giharrak eta zainak zarrastatuz, zezena pisu deseroso hartatik libratzeko borrokatzen ari zen bitartean.

Bi kasuetan, handik laster eramatea ezinbestekoa izan zitzaien bizitza salbatzeko.