Gauza bat badago zilegi dena eta agian debeku behar luketena: temoso jartzea. Jendea, egia, grazioso ere jartzen da sanferminetan, baina maiz asko oso pelma. Sanferminak bezalako egokierarik ez dago edonor ustekabean harrapatu eta nahi adinako talaka sartzeko, etxean jasaten ez dizutena. Graziaren eta umorearen aitzakian, besteak irentsi.
Beste zerbait ere zilegi da: zerrikerian aritzea ezin
gehiagoraino. Erabat zerrituta ere inork ez dizu muzinik
eginen eta lasai sartuko zara toki guztietara: sanferminetako
graziaren parte da hori.
Horrexegatik, aldamenekoa zikintzea ere zilegi da
neurri batean: orohar ez da haserrerik izaten batek
bestea zikindu duelako. Baina kontuz: horretaz eremu
laban xamarrean sartu gara: non eta noiz den. Jende-bilgune
handietan (txupinazoa, riau-riau, etab.) balkoietatik
ura bota, xanpanetan eta bestelakoetan ito, eta denetarik
eginen dizute, eta zezenetan are okerrago. Tabernetan
ere oso ohikoa da gau guztian zehar denetariko hondakinak
erortzea zure gainera. Baina, adibidez, norbaitengana
hurreratu eta pinta bat garagardoa botatzen badiozu
gainetik besterik gabe edo barregure handia ematen
dizulako, hori, berriz, oso eztabaidagarria da: baliteke
boxeadore musuarekin bueltatzea etxera.
Aldamenekoa bultzatzea era libre da, abreki bada ere:
jaiaren parte handi batek hori du mamia. Baina hor
ere marra bat bada ezin pasatuzkoa: tokiz toki mandoa
baino zakarrago joaten bazara mundu guztiaren gainean
eroriaz eta oina non jartzen duzun begiratu gabe,
oso planttakoa iruditzen zaizulako eta oso sanfermineroa,
arriskua duzu bi ostia hartuta etxeratzeko, ongi mereziak.
Gainerakoan, sanferminak oso jai aproposak dira ahobero
eta ahohandientzat: zintzurra urratu, deiadarka ibili,
kristoren kalapita antolatu, kalean lo egin, kakatan
irauli eta antzeko guztiak libre dira erabat, ongi
ikusiak ere bai, ez baduzu aldamenekoa izorratzen
gogo gaiztoz eta graziarik gabe. Batez ere graziarik
gabe.
Grazia baldin badu, egia esan, ia edozein gauza libre
da.