Informazio bilketa
- Datu historikoak: 1980tik 2005erako entzierroetako datu historikoak hemeroteketan bildu ziren (Diario de Navarra, Diario de Noticias, Navarra Hoy…), Nafarroako Gobernuko, SOS Nafarroako eta Gurutze Gorriko prentsa artxiboetan. Entzierro bakoitzean gertatutako ezbehar motei buruzko informazioa dute: datak, ganadutegiak, bide tarteak, kasu larrietako lasterkariaren adina... e.a. Datu horiekin arrisku faktoreetako batzuk ezagutu ahal izan dira, hala nola masifikazioa eta ganadutegia.
- Adituen iritzia: Galdetegia diseinu esperimental ortogonalei jarraiki burutu da, arrisku faktoreen eragina ezagutu eta kuantifikatzea xede, eta berrogeita hamar adituk baino gehiagok erantzun dute, horien artean lasterkariak, osasun-langileak, segurtasuneko eta hiritarrak babesteko profesionalak, zezenen zaleak... e.a. Alde batetik, arrisku faktoreen konparaketa lortu da, eta bestetik, hainbat eszenatoki edo egoeratako zenbakizko balioztapena.
Eredu estatistikoaren diseinua eta arriskuaren estimazioa
Galdetegiak emandako informazioa oinarri hartuta eta aldagai anitzeko estatistikaren berezko metodologiak erabilita, arrisku funtzioa diseinatu da. Horretan, entzierroko lasterketako arriskuan faktore bakoitzak duen eragina azaltzen da. Horretarako, funtzio logistikoak dituzten erregresio ereduak erabili dira, parametro guztien estimazio fidagarriak eman dituztenak. Eredua baliozkotu egin da eta, doikuntzari eta iragartzeko gaitasunari dagokienez, oso maila egokiak agertzen ditu.
Algoritmoaren programazioa
"Entzierrometroa"ren eredua Java lengoaian programatu da JDK 5.0 (J2SE 5.0) garapen kita erabiliz. Aplikazioa JApplet motaren hedapena da eta hizkuntzaren osagai estandarrak erabiltzen ditu Javako JREren (Java run time) bertsio berri bat duen edozein makinatan erabili ahal izateko.