Iruñean ibilbidea aldatu egin izan da historian zehar, lekualdaketaren komenigarritasun eta beharren arabera. Hasiera batean zezenek ez zuten oraingo ibilbidea egiten, baina ziur ez dakigun datan zezenak lortzeaz arduratzen ziren gremiokoak, harakinak, alegia, artzainei laguntzen hasi ziren zezenak eta joaldunak plazara bideratzeko lanean, eta horrexegatik gordetzen zieten beraiei Santo Domingo aldeko ibilbidearen zatia.
Denbora pasa ahala, entretenimendua jendarteratu zen eta korrika egiten zutenak animalien aurretik hasi ziren, eta ez atzetik, ordura arte bezala (entzierroko artzainek oraindik egiten jarraitzen duten bezalaxe). 1852. urtean, gaur egun dagoen lekuan zezen plaza finkoa eraiki zenean, entzierroaren ibilbideak Txapitela kaletik pasatzeari utzi zion eta gaur egungo ibilbidea finkatu zen.
Horrez gain, ibilbidea laburtu egin zen, 1899. urtetik zezenek Santo Domingoko ukuiluetan ematen zutelako gaua. Horregatik, aurreko egunaren iluntzean bertara eraman behar dira Gaseko eskortatik. Horrexeri deitzen zaio"entzierrilloa".